Johann Gottlieb Fichte

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Johann Gottlieb Fichte

Johann Gottlieb Fichte (alemanez ˈjoːhan ˈɡɔtliːp ˈfɪçtə ahoskatua; Rammenau, 1762ko maiatzaren 19aBerlin, 1814ko urtarrilaren 27a) alemaniar filosofoa izan zen. Abertzalea izan zen politikan, eta idealista filosofian. Pfortan egin zituen ikasketak (1774-1780), eta geroago Jenako (1780) eta Leipzigeko (1781-1784) unibertsitateetan. Kantek eragin handia izan zuen beregan. Fichtek Versuch einer Kritik aller Offenbarung (Errebelatze ororentzat kritika-saioa) idatzi zuen, eta Kanti bidali zion; hark ongi hartu zuen, eta argitaratzeko laguntza eskaini zion. 1792an kaleratu zen, baina Fichteren izenik gabe. Irakurleek Kantena zela uste izan zuten, eta Kantek gertatua argitu zuenean, Fichtek harrera ona izan zuen. Versuch liburuan, Fichtek lege morala aztertu zuen, eta lege horren jainkozko izaera. 1793an, bere izenik jarri gabe, Bertrag zur Berichtigung der Urteile des Publikuns über die französiche Revolution (Frantziako Iraultzaren arrazoiaz emandako iritzi publikoak hobeto azaltzeko ahalegina) lan politikoa argitaratu zuen. 1793tik 1806ra bi aro izan zituen: lehenengoan, batez ere, etika aztertu zuen, eta bigarrenean, mistika eta teologia. 1800. urtean Die Bestimmung des Menschen (Gizonaren bokazioa) argitaratu zuen, eta idealismoaren ezaugarriak azaldu zituen bertan: norbanakoaren egoa zela esperientziaren iturria, eta ego absolutua edo nahi morala gauza guztien iturria zela zioen. Eragin handia izan zuen F. Schelling eta G.W. Hegelengan. Politikan egin zituen lanengatik ere ezaguna izan zen: 1808an abertzale liberalen buruzagi izan zen, eta 1848an iraultzako heroia. Fichteren beste zenbait lan: Die Grundzüge des gegenwärtigen Zeitalters (1806, Gaurko garaiko ezaugarriak), Die Anweisung zum seligen Leben, oder auch die Religionslehre (1806, Bizitza santuko bidea), Nachgelassene Werke (1807, Hil ondorengo lanak), Reden an die deutsche Nation (1922, Nazio germaniarrerako helbideak).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Johann Gottlieb Fichte