John Lennon

Wikipedia, Entziklopedia askea
John Lennon
John Lennon
Datu pertsonalak
Izen osoa John Winston Lennon
Jaio 1940ko urriaren 9a
Liverpool (Ingalaterra)
Hil 1980ko abenduaren 8a
New York (Estatu Batuak)

John Winston Lennon (Liverpool, Ingalaterra, 1940ko urriaren 9a - New York, Estatu Batuak, 1980ko abenduaren 8a) Beatles taldeko kantaria eta abesti askoren konpositorea izan zen. The Beatles taldearen sortzaile eta partaide izan zen. Gitarra jotzen zuen eta taldeko kanta gehienak ondu zituen, Paul McCartney-rekin batera. XX. mendeko kantu ezagunenen sortzailea izan zen.

Bizitza

Bigarren Mundu Gerran jaioa, Alfred Lennon eta Julia Stanley gurasoengandik. Aita itsasgizona izanik, asko bidaiatzen zuen: hori zela eta, ama bakarrik sentitzen zen eta, horren ondorioz, banatu egin ziren: John Lennonek 4 urte zituela, amak izeba Mimi Stanley eta osaba George-rekin utzi zuen. Geroago, Arte Ederren eskolan, Cynthia Powell lehen emaztea izan zuena ezagutu zuen.

Beatles taldea osatu aurretik, beste talde batean aritu zen, The Quarrymen (halaber, The Quarry Men idatzia), Johnny and the Moondogs eta The Silver Beetles izenak hartu zituena. 1956. urtean, eliza batean jotzen ari zenean, Paul McCartney ezagutu zuen. Haiekin jotzera gonbidatu zuen, gitarra jotzen eta afinatzen zekielako. Aurrerago, George Harrison sartu zen taldean, McCartney eta Pete Best-i esker. Pete Bestek sarritan taldea alde batera uzten zuenez, taldekideek Ringo Starr-i eskatzen zioten haren postua ordezka zezan.

Ama polizia mozkor batek autoaz harrapatuta hil zen. Horrek semeari sekula gainditu ez zuen trauma eragin zion, Julia edo Mother bezalako kantak lekuko, 1970. urtean grabatuak

1962. urtean, laukotearen arrakasta hasi zen Love Me Do kantuarekin, eta 1963.an, beren lehen disko luzea kaleratu zuten, Please Please Me. Urte berean, With The Beatles diskoaz merkatu estatubatuarra irabazi zuten, eta abuztuaren 23an, Cynthia Powell-ekin ezkondu zen: bikoteak seme bat izan zuen, Julian, 1963ko apirilaren 8an jaioa.

Lennon beti izan zen taldeko errebeldea, intelektuala; 1966. urtean kazetariei esaldi hau esan zien: "The Beatles Jesukristo baino ezagunagoak dira". Iskanbila handia sortu ondoren, hau adierazi zuen: "Ez nuen esan The Beatles Jesukristo baino hobeak direnik, ezagunagoak baizik, telebista edo beste edozer izan daitekeen moduan". Gaizki ulertua izan zela azaldu zuen.

Haren kantuak oso aitortza handikoak izan ziren, Help! ezagunaren moduan (laguntza-oihu bat zen) zein You've Got to Hide Your Love Away folk balada, Bob Dylanen eragin handiaz. Gero, hainbat saiakuntza egiten hasi zen, Lucy in the Sky with Diamonds-ekin adibidez, seme Juliani egindako marrazki batean oinarrituta. Halaber, Being for the Benefit of Mr. Kite! eta A day in the Life: kantu horien hitzak XIX. mende bukaerako zirko baten karteletik eta egunkari bateko albistetik ateratakoak dira, hurrenez hurren.

1966. urtean, museo batean, Yoko Ono artista japoniara ezagutu zuen eta Cynthia Powell-ekin banandutakoan, harekin ezkondu. Yoko Onok musikatik harago ikertzera eraman zuen. Beatlesen jarraitzaile askok taldea banatzearen errua emazte berriari botatzen zioten: bikotea denbora guztian elkarrekin egoten zen eta beste taldekideei ez zitzaien gustatzen.

Urte horretan, hilabete eta erdiz, Almerian (Espainia) bizi izan zen. Bertan, Richard Lesterren How I Won The War filma grabatu zuen. Han bizi izan zen denboran, Strawberry Fields Forever kantua ondu zuen.

1970. urtean, The Beatles taldearen banaketaren ondoren, Lennon bere bakarkako lana hasi zuen, kantu klasikoz beteta. Lennon eta McCartney-ren arteko lehia laukotea banatutakoan hasi zela agerikoa da Lennonen kantuetan.

McCartney-ren aurkako norgehiagoka Imagine kantuan ere azaldu zuen, bere argazki bat jartzean, txerri bati eusten ziola. McCartney-k era berean erantzun zion bere Ram diskoko azalean, argazkian ahari bati adarretatik eusten ziola ageri baitzen.

Lennonen joera politikoa oso bistakoa zen Beatlesen garaian, baina asko nabarmendu zen Power to The People moduko kantuez. 1971. Imagine kantua haren ezagunena bilakatu zen: askoren ustez, ereserki bat. Urte horietan, Londresetik alde egin eta New Yorken bizitzea erabaki zuen. Estatu Batuetarako bisa tramitatzeko arazoak izan zituen: azkenean, Estatu Batuetan geratzeko baimena lortu zuen eta bertan bakearen aldeko kanpaina hasi zuen, kontzertu eta manifestaldien bidez.

Hurrengo diskoetan, kalitatea mantendu zuen, kantu onekin eta batzuetan Yoko Ono eta lagun batzuen laguntzaz (George Harrison, Billy Preston, Harry Nilsson, Elton John eta David Bowie). Laukotea banatu zenetik, Woman kantua bakarri iritsi zen lehenengo postura baina, hala ere, beti izan zen The Beatleseko jeinu, jendearen iritziz.

1975.ean, bikoteak seme bat izan zuen, aurretik hilaurra izan ondoren: Sean Taro Ono Lennon. Ama negozioez arduratu zen eta aita, haurraz une orotan, bere karrera musikala alde batera utzita. Musika lanera itzuli zenean, bost urte eta gero, elkarrizketa batean esan zuen gitarra paretan eskegita izan zuela, baina ez zen egia: urte horiek ez ziren alferrikakoak izan, kantuak egiten eta etxean grabatzen segitu baitzuen.

1980. urtean, Double Fantasy diska kaleratu zuen eta geroxeago, Milk and Honey izenekoa grabatu, aurrekoaren arrakasta ikusita.

Hilketa

Sakontzeko, irakurri: «John Lennonen hilketa»

1980ko abenduaren 8ko goizean, Yoko Onorekin kantu batzuk grabatzen bukatutakoan, Mark David Chapman jarraitzaile eroak errebolber batekin tirokatu eta hil zuen: Dakota eraikinaren aurrean, sinadura bat eskatu ondoren, sei bala bota zizkion eta haietako lauk jo zuten.

Diskografia ofiziala

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Lennon Aldatu lotura Wikidatan