John Arrillaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
John Arrillaga
Bizitza
JaiotzaKalifornia, 1937
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaPortola Valley (Kalifornia)
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaPortola Valley (Kalifornia)2022ko urtarrilaren 24a (84/85 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaStanford Unibertsitatea
Q99337838 Itzuli
Jarduerak
Jarduerakenpresaburua eta saskibaloi jokalaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak Pos Zbk
Stanford Cardinal men's basketball (en) Itzuli1957-1960
Club Águilas de Bilbao1960-1961
 

John Arrillaga (Inglewood, Kalifornia, 1937ko apirilaren 3a - Portola Valley, Kalifornia, 2022ko urtarrilaren 24a) Ameriketako Estatu Batuetako euskal jatorriko enpresaburua izan zen, Silicon Valleyko lur-jaberik nagusietariko bat[1].

Stanford Unibertsitatean ikasi zuen eta baita bertoko saskibaloi taldean aritu ere. Unibertsitate horrekin oso lotuta ibili zen eta diru-dohaintza handiak egin zizkion tarteka. Euskal jatorrikoa izanik, 2007an Stanforden euskal gaiak ikasteko programa bultzatu zuen[2]. Kanpuseko eraikin batek, The Frances C. Arrillaga Alumni Center, Johnen 1. emaztearen izena darama. John eta Francesen alaba, Laura Arrillaga-Andreessen, oso lotua dago halaber Stanford Unibertsitatearekin eta hango kanpusean ezkondu zen Marc Andreessen ekintzailearekin 2006an.

1960ko hamarkadan, Richard Peery kidearekin batera, 1,1 milioi m2 baino gehiago erosi zituen, Kaliforniako San Jose eta San Frantzisko hirien arteko lurretan, teknologiarekin lotutako enpresak haz zitezkeelako esperantzarekin. Erabaki ona izan zen, eta ingurune hartan egindako inbertsioen ondorioz, eremu asko urbanizatu eta enpresa-kanpus, industrialde eta merkataritza-gune gisa garatu izan dira harrezkero Arrillaga eta Peeryren jabetzako lurretan. Ingurunea Silicon Valley izenarekin ezaguna egin bitartean, dirutza handia egin zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «The World's Billionaires: #719 John Arrillaga» Forbes 2012ko martxoa.
  2. «Basque Studies Debut» Stanford Magazine 2007ko martxo/apiril.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biografia
Kalifornia
Artikulu hau Kaliforniako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.