José García Nieto
Espainiar olerkaria (Oviedo, 1914 - Madril, 2001).
Oviedon jaioa zen arren, Madrilen egin zituen lan nagusiak. Kazetaritzako Eskola Ofizialean graduatu zen. 1940ko hamarraldian, García Nietok eta Falange Española mugimenduarekin loturiko zenbait olerkarik (Jesús Juan Garcés, Pedro de Lorenzo, Jesús Revueltas, Víctor García de la Concha eta abar) Garcilaso aldizkaria sortu zuten (1943), espainiar literatura atzerriko eraginetatik libre mantentzeko helburuarekin.
García Nieto ideia kontserbadoreko olerkaria zen, eta hori erakutsi zuen bere obra gehienetan; Espainiako gerra ondoko poesia klasizistako olerkigile handienetakoa izan zen, eta obra originala eta pertsonala osatu zuen.
Obra nagusiak: Vísperas hacia ti (1940, Zure omenezko bezperak); Poesía, 1940-43 (1944, Olerkiak, 1940-1943); Del campo y soledad (1946, Landaz eta bakardadeaz); Tregua (1951, Su-etena); Juego de los doce espejos (1951, Hamabi ispiluen jokoa); Sonetos para mi hija (1953, Nire alabarentzako sonetoak); La red (1955, Sarea); El parque pequeño (1959, Parke txikia); Geografía es amor (1961, Geografia maitasuna da); La hora undécima (1963, Hamaikagarren ordua); Memorias y compromisos (1966, Oroitzapenak eta konpromisoak); Hablando solo (1968, Bakarrizketan); Los cristales fingidos (1984, Beira itxuratuak); Galiana (1986) eta Carta a la madre (1988, Gutuna amari). 1983an Espainiako Errege Akademian sartu zen, eta 1996an Cervantes Saria eskuratu zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.