Jose Maria Satrustegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau ikertzaileari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Satrustegi (argipena)».
Jose Maria Satrustegi

Bizitza
JaiotzaArruazu1930eko azaroaren 15a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea2003ko martxoaren 27a (72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa, idazlea eta etnologoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Inguma: jose-maria-satrustegi-zubeldia-1930-2003 Literaturaren Zubitegia: 233

Jose Maria Satrustegi Zubeldia (Arruazu, Nafarroa Garaia, 1930eko azaroaren 15a - Iruñea, Nafarroa Garaia, 2003ko martxoaren 27a) etnografoa, idazlea, itzultzailea, euskalaria eta apaiza izan zen.

Bizialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luisa eta Pedro Miiguelen semea, Arruazun jaio zen. Sei anaia-arrebaren artean zaharrena. Iruñeko apaizgaitegian egin zituen tkasketak, eta 1955ean meza eman zuen. Luzaiden eta Urdiainen ibili zen erretore.[1]

Iruñeko apaizgaitegian ikasketak egin ondoren apaiz egin zen 1955ean. Madozko erretore, Luzaideko bikario eta Urdiaingo erretore izan zen. Artikuluak eta liburuak ehunka idatzi zituen. Egan, Euskera, Olerti, Luzaide nahiz Gure Herria aldizkarietan, El Pensamiento Navarro egunkarian eta Vianako Printzea Erakundearen nahiz Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen buletinetan eman zituen argitara bere lan aipagarrienak. Euskaltzain osoa izan zen 1963az geroztik; eta Euskaltzaindiko idazkaria ere bai, 14 urtez. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko aholkularia, Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea, Eusko Ikaskuntzako Ameriketako Institutuko urgazlea eta Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kidea izan zen.[2]

Euskaltzaindiako kideak Arantzazun 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfontso Irigoien, Luis Villasante, Jose Mari Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Euskal onomastika (euskarazko pertsona eta leku izenak) eta gai etnografikoak landu zituen gehienbat, euskaraz zein gaztelaniaz. Fontes Linguae Vasconum filologia aldizkaria eta Cuadernos de Etnografía y Etnología de Navarra etnografia aldizkaria sortu, abiarazi eta bideratu zituen. Lan handia egin zuen euskara ikertzen eta euskararen erabilera sustatzen.

Hasieratik izan zen Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea, eta, beraz, jakite horri lotutako gai anitz landu behar izan zituen: Euskal Herriko herrialdeen eta udalerrien izenak, auzo anitzenak, mendienak, aurkintzenak, karrikenak, oikonimoak eta abar, toponimiari dagokionez; eta pertsona izenak, deiturak, hipokoristiko-txikigarriak eta beste, antroponimiaren arloan. Satrustegik egindako lan guztien artetik, berak gogokoena zuena Euskal izendegia da. Euskal izenak ere debekatu zituen frankismoaren errepresioaldi latzaren ondoren, euskarazko pertsona izenak berriz zabaltzeko funtsezko lana izan zen. Lehenengoz 1972an argitaratutako eta 1983an mardulago eta eguneratuta berrargitaratutako zerrenda horrek belaunaldi oso baten onomastika bideratu eta markatu du, hainbesteraino non, Euskal Herriko hainbat eskualdetan, XX. mendearen erdialdean ohikoen ziren izenak lekutu eta haien ordainez Euskal izendegian ageri direnak ibiltzen baitira orain.[3]

Arruazun hartu zuen erretiroa. Jaiotetxearen aitzinean dagoen etxe berriago batean bizi izan zen. orduan.[1]

Nafarroako Kultura Kontseiluko eta Euskara Kontseiluko kide izan zen, eta bietatik atera zen euskarazko irratiei lizentziak ez emateagatik. «Toki bakoitzean eta parada dudanean euskararen defentsan atera naiz. Beste batzuk, euskaltzale izan arren, isiltzen dira». Bigarren kargu uztean zera erran zion lehendakariari: «Sanz jauna, nik Francoren aurka borroka handia egin nuen, baina zuk jartzen dituzun oztopoak askoz handiagoak dira Francorenak baino». Sanzek, berriz: «Frankismoaren nostalgiaz hasiko ote zara orain?».[1]

Euskaltzaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meza eman eta bi urtera egin zuten Euskaltzaindiko urgazle, eta 1963az geroztik euskaltzain osoa da. 1978 eta 1992 urteen bitartean Euskaltzaindiko idazkaria izan zen.[1]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onomastika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskal izendegia (1972, 1983). Arruazuko euskaltzainak berak gogokoen zuen lana da.

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide zenez, Satrustegiren ekarpena ere baduten Euskaltzaindiaren onomastika lanak:[3]

  • Euskal Herriko udalen izendegia (1979)
  • Euskal Herriko Autonomi Elkarteko herrien izenak (1986)
  • Nafarroako herri izendegia (1990)
  • Onomasticon Vasconiae aldizkaria: Onomastika batzordeko kide zen aldetik, Satrustegik bilduma horretan argitaratu diren lan guztietan esku hartu du, 2003an hil zen arte. Liburu sorta horretan hainbat herritako toponimia txikia bildu da, eta gehienetan arautzen; azalpen etimologikorik, ordea, ez da horietako gehienetan ageri.
Satrustegi Euskalerria irratiaren Larreko saria 2002an.[4]

Etnologia eta etnografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • La puerta de España en el camino de Santiago (1962)
  • Estudio etnográfico de Urdiain (1967)
  • Personajes populares relacionados con la brujería (1970)
  • Euskaldunen seksu bideak (1975)
  • Mitos y creencias (1980)
  • Solsticio de invierno (1988)
  • Antropología y lengua (1989)
  • Sakanerri barrena (1999)

Nobela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ekaitza (1973, Jakin; 1992, Mintzoa)

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bordel bertsularia (1965, Auspoa): Joan Etxamendi Bordel bertsolariaren biografia eta bertsoak jasotzen dituen liburua.
  • Luzaide'ko kantiak (1967, Auspoa): Luzaideko euskarazko herri kantuak jasotzen dituen liburua.
  • Lapur Zuriak (1981): euskal ipuin tradizional bat.
  • Ipui miresgarriak (1982): euskal ipuin tradizionalen bilduma.
  • Axelko eta Otsoko (1983): euskal ipuin tradizional bat.
  • Mattin Mottela (2001, Ibaizabal): Nafarroako Sakanan, herri memorian muin-muinetik errotua dagoen pertsonaia historikoa dugu Mattin Mottela, eta egileak berak hari buruz haurtzaroan entzundakoak, batez ere aitari, bildu zituen liburu horretan.
  • Argisentiko ipuinak (2002): euskal ipuin tradizionalen bilduma.
  • Oihan txikiko mamuak (2003): euskal ipuin tradizionalen bilduma.

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biografiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara ikertu, sustatu, sendotu edo zabaltzeko lan egin duten hainbat pertsonaren biografiak idatzi zituen, eta Bidegileak bilduman argitaratu:

  • J. Frantzisko Aizkibel (1998, Bidegileak bilduma, 12. zenbakia)
  • Alejandro Tapia (2000, Bidegileak bilduma, 21. zenbakia)
  • Perpetua Saragueta (2001, Bidegileak bilduma, 25. zenbakia)
  • Joxe Agerre (2002, Bidegileak bilduma, 28. zenbakia)
  • Norbert Tauer (2003, Bidegileak bilduma, 30. zenbakia)
  • Frantzisko Torres Ibañez «Aita Felipe Murietakoa» (2003, Bidegileak bilduma, 33. zenbakia)

Errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos Santamaria, Jose Maria Satrustegi eta Martin Orbe UEUren Iruñeko lehen ikastaldiko sarrera-ekitaldian (Iruñea, 1977)
  • 2002: Euskalerria irratiaren Larreko saria 2002an.[4]
  • 1977: Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egin zuen lehen ekitaldiko sarrera-hitzaldian hizlari gonbidatua izan zen. Hau izan zen hitzaldiaren izenburua: "Nafarroa, Euskaltzaindia eta UEU"

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Jose Maria Satrustegi. Antropologoa. Soslaia. Euskaldunon Egunkaria.
  2. «Jose Mari Satrustegi», Lur Hiztegi Entziklopedikoa, 1991-1994.
  3. a b Patxi SALABERRI ZARATIEGI: «Jose Mari Satrustegi, euskal onomastikaren eragilea», Euskera, L, 2005, 2. Ikus 687-694. orrialdeak.
  4. a b «Bilaketa orokorra» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-01).
  5. Satrustegui (sic), José María. (1988). Solsticio de invierno: (fiestas populares, Olentzero, tradiciones de Navidad). Editorial Sendoa] ISBN 8485112156. PMC 36037417. (Noiz kontsultatua: 2019-03-24).
  6. «Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotuko ditu martxoaren 24an euskara batuari gorazarre egiteko» EITB 2023-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  7. Iraola, Arantxa. (2023-03-18). «Giza kate batek lotuko ditu Donostia eta Errenteria, euskara batua goratzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]