Johann Joachim Winckelmann
Johann Joachim Winckelmann (Stendal, Prusiako Erresuma, 1717ko abenduaren 9a - Trieste, Italia, 1768ko ekainaren 8a) alemaniar arkeologoa eta historialaria izan zen.
Teologiako eta medikuntzako ikasketak egin ondoren Heinrich von Bünau kondearen bibliotekari egin zen eta garai hartan hasi zen antzinateko arteari buruzko ikerketak egiten. Grezia eta Erromako kulturaz arduratuta, Italiara abiatu zen 1755. urtean eta urte berean Gedanken über die Nachahmung der griechischen Werke in der Malerei und Bildhauerkunst (Greziako pintura eta eskultura obren imitazioari buruzko hausnarketa) saiakera idatzi zuen, Greziako artea goresten zuen lana.
Archinto kardinalaren zerbitzuan jarri zen Erroman eta Vatikanoko bibliotekari izendatu zuten. Arte klasikoari buruzko bilduma oparoenetako baten jabe zen Albani kardinalaren idazkari eta antzinateko tresneriaren ikuskatzaile nagusi izan zen. Italiako arkeologia gune garrantzitsuenetan izan zen (Napoli, Ponpeia, Herculano) eta sarrera izan zuen, halaber, Erromako arte altxor garrantzitsuenak aztertzeko. Datu eta berri ugari jaso ahal izan zituen, eta beste obra batzuen artean Geschichte der Kunst des Altertums (1764, Antzinateko artearen historia) bilduman argitaratu zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.