Jose Migel Barandiaran

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jose Migel Barandiaran
Jose Migel Barandiaran
Jose Migel Barandiaran, Oñatiko Unibertsitateko klaustroan, 1979. urtean egindako omenaldian.
Datu pertsonalak
Izen osoa Jose Migel Barandiaran Aierbe
Ezizena Aita Barandiaran
On Joxe Miel
Jaio 1889ko abenduaren 31
Euskal Herria Ataun, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1991ko abenduaren 21a
Euskal Herria Ataun, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Barandiaranen omenezko oroitarria, Kortezubiko Santimamiñen.

Jose Migel Barandiaran Aierbe(on) Joxemiel Barandiaran edo aita Barandiaran izenez ere ezaguna— (Ataun, Gipuzkoa, 1889ko abenduaren 31 - 1991ko abenduaren 21a), antropologoa, etnografoa eta apaiza izan zen, mendez mende iraunagatik betiko galtzeko zorian zen euskal kultura biltzen, aztertzen eta ahanzturatik salbatzen egin zuen lan eskerga dela kausa Euskal Herrian eta nazioartean ospetsua.[1][2] Urte askoan gogo nekaezinaz eta zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lan haren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten: Real Sociedad Española de Antropología, Etnografía y Prehistoria; Sociedad Ibérica de Ciencias Naturales; Euskaltzaindia; Real Academia de la Lengua Española; Société Française d'Ethnographie; Folklore Society; eta abar. Arrazoi berberarengatik, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apaiztegia eta lehenengo lan etnografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1889ko abenduaren 31n jaio zen, Perune–Zarre baserrian (Ataun), 9 anai-arrebako familian. Apaiz ikasketak Gasteizko seminarioan egin eta 1914an apaiz ordenatu zuten Burgosen, eta Teologian lizentziatu zen hiri hartan bertan urtebete geroago. Hogeita hiru urtez Gasteizko Apaizgaitegiko irakasle izan zen. Ezagutzak hedatu nahirik, Herrien Psikologiari buruzko ikastaro bat egin zuen Leipzig-en.

1916an ekin zien etnografia eta antropologiako lanei, Aralar mendialdean. Han zenbait trikuharri arakatu zuen eta Euskalerriaren alde aldizkarian eman zuen horren berri. 1917an Telesforo Arantzadirekin (orduan Bartzelonako Unibertsitatean Antropologiako katedraduna zena) eta Enrique Eguren ezagutu zituen, eta hogei urteko lankidetza emankorrari eman zioten hasiera hirurok. Urtebete geroago Oviedoko Unibertsitateko katedraduna zen Enrique Egurenekin batera. Aranzadik eragin handia izan zuen Barandiaranen ikerketen zuzentasun zientifikoa bermatzeko. Hirurek osatuko zuten urteetan lan-talde finko eta guztiz emankorra: haiek aztertu zituzten Aralar mendiko trikuharriak (1917), Aizkorrikoak (1918), Ataun-Burundetakoak (1919), Altzaniakoak (1920), Entzia mendilerrokoak eta Soraluzeko Elosukoak (1921), Belabieta eta Urbasakoak, eta Santimamiñeko kobazuloak (1924, 1925 eta 1931), Lumentza (1925), Ermittiako eta Gipuzkoako beste koba batzuk (1924 eta 1927), Bolinkoba (1933) eta Urtiaga-Itziar (1936).

1918ko irailean Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean esku hartu zuen. Batzar hartatik jaio zen Eusko Ikaskuntza Elkartearen babesean Aita Barandiaranek Etnologia Laborategia sortu zuen eta Gasteizko Apaizgaitegian kokatu. Haren izena aldizkari berezietan agertzen hasi zen. Tartean, 1921ean Eusko Folklore erakundea sortu zuen. 1922ko udan Alemanian zehar ikasketa bidaia bat egin zuen Aranzadirekin batean, eta Paris, Kolonia, Munich, Leipzig eta Berlingo museoak ikertu zituzten. 1923an Breuil abateak emandako ikastaroan esku hartu zuen Parisen.

1926an Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu zuten, aldi berean Apaizgaitegi Txikiko erretoreordea zelarik. Ondoko urteetako udak etnografia eta arkeologia alorreko lanetan eta prestakuntza bidaiak eginez (Geneva, Berna, Zurich, Viena, Erroma, etab.) eman zituen. 1935ean, Nazioarteko Antropologia eta Etnografia Biltzar Iraunkorreko kide izendatu zuten Londresen. 1936ko gerra hastean mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen arte.

Erbestean eta Hegoaldera itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat gorabeheren ondoren Saran finkatu zen, eta bertan emandako hamahiru urteetan historiaurrea eta etnografia lanetan aritu zen. 1946an Institut Basque de Recherches taldea sortu zuen, 1951 urtera arte Ikuska aldizkaria argitaratu zuena. 1953an itzuli zen bere hegoaldera eta harrez gero ikerketa askotan hartu zuen parte; ikasle asko haren aldamenean prestatu dira. 1965etik 1977ra Nafarroako Unibertsitatean Euskal Etnologiako katedraduna izan zen eta han Etniker taldeak eratu zituen bertan Euskal Herriko Atlas Etnografikorako lehenengo pausoak egin zituen.

1954an, Hegoaldera bueltaturik, berriro ekin zion lanari Urtiagako haitzuloan. 1956an indusketak hasi zituen Lezetxikin (Arrasate) eta 1960an Aitzbitarte IV.ean (Errenteria). 1972an Bilboko Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea Barandiaranen lan guztiak argitaratzen hasi zen. 1976ko irailean Eusko Ikaskuntzako presidente izendatu zuten. 1988an erakunde horrek Jose Migel Barandiaranen omenezko fundazioa sortu zuen. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean honoris causa doktore izendatu zuten. 1991ko abenduaren 21ean hil zen Sara-Etxea baserrian, jaioterrian.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin konta ahala aldizkaritan idazteaz gainera, hauen zuzendari izan da: Gymnasiuros, Anuario de Eusko-Folklore, Eusko-Jakintza, Ikuska, Hojas de Eusko-Folklore. Barandiaranen lan eskerga artikulu, liburuxka eta liburuetan barreiatua, 1972an argitaratzen hasi zen Barandiaranen Lan Guztiak izeneko lanean bildu da. Haren lanetariko batzuk: Eusko Mitologia (1924), Nacimiento y expansión de los fenómenos sociales (1925); Euskalerriko leen gizona (1934); Antropología de la población vasca (1947); Cuestionario para un estudio etnográfico del Pueblo Vasco (1949); Mitología Vasca (1960); Aspectos sociológicos de la población del Pirineo Vasco (1953-57). Nolanahi ere, Barandiaranen lan handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatua da, nabarmentzekoak direlarik horien artean Santimamiñe, Aitzbitarte, Lezetxiki, Ermitia, Jentiletxea, Lumentxa, Urtiaga, Altxerri eta Ekain haitzuloei dagozkienak. Bestalde, politikatik guztiz aldendua egon bada ere, ezaguna da Mateo Múgicaren Imperativos de mi conciencia (1945), Carta abierta al presbítero D. José Miguel de Barandiarán azpititulua duena, Barandiaranek berak idatzi zuela. 1989an bere azken liburua, Euskal Herriko Mitoak, argitaratu zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joxean AGIRRE: «Joxe Migel Barandiaran: Desagertzeko zorian zegoen kultura baten aztarnak bilduz hartu zituen ehun urteak», Gaur9, 2011-12-24.
  2. Ruth PÉREZ DE ANUCITA: «El explorador del alma vasca: veinte años sin jose Migel Barandiaran, que rescató nuestro pasado de un olvido seguro», Diario de Noticias de Gipuzkoa, 2011-12-18.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jose Migel Barandiaran Aldatu lotura Wikidatan