Jolasaldi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jolas-ordu» orritik birbideratua)
Haurrak eskolako jolasaldian.

Jolasaldia edo jolas ordua ikasleek ikasteko jarduera utzi eta jolaserako eskolan bertan hartzen duten atsedenaldia da. Pedagogoek garrantzi handia ematen diote jolasari eta ildo horretatik ez da gutxietsi behar jolasaldiak duen garrantzia, ikasleak jolastu eta beste ikasleekin harremanetan jartzeko. Jolasaldia lehen eta bigarren hezkuntzan egiten da, batez ere. Haur hezkuntzan, berriz, hezkuntza-denboraren antolaketa ez da hain zorrotza eta maizago jolasten dira, adin horietan jolasak duen garrantzi nabarmena dela eta. Unibertsitate eta goi mailako ikasketetan ez da jolasordurik izaten eta eskola batetik bestera 10-15 minutuko atsedenaldiak izaten dira.

Jolasaldiaren iraupena aldakorra ikastetxe batetik bestera baina 15 minututik 30 minutura bitartekoa eta goizaren erdialdean izaten da, ikastetxe bertako jolastoki eta kirol instalakuntzetan. Sarri, txirrin batez iragartzen da jolasaldiaren hasiera eta bukaera. Erregela orokor moduan, debekaturik dago haurrak eta gazteak jolastokian zehar ikastetxetik ateratzea, eskola denboran eskolako langileak baitira haur eta gazteak zaintzearen ardura dutenak. Aldi berean, jolasaldian gerta daitezkeen istripu edo ez usteak direla eta, ohikoa da jolasaldian zehar begirale bat izatea haur eta gazteen zelatan.

Denetariko jolas eta kiroletan aritzen dira haurrak jolasaldian, batzuetan irakasleekin batera: kirol, jolas zein berriketan izan daitezke. Ikasleak elkarrekin jolasteaz gainera, ikasleek hamaiketakoa hartzeko aprobetxatzen dute. Orobat, ohikoa da jolasordua kentzea zigor moduan erabiltzea, ikasle batek behar bezala lan egin ez edota eskoletan jokabide desegokia izan badu, batzuek jolasaldia beste edozein eskola edo klase bezain garrantzitsutzat jotzen badute ere.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]