Joni Mitchell
(Jaiotza izena: Roberta Joan Anderson). Kanadar abeslaria eta musikagilea (McLeod, Alberta, 1943). Chuck Mitchell musikariarekin ezkondu zen eta harengandik hartu zuen izena. 1967an, New Yorkera joan zen, eta han argitaratu zuen bere lehen diskoa: Song to a Seagull (1968). 1968an, Judy Collinsek Mitchellen zenbait kantu grabatu zituen, "Both Sides Now", besteak beste, eta arrakasta handia izan zuen. Arrakasta handi horri esker, Mitchellen diskoak ere zabaltzen hasi ziren. Aurrerago, Kaliforniara joan zen bizitzera, eta han grabatu zituen bere diskorik ezagunenak: Clouds (1969), Ladies of the Canyon (1970), Blue (1971), Court and Spark (1974) eta Turbulent Indigo (1994). Bere musika barnekoia eta lirismo handikoa da, eta jarraitzaile ugari ekarri zizkion. Beste disko batzuetan, Hejira (1977) eta Mingus (1979) diskoetan esaterako, bere ohiko rock eta folk musikaz harago, jazz musika ere sartu zuen. Beste disko batzuk: Shadows and Light (1980), Wild Things Run Fast (1982), Dog Eat Dog (1985), Chalk Mark in a Rainstorm (1988), Night Ride Home (1991), Turbulent Indigo (1994), Taming the Tiger (1998), Both Sides Now (2000), Travelogue (2002), Shine (2007).
[aldatu] Kanpo loturak
(Ingelesez) http://jonimitchell.com/
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.