Jorge Enrique Adoum

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Jorge Enrique Adoum (Ambato, Ekuador, 1926ko ekainaren 29a - Quito, Ekuador, 2009ko uztailaren 3a) ekuadortar idazlea izan zen.

[aldatu] Biografia

Ekuadorko Kultura Etxearen Edizioak argitaletxearen zuzendaria izan zen, eta Nazio Batuen Erakundearen eta UNESCOren funtzionario gero. Gizartearekiko kezka izan zen nagusi bere lehen poema-liburuan, Ecuador amargo (1949, Ekuador samina) izenekoan, eta gero, Pablo Nerudaren eraginez (haren idazkari izan zen aldi batez), baita ondorengo hauetan ere: Los orígenes (1952, Hastapenak); El enemigo y la mañana (1952, Etsaia eta goiza); Dios trajo la sombra (1959, Jainkoak iluntasuna ekarri zuen); eta Eldorado y Las ocupaciones nocturnas (1961, Eldorado eta gaueko eginkizunak). Los cuadernos de la tierra (1961, Lurraren koadernoak) lana osatzen dute guztiek; bertan ahalegin aipagarria egin zuen, antzinatik hasi eta konkistaren eta kolonizazioaren garai mingarrietarainoko Ekuadorko gizon-emakumeen esperientzia historikoak berreskuratzeko. Notas del hijo pródigo (1951, Seme galduaren oharrak); Relatos del extranjero (1953, Arrotzaren kontakizunak); Y me fui con tu nombre por la tierra (1964, Eta zure izenarekin ibili nintzen munduan zehar); Curriculum mortis (1968); eta No son todos los que están (1980, Ez dira dauden guztiak) liburuetan kezka horiek berak eta pertsonalagoak azaldu zituen; aldi berean, lehenaldiko hizkuntza poetiko asaldatua baztertzen hasi zen, eta gizon-emakume modernoei buruz hitz egiteko egokiagoa zen esamolde arruntagoa bilatu zuen. Antzerki-lanak ere idatzi zituen: El sol bajo las patas de los caballos (1975, Eguzkia zaldien hankapean); eta La Subida a los infiernos (1976, Infernuetarako igoera), esate baterako. Arrakasta handia izan zuen Entre Marx y una mujer desnuda (1976, Marxen eta emakume biluzi baten artean) nobelak.

Literatura-kritika ere landu zuen; besteak beste, Poesía del siglo XX (1957, XX. mendeko poesia); eta Sin ambages (1989, Argi eta garbi) liburuetan.

1994an, Santo Domingoko (Dominikar Errepublika) Unibertsitate Autonomoko ohorezko irakasle izendatu zuten. Aurrerago, De cerca y de memoria, recuerdos de lecturas, autores y lugares argitaratu zuen, kultura latinoamerikarreko idazle, margolari, politikari eta beste zenbait pertsona ospetsuren pasadizoak biltzen dituena.

Ondorengo autore hauen poesia itzuli zuen gaztelaniara: T. S. Elliot, Langston Hughes, Jacques Prévert, Yannis Ritsos, Vinícius de Moraes, Nazım Hikmet, Fernando Pessoa, Joseph Brodsky, eta Seamus Heaney.

[aldatu] Erreferentziak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak