José Ignacio Ruiz
José Ignacio Ruiz Olabuénaga (Urduña, Bizkaia, 1929 -) bizkaitar soziologo, irakasle eta ikerlaria da.
[aldatu] Biografia
Soziologian doktorea da (New Yorkeko Fordham Unibertsitatea), baita Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean. Soziologiako katedraduna da Deustuko Unibertsitatean (Bilbo); eta Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikorako Kabineteko zuzendaria, Euskal Soziologoen Elkarteko lehendakaria eta CIINDES S.L. Soziologia Kabineteko zuzendaria izan da. Irakasle gonbidatua izan da EHUn, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Valladolidekoan, Valentziakoan eta hainbat Udako Unibertsitatetan (Santander, Sevilla eta Donostia). Lurralde eta Inguruak aldizkarietako Zuzendaritza eta Idazketa Batzordeen kide da. Eusko Ikaskuntzaren Komunikabideak Saileko lehendakaria izan zen 1978tik 1984ra.
Ruiz Olabuénagaren ikerkuntza-jarduerak hiru alor nagusi hartzen ditu: erakundeen soziologia, ikerketaren metodologia kualitatiboa eta hauteskunde-soziologia. Argitaratu dituen lanen artean daude: Euskararen borroka, Plano electoral de Euskadi, Paulo Freire: Concientización y Andragogía, Sociología de las organizaciones, Sociología electoral de Euskadi, Clases sociales y aspiraciones vascos, Violencia y ansiedad social en el País Vasco, La innmigración vasca, El extranjero en Europa, La juventud liberta eta abar.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.