Jose Maria Iparragirre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jose Mari Iparragirre
Jose Mari Iparragirre
Iparragirre bizirik zegoelarik ateratako azken argazkia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Jose Mari Iparragirre Balerdi
Ezizena Urretxuko bardoa
Jaio 1820ko abuztuaren 13a
Euskal Herria Urretxu, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1881eko apirilaren 6a
Euskal Herria Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa
(Euskal Herria)

Jose Maria Iparragirre Balerdi (Urretxu, Gipuzkoa, 1820ko abuztuaren 13a - Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1881eko apirilaren 6a) olerkari, euskal abeslari eta musikagilea izan zen, "nazio olerkigile"tzat hartua. Bereak dira, besteak beste, Gernikako Arbola eta Agur Euskalerria kantuak. Musikaren eta poesiaren ikuspegitik haren lanak berritzaileak eta sakonak izan ez baziren ere, sentimenduen aldetik Iparragirrek eragin itzela izan du euskal kulturan, Polonian Adam Mickiewiczek eta Italian Alessandro Manzonik izandakoaren antzekoa.

Bere bizitzako 61 urteak Euskal Herriak bizi izan duen aldirik garrantzitsuenetariko baten zehar izan ziren. Eraldaketa horiek Erregimen Zaharraren krisialdiarekin hasten dira, Gerra Karlistari hasiera emanez, eta Euskal Herriko industrializazioarekin amaitzen dira. Arteari dagokionez Iparragirreren bizitza Erromantizismoaren arrakasta garaian izango da, bere estiloan eragin nabarmena izango duena, gizabanakoaren errealizazio pertsonalerako eta askatasun kolektiborako sentimendua eta irrika indartuz. Bizitza ulertzeko era honek, Jose Maria Iparragirreren jarduera zeharkatu zuen, eta modu honetan azal daitezke bere olerkigintzaren hainbat alor sentikor. Bertsolaritza zaharrean Euskal Herriko Erromantizismo artistikoaren pertsonaiarik nabarmenena da eta bere Guernicaco Arbola ereserkia euskaldunon nortasunaren ikurra bilakatu da.

Eduki-taula

Biografia [aldatu]

Urretxuko antzinako kale nagusiko Altzola etxean jaio zen 1820 urtean. Aita goxoki denda baten jabeak zen. Zerainen maisu ziharduen osaba batekin egin zituen lehen ikasketak. Hamaika urterekin Gasteizera bidali zuten gurasoek ikastera baina laster itzuli zen. Hamahiru urte zituela gurasoak Madrila aldatu ziren, baina berehala, 1833 urtean, Lehen Karlistaldia piztu eta gurasoei ezer esan gabe osabaren etxera joan zen.

1834 urtean karlisten gudari talde batean sartu zen, Gipuzkoako lehen batailoian, 1839 urtera arte. Lehen Karlistaldia amaituta, atzerrira joan zen, beste karlista asko bezalaxe. Frantzian jauntxo baten babesa izan zuen eta Caroline Duprez abeslariarekin jardun zuen musika eta kantu ikasten, horretarako zituen berezko dohaiak jorratuz. 1848 urtean, frantziar agintariek erbesteratu egin zuten, 1848ko iraultzen giro nahasian Marseillesa publikoan abesteagatik. Frantzia, Italia, Suitza eta Alemanian barrena ibili ondoren, Londresen azaltzen da 1851 urtean, abeslari moduan. Mazarredo jeneralak abesten entzuten dio eta sorterrirako itzulera proposatzen dio, zigorrik gabe. Bilbora iritsi eta Madrila joan zen. Han, 1853 urtean, Café de San Luis kafetegian hain zuzen, Juan Maria Altuna pianojolea lagun, bezperan konposaturiko Gernikako Arbola abestu zuen lehen aldiz. Euskal Herrira itzuli eta 1855 urtean preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik. Euskal Herritik erbesteratu eta Espainian zehar ibili zen. Euskal Herrira itzuli eta Angela Kerexeta neska gaztea ezagutu eta Argentinara emigratu eta han berarekin ezkontzea proposatzen dio. Horrela, 1858ko abuztuaren 29an Baionatik atera zen itsasontzi batean joan ziren Argentinara. Han ezkonduko zien 1859ko otsailaren 26an, Iparragirre 36 urte eta Angela Kerexeta 17 urte soilik zituelarik. Argentinan eta Uruguain artzain ibili zen 19 urtez, Euskal Herria beti gogoan, harik eta hango lagun batzuek egindako diru ekarpenei eta haren omenez antolatutako kontzertu bati esker, Euskal Herrira itzuli ahal izan zen arte 1877 urtean. Sorterrian berriro eta eskean ibili arren inoren laguntzarik gabe herriz herri kantatzen ateratzen du bizimodua. Itxasoko baserri batena aurkitzen du aterpea harik eta 1881 urtean euripean lo egin ondoren neumoniaz hil zenera arte. Angelarekin zortzi seme-alaba izan zituen: Benigno, Frantziska, Angela, Luzia, Juan, Felisa eta Dominga.

Kantak [aldatu]

Zerrenda [aldatu]

Erreferentziak [aldatu]

Ikus gainera [aldatu]

Kanpo loturak [aldatu]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Jose Maria Iparragirre
Wikisource-logo.svg
Wikiturrietan testuak daude honi buruz:
Jose Maria Iparragirre
Wikiesanak
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Jose Maria Iparragirre