John Gielgud
John Gielgud, jaiotza-izenez Arthur John (Londres, Ingalaterra, 1904ko apirilaren 14a - Londres, 2000ko maiatzaren 21a) britainiar antzezle, zinema-zuzendari eta produktorea izan zen.
Biografia [aldatu]
Westminster Schoolen eta Royal Academy of Dramatic Art eskoletan egin zituen ikasketak, eta 1921. urtean egin zuen debuta antzerkian, Old Vic konpainian. Zineman, Who is the man? (1924) filmarekin egin zuen debuta, baina antzerki-lanetako antzezle eta zuzendari gisa jardun zuen batez ere. Antzerkian erakutsitako maisutasunari esker zinemako hainbat lan egin zituen, besteak beste, zinemara egokituriko Shakespeareren zenbait obraren interpretazioa.
Alfred Hitchcock zuzendariaren "Agente sekretua" (1936) filmean antzeztu zuen zinemako lehengo paper garrantzitsua, eta harrezkero egindako filmetan aipagarriak dira ondoko hauek: "Lehen Ministroa" (1941), "Julio Zesar" (1953), "Rikardo III.a" (1955), "Becket" (1964), "Kanpai hotsak gauerdian" (1966), "Orient Expresseko hilketa" (1974), "Probidentzia" (1977), "Orkestra zuzendaria" (1980), "Chariots of Fire" (1981), "Arthur, urrezko mutilzaharra" (1981, Bigarren mailako antzezlearen Oscar saria), "Distira ilunbean" (1991).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.