John Henry Coates

Wikipedia, Entziklopedia askea
John H. Coates

John Henry Coates (Possum Brush, Hego Gales Berria, Australia, 1945eko urtarrilaren 26a) australiar matematikaria da. Australiako Unibertsitate Nazionalean egin zituen lehenengo ikasketak; gero Parisko École Normale Superieurean jarraitu zituen. Doktoregoa Cambridgeko Trinity Collegen egin zuen. Ikasketak bukatuta, irakasle-laguntzaile postu bat lortu zuen Harvardeko Unibertsitatean (1969). 1972an Standfordera joan zen, eta han irakasle-laguntzaile aritu zen Cambridgera itzuli zen arte (1975). 1977an Australiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle hautatu zuten; hala ere, urtebete geroago Frantziara itzuli zen. 1985ean Parisko École Normale Superieureko matematikako zuzendari eta irakasle hautatu zuten. Urte berean, Londresko Errege Elkarteko kide izendatu zuten. Emmanuel Collegeko kide izateaz gainera, Cambridgeko Matematikako Sadleiriar katedra ere lortu zuen. 1991n Cambridgeko Matematika Huts eta Estatistika Matematikako saileko zuzendari izendatu zuten. Coatesek ekarpenik garrantzitsuenak 1966-1967 bitartean egin zituen, funtzioen hurbilketa aljebraikoari buruz lau artikulu argitaratu baitzituen urte horietan, oso garrantzitsuak. Mahlerren zenbaki arrazionalei buruzko lanaren jarraipena (Alan Bakerrekin batera) eta K-teoriaren ikerketa ere egin zituen. Gainera, Weil-en aieruaren kasu berezi batzuk frogatu zituen, eta Iwasawaren teoria landu ondoren zenbait artikulu idatzi zituen Andrew Wilesekin batera (1977-1978). Coatesen ikasle izan zen Wiles matematikariak Fermaten Azken Teorema frogatzea lortu zuen. 1988-1990 bitartean Coates Londresko Elkarte Matematikoko buru izan zen; elkarte horren eskutik Senior Whitehead saria jaso zuen 1997an.

Erreferentziak