José Rebolledo de Palafox
José Rebolledo de Palafox espainiar jenerala izan zen (Zaragoza, 1776 - Madril, 1847). Familia aberatseko semea zen. Gerrako merituak zirela medio, brigadier karguraino iritsi zen. 1808an, Espainiako armadako kapitain nagusi izendatu zuten, Fernando VII.ak erregetzari uko egin ondoren. Espainiako Independentzia Gerran gogor babestu zuen Zaragozako herria frantsesen aurka, oste frantsesen lehenengo setioan (1808ko ekainaren 14tik abuztuaren 13ra). 1808ko abendutik 1809ko otsailera izan zen bigarren setioa, eta Zaragozako hiriak errenditu behar izan zuen aldi hartan, izurrite ikaragarria zabaldu baitzen hirian. Frantsesek preso hartu zuten Palafox jenerala eta Vincennesera eraman zuten. Valençayko Hitzarmena (1813) sinatu ondoren itzuli zen Espainiara, Fernando VII.a erregearekin batera. Fernando VII.a erregeak Espainiako noblezia titulua eman zion: Zaragozako duke.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.