José Eduardo dos Santos

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
José Eduardo dos Santos.

José Eduardo dos Santos (Luanda, Angola, 1942ko abuztuaren 28a) angolar politikaria da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angolako Errepublikako presidentea 1979tik aurrera. Aurreko presidente António Agostinho Netoren politika marxista-leninista pixkana-pixkana ordezkatzen joan zen, eta sozialismo demokratikoa ezarri zuen. Angolaren Askapenerako Herri Mugimenduko (AAHM) (Movimento Popular de Libertação de Angola) kide izan zen gaztetandik, eta goi-mailako ikasketak egin zituen Sobietar Batasun ohian (SESB). Portugalek Angola utzi zuenean, AAHMk ezarritako gobernuan, Kanpo Arazoetako ministro izan zen. 1977an gobernuko lehen lehendakariorde eta AAHMko Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten. Urtebete geroago, Ekonomia Plangintzako ministro egin zuten. 1979ko irailean Errepublikako lehendakari-kargua hartu zuen, Batzorde Nagusiak aho batez hala erabakita, Agostinho Netoren heriotzaren ondoren.

Gerra Zibilaren eta gosetearen ondorioek, eta, geroago, sobietar erregimena desegiten joateak, gobernuaren politika arintzera behartu zuten. Hasieran, lehendakaritza hartu zuenean, harreman estuak izan zituen Sobietar Batasun ohiarekin, eta Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren ildoari jarraitu zion. Senegalek erregimena ezagutzea lortu zuen, 1982an. Geroago, Kubako armada Angolatik erretiratzea onartu zuen, Hegoafrikarekin zenbait hitzarmen egin ondoren; izan ere, Hegoafrikako tropak Namibiako tropa matxinatuen kontra borrokatzen ari ziren Angolako hegoaldean.

1985 inguruan ekonomia liberalizatu zuen, gobernuaren zenbait funtzio deszentralizatu zituen, inbertsio pribatuak onartu, eta mendebaldeko ekonomiekin harreman zuzenagoak izaten hasi zen. 1992ko hauteskundeetan garaile atera zen, baina Angolaren Independentzia Osorako Batasun Nazionaleko (AISBN) buruzagiak, Jonas Savimbik, ez zituen emaitzak onartu, eta gerrillaren ekintzak bultzatu zituen. Dena dela, 1996ko martxoan, Dos Santos eta Savimbik batasun-gobernua eratzea hitzartu zuten, eta armada bakar bat. Hitzarmenarekin hemeretzi urteko Gerra Zibila amaitutzat uste bazen ere, 1997ko urriaz geroztik Nazio Batuek AISBNk oraindik mendean zeuzkan lurraldeak bahitu behar izan zituen, agindutakoa betetzen ari ez zelako.

Gaur egun, Dos Santos presidentea berreraikitze-plan erraldoiaren bultzatzaile da; dozenaka lantegi eta 200.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzen ari dira (etxebizitzak, behartsuenak kontuan hartuz eraikiak); baina, aldi berean, Luandan enpresa txinatar eta brasildarrak luxuzko eraikin berriak eraikitzen dihardute. Mundo guztiko enpresak ari dira Angolan inbertitzen; meatzaritzan, petrolioan, etab.etan inbertitzen ari dira, Angolako gobernuak esku-hartze handiena beretzat duen negozioetan betiere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: José Eduardo dos Santos Aldatu lotura Wikidatan