John Lennonen hilketa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dakota eraikina, John Lennonen hilketa gertatu zen lekua.

John Lennonen hilketa 1980ko abenduaren 8an gertatu zen. Mark David Chapmanek 4 tiro eman zizkion Dakota eraikineko sarreran. Lennon Record Plant Studiotik zetorren etxera, bere emaztea Yoko Onorekin batera.

John Lennon britainiar rock musikari ospetsua zen, The Beatles talde arrakastatsuaren sortzaileetako bat. Ondoren, bakarlari izan zen eta gerraren aurkako ekintzaile sutsua zen, era berean.

St. Luke's-Roosevelt Hospital Center ospitalera iritsi bezain pronto, heriotza egiaztatu zuten, zauri larri haien ondorioz, odolustu egin baitzen. Berehala bete ziren inguruak jendez eta The Dakotari ere gauza bera gertatu zitzaion.

1980ko abenduaren 10ean, erraustu zuten New Yorkeko Hartsdaleko Ferncliff hilerrian. Omenaldi ugari izan ziren ondoren, baina Yokok hiletarik ez egitea erabaki zuen.

Hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko abenduaren 8ko goizean, Annie Leibovitz argazkilaria Lennon eta Onoren etxera joan zen, Rolling Stone aldizkarirako argazkiak egiteko asmoz. Bikotearen argazki bat izango zen aldizkari horren azala, baina John bakarrik agertzen zen argazkia ere atera nahi izan zuen, behar bada, artista bakarrik ateratzea erabaki zitekeelako. Lennon ez zen ados egon ideia horrekin eta horrelaxe alde egin zuen Leibovitzek etxetik esandako argazkiak hartu ondoren.

Argazki saioa eta gero, Johnek azken elkarrizketa eskaini zuen. Dave Sholin San Franciscoko DJrentzat izan zen RKO Radio Networkeko musika programa baterako.

Egun beltz hartako arratsaldeko bostetan, John Lennon eta Yoko Ono etxetik atera ziren Record Plant Studiora joan behar zutela-eta, bien artean egiten zuten Walking on Thin Ice abestiaren pista nahasteko asmoz. Normala izaten zen fanatikoak Doakota eraikinaren ateetan pilatzea, Lennon ikusteko itxaropenez. Bikotea limusinaren bila etxetik atera bezain pronto, jendetza hurbildu zitzaien autografo eske. Inguratu zenetako bat Mark David Chapman zen Honolulutik etorritako (Hawaii) 25 urteko ospitaleko langilea.

Azaroan, jada, New Yorken izanda zegoen Chapman Lennon hiltzeko asmoz, baina iritziz aldatu zen azken unean eta ezer egin gabe itzuli zen etxera. Double Fantasyren ale bat eskaini zion Johni eta honek sinatu egin zion. Hori da dena? galdetu zion artistak eta Chapmanek baietz esan zion. Paul Goresh argazkilariak une haren argazkia egin zuen.

Lennondarrak ordu batzuk eman zituzten Record Plant estudioan eta ez ziren 22:50ak arte itzuli. Johnek ez zuen kanpoan afaltzerik nahi izan, 5 urteko semea Sean oheratu baino lehen etxeratu nahi zuelako. Gainera, gustuko izaten zuen Dakota eraikina atarian pilatzen ziren zaletuak ikustea eta agurtzea.

José Perdomo, Dakota eraikineko atezainak, eta taxi gidari batek Chapman ikusteko aukera izan zuten, arku baten itzalean geldi. Yoko aurrean zihoan eta, Lennon parera iritsi zenean, Chapmanek tiro egin zion 5 aldiz. Chapmanek ez omen du ezer gogoratzen. Tiroetako batek huts egin zuen eta Dakota eraikinaren leiho batean jo zuen Johnen buru gainetik pasa ondoren, baina beste bi zuzen-zuzen joan zitzaizkion bizkarrera eta azkenekoak sorbaldara. 4 bala haiek larri zauritu zuten eta bat aortara iritsi zitzaion. Bost bat eskailera igo zituen eta Tiro egin didate esan zuen, ziplo erori aurretik.

Kanpoan, José Perdomo atezainak pistola kendu zion Chapmani. Hiltzailea, berokia eta burukoa kendu eta, poliziaren zain geratu zen espaloian eserita. Perdomok ea bazekien zer egin zuen galdetu zion oihuka eta Chapmanek baietz esan zion, John Lennoni egin ziola tiro.

Steve Spiro eta Peter Cullen izan ziren iritsiko ziren lehen poliziak. Chapman lasai-lasai aurkitu zuten espaloian eserita. Pistolarik ez eta J.D. Salingerren The Catcher in the Rye liburua zuen eskuetan. Mezua zuen idatzita liburu tartean:

« To Holden Caulfield. From Holden Caulfield. This is my statement  »

(Holden Cauldfieldentzat. Holden Caulfielden partez. Hau da nire adierazpena)


Bere bizitza propioa liburuaren protagonista zen Holden Caulfieldenaren erreflexua zela esango zuen gerora.

Berehala etorri zen polizia gehiago. Bill Gamble eta James Moran etorri eta Lennon kotxean hartu eta Roosevelt ospitalera eraman zuten. Bidean, John konorterik gabe geratu zen. Stephan Lynn doktoreak hartu zuen larrialdietan eta zetorrena pultsurik gabe zegoela ikusi zuen; ez zuen arnasarik hartzen. 20 bat minutuz, saiatu ziren bihotza itzartzen, baina alferrik. Odolustu egin zen eta, 23:15ean, heriotza izan zen.

Ono ezin sinetsirik geratu zen eta shock egoeran zegoen Roosevelt ospitalean. Hurrengo egunean, zera esan zuen:

« Ez diogu Johni hiletarik egingo. Johnek gizateria maitatu eta harengandik errezo egin zuen. Egin ezazue gauza bera Johnengandik. Yoko eta Sean  »

Oihartzunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Strawberry Fields Memoriala
10. urteurrena Strawberry Fields Memorialean

John Lennonen hilotza Westchesterreko Ferncliff Cemeteryn erraustu zuten eta, Yokok esan bezala, ez zen hiletarik izan. Alargunak mezua iritsarazi zuen Dakota eraikin atarian kantari zegoen jendetzari, haien abestiekin esna egon zela esanez eta, nahi izanez gero, hurrengo egunean Central Parken egingo zen otoitz isilera gonbidatuz.

1980ko abenduaren 14an, milioika pertsona izan zen mundu osoan Lennonen ohorez Onok eskatu zuen 10 minutuko isilunea mantendu zuena; 30.000 Liverpoolen, 225.000 New Yorkeko Central Parken... Pare bat pertsonek bere buruaz beste egin zuten, miretsitako artista hil zutela-eta, eta Yoko Onok patxada eskatu zion desesperatuta zirudien jarraitzaile orori.

1981ean, Yokok bakarkako albuma argitaratuko zuen, Season of Glass. Azalean, John Lennonen odolez zipriztindutako betaurrekoen argazkia jarri zuten. 1997an, berriro atera zuten albuma, oraingoan Walking on Thin Ice abestia erantsiz, John eta Yokok Record Planten grabatu zuten azken abesti hura.

1981eko ekainean, Chapmanek, abokatuek besterik aholkatzen bazioten ere, Lennonen heriotzaren errudun zela aitortu zuen. Betirako kartzela zigorra eman zioten, baina 2000rako, 20 urte espetxean egon eta gero, baldintzapeko askatasunerako ateetan zegoen. Ukatu egin zioten askatasun hura eta, bi urtez behin berriro eskatzen badu ere, Atticako kartzelan jarraitzen du.

1980ko abenduaren 8an Annie Leibovitzek hartutako argazkia Rolling Stone aldizkariaren azala izan zen 1981eko urtarrileko 22an. Bilutsik zegoen Johnek Yoko besarkatzen zuen bere bizitzako azken eguna izango zen hartan. Artikulu, gutun eta argazki ugarik osatu zuten ale berezi hura, Lennonen bizitza eta heriotzaren omenez.

2005ean, American Society of Magazine Editorsen iritzian, azken 40 urteetako aldizkari azal arrakastatsuenetako bat izan zen hura.

Memorialak eta tributuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liverpooleko John Lennon aireportua
Yoko Ono 2005ean, Strawberry Fields Memorialera loreak eramaten
Sean Lennon 2009an

Asko dira munduan Lennonen omenez egindako tributuak.

  • New Yorkeko Strawberry Fields aipatu behar dugu lehenengo, The Dakota eraikinaren kalea gurutzatu eta Central Parken dagoen lorategia. Yokok milioi bat dolar emango zituen gero haren mantenurako. Hantxe biltzen dira Lennonen urtemugan edo heriotzaren urteurrenetan eta irailaren 11n edo Harrisonen heriotzan ere bai.
  • Elton John eta Lennonek Whatever Gets You thru the Night grabatuta zuten eta Elton Bernie Taupinekin elkartu zen Johni tributua eskaintzeko: Empty Garden (Hey Hey Johnny). 1982an atera zuen Jump Up! albumean eta 13. postuan izan zen urteko estatubatuar singleetan. 1982ko abuztuan, Eltonek Madison Square Gardenen abesten zuenean, Yoko Ono eta Sean Lennon ere batu zitzaizkion kantura, zirrara itzela sortaraziz.
  • 1991n, Grammy Saria lortu zuen bizitza osoko lanaren izenean.
  • 1994an, Abkhaziako errepublikak 2 zigilu egin zituen Lennon eta Groucho Marxen irudiekin, lehenaldian izan zuten kominismoaren paradia eginez. Garai hartan, zigiluetan Karl Marx eta Vladimir Lenin aterako ziren nahitaez.
  • 2000ko abenduaren 8an, Fidel Castrok, Kubako presidenteak, Lennonen brontzezko estatua bat inaguratu zuen Habanan.
  • Urte berean, Japoniako Saitaman, Saitama Super Arenan, John Lennonen Museoa eraiki zuten.
  • Liverpoolen izena aldatu zioten aireportuari eta Liverpool John Lennon Airport izan zenhandik aurrera, Above us only sky lemapean.
  • 2005eko abenduaren 8an, Johnen heriotzaren 25. urteurrena zen eta ospakizun ugari egin zen Londres, New York, Cleveland eta Seattlen.
  • 1983ko urtarrilaren 12an, B. A. Skiffek aurkitu zuen asteroideari Asteroide 4147 Lennon izena jarri zioten.
  • 2007ko urriaren 9an, Onok memorial berria eraiki zuen, Imagine Peace Tower, Islandia aurrean dagoen Viðey uhartean.
  • Urtero, urriaren 9a eta abenduaren 8 artean, potentzia handiko izpi bertikala pizten da zerurantz.
  • Urtero, abenduaren 8an, Kalifornian, Hollywoodeko Capitol Records eraikuntza aurrean, omenaldia egiten zaio desagertutako musikariari. Jende ugari etorri ohi da eta kandelak piztu Lennonen izarraren parean.
  • 2007ko irailaren 28 eta 30 artean, John Lennon Northern Lights Festival izan zen Durnessen. Lennonen arreba den Julia Baird eta Stanley Parkes lehengusua ere izan ziren han, Erresuma Batuko musikari, margolari eta poetekin batera.
  • 2009an, New Yorkeko Rock and Roll Hall of Fame museoak John Lennoni buruzko erakusketa berezia antolatu zuen. Johnen gauza asko zegoen han eta hilketa egunean zeraman jantziak ere bertan ziren, Roosevelt ospitaleko paperezko poltsa arre haren barnean.
  • Yoko urtero joan ohi da Johnek The Dakotan zuen logelako leihoan kandela jartzera.
  • The Killing of John Lennon 2007ko abenduaren 7an estreinatu zuten, hilketaren 27. urteurrenaren bezperan. Zuzendaria Andrew Piddington izan zen eta Jonas Ballek egin zuen Mark David Chapmanen papera.
  • 2008ko martxoaren 28an, Chapter 27 estreinatu zuten. Zuzendaria J. P. Schaefer izan zen eta Chapmanen papera Jared Letok egin zuen. Ironiaz, Lennonen papera Mark Chapman izeneko aktore batek egin zuen. Jared Leto eta Lindsay Lohan aktoreek ez zuten pelikulari izen ona ekartzerik lortu.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 40°46′35″N 73°58′34″W / 40.776436°N 73.976006°W / 40.776436; -73.976006