Jon Mirande

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau euskal idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Miranda».
Jon Mirande
Datu pertsonalak
Izen osoa Jon Mirande Ayphasorho[1]
Ezizena Jon Chaho[2]
Jaio 1925eko azaroaren 10a
Paris (Frantzia Frantzia)
Hil 1972ko abenduaren 28a
Paris (Frantzia Frantzia)

Jon Mirande Aiphasorho[3] (Paris, 1925eko azaroaren 10 - Paris, 1972ko abenduaren 28) euskal idazlea izan zen, XX. mendeko olerkari esanguratsuenetakoa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisera lanera joandako zuberotarren semea zen; ama Marie Aipharsoro Sohüta Xarokoa eta aita Jean Mirande Garindainekoa. 1923an jaiotako arreba bat zuen.

Batxilergoa ikasi eta gero, 1944an Frantziako Finantza Ministerioan hasi zen itzultzaile lanetan, eta ogibide bera bizitza osoan mantendu eta gorrotatuko zuen. Ez zuen inoiz lanpostuan gora igotzeko asmorik azaldu eta bere aisia literaturari eta bidaiatzeari eskaintzen zion.

Gurasoek Parisera ailegatu zirenean apenas zekiten frantsesez; Mirandek ordea, ez zuen euskara ama-hizkuntza moduan ikasi. Hogei urterekin hartu zuen euskaraz ikasteko erabakia, eta harez geroztik gurasoekin beti zubereraz mintzatu zen; euskalki gehienak landu zituen eta batuaren defendatzailea izan zen, sortu baino lehenago. Bere lehen idazlana 1948koa da, Gernika aldizkarian agertu zen. Urte berean Piarres Lafittek Eskualtzaleen Biltzarrerako deitu zuen baina geroago bien arteko harremanak mikaztu egin ziren, ideologia desberdintasunak zirela medio.

1956an Arantzazuko santutegian Euskaltzaindiak antolatu zuen Gerraosteko lehen batzarrean esku hartu zuen.

1962an euskaltzain oso izendatzeko proposamena egin zuten Aingeru Irigarai, Federiko Krutwig, Koldo Mitxelena eta Luis Villasantek baina Piarres Lafittek kontrako iritzia zuenez, ez zen aurrera atera; Mirandek berak egin zion uko.

Hogei bat hizkuntza zekizkien, eta haietako anitzetan literatura-lanak argitaratu zituen. Zelta hizkuntzetan espezialista izaki, bretainieraren akademiako kide izatera iritsi zen.

Pentsakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nabaria da Friedrich Nietzsche, Oswald Spengler eta Arthur Schopenhauerren eragina bere pentsamenduan.

Eskuin zein ezkerreko abertzaletasunak gogor kritikatu zituen, biek ala biek moral judu-kristauaren iturrietatik edaten zutela uste baitzuen. Bere ustez euskaldunaren jatorrizko izpiritua askea eta indartsua da, bortitza. Oswald Spenglerrek Mendebaldearen Gainbehera saioan adierazi zuen bidetik, Miranderen iritziz euskaldun jendeak izpiritua zeharo ahulduta dauka moral judu-kristauaren eta demokraziaren erruz, eta antzinako izpiritu bortitza berreskuratu beharra dauka bizirik iraungo badu. Soilik horrela lortuko omen dute euskaldunek Euskal Herriaren benetako independentzia; demokraziaren bidez ez omen da askatasunik lortuko. Hala, euskal paganismoaren iduriteria erdi-asmatu bat darabil bere poema askotan, mitologia zelta eta nordikoan inspiratuz. Marxismoa ere bere erasoen jomuga zen, bere irudikoz kristautasunaren beste aldaera bat besterik ez baitzen. Ideia nazional-sozialistak bereganatu zituen eta ez zuen inoiz bere arrazismoa ezkutatu.

Abertzale erradikala zen, baina haren ideiak zirela eta, baztertua izan zen abertzaleen artean ere. Paris urrun hartatik, Euskal Herriko nazionalismo klerikala zein marxista gaitzesten zituen. Eskuineko euskaltzaleek ezin zuten eraman bere testuetako erotismo gordina; ezkerrekoek, berriz, ideia tradizionalei eta ohiturazko nazionalismoari eginiko kritikak begi onez ikusten bazituzten ere, printzipio nazi-faxista eta antikomunista haiek guztiz baztertzen zituzten.

Hala ere, Mirandek hainbat euskalarirekin hartu-eman adiskidetsuak izan zituen, Andima Ibiñagabeitia, Txomin Peillen, Piarres Lafitte, Koldo Mitxelena eta Jon Etxaiderekin, besterak beste, eta euskarazko aldizkarietan bere kultura aberatsagatik eta sormenagatik estimu handitan hartu zuten. Andima Ibiñagabeitiak Parisen Miranderi eta Txomin Peilleni euskara eskolak eman zizkienean, hirurak adiskide min egin ziren. Ibiñagabeitiak Venezuelara bizitzera joan behar izan zuenean ere, Miranderekiko gutun harremana ez zen inoiz eten, eta idazlanak elkarri kritikatzen eta zuzentzen zizkioten argitara eman aurretik. Gabriel Aresti arduratu zen Haur besoetakoa eleberriari hitzaurrea egiteaz, nahiz eta bere pentsamoldea Miranderenaren guztiz antagonikoa izan. Azkenik, bere burua toki gehienetatik baztertua ikustean, euskaraz idazteari utzi zion eta bere amaren heriotzak depresiora eraman zuen. Aita zendu eta gutxira, bere departamentuan hilik aurkitu zuten, pilula pote huts bat eta whisky botila bat ondoan zituela. Pariseko Thiais hilerrian ehortzi zen.

Joxe Azurmendik sakonki aztertu du zenbait lanetan Miranderen pentsakera, aurreiritzirik gabe ("Mirande eta kristautasuna", "Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan" eta "Miranderen pentsamendua").

Iritzi kritikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen, laikotasunaren hiriburuan sortu, hazi, hezi eta bizi izanak, ukatu ezinezko eragina du Miranderen lanetan. Nabarmena da Europa eta Mendebaldeko pentsalari eta olerkarien ezagupena eta haietako askoren eragina.

Erlijio katolikoak Greziako espirituaren eta paganismoaren gainbehera ekarri zuen. Mirandek, Greziako mitologia eta paganismoarekiko miresmena aitortzen du, eta kristau-zibilizazioaren eta arrazionalismoaren aurkako jarrera tinkoa hartzen. Euskal gizarte hartan indarrean ziren moralitatearen zutabe nagusiak astindu zituen era satirikoan eta ironiaz. Mendebaldeko zibilizazioak kondenatu eta luzaroan estalita eduki dituen indarrak berpiztu nahi ditu Mirandek. Europa iparraldeko mitologia zaharreko jainko eta jeinuen inbokazioa ere: “Wotan”, “Odin”, “Eidol”...; baita akelarre, sorgin eta gainontzeko sinbolo paganoen miresmena ere, Europa iparraldeko ganduetatik berreskuratuko lamia zeltarrekin batera. Kristautasunak baztertu eta askotan sutara bota zituen mitologia eta sineskera zahar horietan aurkitu uste du Mirandek paradisu galdua.

Miranderen iruditeria poetikoan: ametsa/ura/arima/kantu edo musika/ urruntasuna/ paganismoa/heriotza... eta ametsarekin batera nostalgia edo mina (herri-min, elhur-min, gau-min...). Min hori iraganeko Gazteen Lurraren edo bere gaztaroaren mina edo gizarteak galarazi digun berezko izate askea galdu izanaren mina zen.

Formari dagokionez, era askotako neurri eta baliabideak erabiltzen ditu, eta idaztankera laburgarriak kontzeptismora hurbiltzen du. Bertsolaritzaren neurri tradizionalak erabili zalea dugu. Estiloa: berria eta bere obrak ulertzen zailak dira, batez ere zerabilen hizkuntza oraindik arautu eta finkatu gabeagatik. Euskararen batasuna oraindik adostu gabea baitzen, bere kasa koiné berezi bat asmatu zuen, euskalki guztietako ezaugarriak nahasiz. Federiko Krutwig eta Luis Villasantek bultzaturiko Lapurtera klasikoaren bidea hartu zuen hasieran, eta gipuzkerarena gero.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia landu zuen batez ere. Erotismoa (onanismoa eta lesbianismoa), heriotza, paganismoa eta abertzaletasuna ziren erabiltzen zituen gaiak.

Berak sortutako ipuinez gain, zenbait ipuin ere baditu itzuliak. Tartean, Edgar Allan Poe eta Franz Kafka-renak. Poesian, Charles Baudelaireren Les Fleurs du mal (Zithal Liliak) poesia bilduma eta Poe-ren The Raven (Bela) poema luzea euskaratu zituen.

Igela, euskaldun heterodoxoen errebista aldizkaria argitaratu zuen aldi batean Txomin Peillenekin batean, eta bertan poesia, kritikak, herri literatura eta beste gaien inguruko artikuluak jaso zituen. Bertan jorratzen ditu orduko euskaldunen artean debekatuta zeuden gaiak. Bere lan poetikoan, hiru gai nagusi bereiz daitezke: paganismoa, sexua eta bortizkeria. Poema askotan bere jarrera nihilista nabarmentzen da.

Nobela bakarra idatzi zuen, eta bera bizi zelarik liburu moduan argitara emandako lan bakarra ere hori izan zen, gainerakoak aldizkarietan edo bera hil ondoren argitaratu baitziren: Haur besoetakoa. Hau da Miranderen obra ezagun eta aldi beran polemikoena. Pedofilia, inzestua eta suizidioa bezalako gaiak lantzen ditu, ohitura tradizionalen eta moral judeo-kristauaren kontrako testu bortitza bihurtuz. 1954an idatzi zuen, eta 71ra arte itxaron behar izan zuen argitaratzeko. Vladimir Nabokoven Lolitarekin alderatua izan da, baina badakigu Mirandek ezin izan zuela eleberri hori irakurri.

Generoka sailkatuta:

Aldizkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Igela, euskaldun heterodoxoen errebista 1979, Hordago

Antologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jon Miranderen idazlan hautatuak 1976, Gero
  • Obra osoa 1999, Hiria

Artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Miranderen lan kritikoak 1985, Pamiela

Gutunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jon Miranderen gutunak 1948-1972 1995, Susa

Narrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gauaz parke batean 1984, Elkar

Eleberria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Orhoituz 1976, Kriselu
  • Ene jainko-eidol zaharra, lur! 1984, Elkar
  • Poemak 1950-1966 1984, Erein
  • Ilhun-argiak 1992, EHU-UPV
  • XX. mendeko poesia kaierak - Jon Mirande 2002, Susa

Miranderekin lotutakoko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ofizialki, frantsestutako grafian.
  2. Zenbait idazkitan erabilitakoa; ikus Euskaltzaindiaren webgunean adibidez.
  3. Zuberoan sarritan gertatu bezala, Mirande gaskoi jatorria duen deitura da. Okzitaniera arautuan Miranda.
  4. Kandido Uranga antzezlanaz Berrian.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]