Jorge Semprún

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jorge Semprún, 2009an.

Jorge Semprún Maura (Madril, Espainia, 1923ko abenduaren 10a - Paris, Frantzia, 2011ko ekainaren 7a) espainiar idazlea, politikaria eta gidoi-idazlea zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziara erbesteratu zen Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean eta Erresistentzian borrokatu zen nazismoaren aurka. Buchenwaldeko kontzentrazio-esparrutik aske geratu zenean Espainiako Alderdi Komunistako kide egin zen, baina 1964an Alderditik bota zuten.

Espainiako historiari buruzko kontakizun-liburuak idatzi zituen, gazteleraz eta frantsesez: Le grand voyage (1963, "Bidaia handia"); La deuxième mort de Ramón Mercader (1969, "Ramón Mercaderen bigarren heriotza"); Autobiografía de Federico Sánchez (1977, "Federico Sánchez-en autobiografia"); L´algarabie (1981, "Zarata"); La montaña blanca (1986, "Mendi zuria"); eta Netchaiev ha vuelto (1987, "Itzuli da Netchaiev").

Resnais, Costa-Gravas, Losey eta beste zinema-zuzendarientzako gidoiak idatzi zituen: Stavisky (1974); Z (1968); eta Les routes du sud (1978, "Hegoaldeko bideak"). 1973. urtean, bestalde, Les deux mémoires ("Bi gogoak") filma zuzendu zuen; gidoia ere berak idatzia zen.

1988-1991 urteetan Espainiako Kultura ministro izan zen. Ministerioa utzita, 1991n, Federico Sánchez vous salue bien ("Federico Sánchezek agur esaten dizue") argitaratu zuen, frantsesez, besteak beste, europar ezkerraren arazoen gaineko hausnarketa. 1994an, L´écriture ou la vie kaleratu zuen, Frantzian arrakasta handia izan zuena. 1995ean bere lehen antzezlana estreinatu zuen, Alemanian, "Ama zurbila, ahizpa samurra", nazismoaren eta komunismoaren kritika. Acción Internacional contra el Hambre (AICF, gosearen kontrako gobernuz kanpoko erakundea) erakundearen espainiar sailaren lehendakaria izan zen, eta Literaturako eskolak eman zituen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean.

Sari asko jaso zituen, Espainian eta Frantzian gehienbat. 1994an, alemaniar liburugileen Bakearen saria eskuratu zuen, Alemaniako garrantzitsueneko bat. 2008an, Espainiako Kultura ministerioak emandako Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jorge Semprún Aldatu lotura Wikidatan