José Antonio Páez
José Antonio Páez (Acarigua, Venezuela, 1790 - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1873) politikaria eta militarra izan zen. Venezuelaren independentzia lortzearren Espainiaren aurka borrokatu zen armadako buruzagi nagusia izan zen, eta Venezuelako lehendakari izan zen 1830–1835, 1839–1843 eta 1861–1863 urte bitarteetan.
Venezuelako independentziaren aldeko mugimenduaren burua eta hango lehen lehendakaria (1831-1835) izan zen, kontserbadoreen aldetik. Estatu Batuetan kokatu zen 1850. urtean, Venezuelatik egotzia izan ondoren. 1861ean, Gerra Federalaren garaian, sorterrira itzuli zen, eta kontserbadoreen buru izan zen berriz ere. Diktadura ezarri bazuen ere, iraultza federalaren bultzada gero eta bizkorragoaren ondorioz, berriz ere erbesteratu behar izan zuen 1863. urtean. New Yorken eman zituen azken urteak, eta autobiografia bat argitaratu zuen han (1867).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.