Joseph Abeberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joseph Abeberri
Bizitza
JaiotzaArrangoitze1895eko urriaren 2a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaMauthausen1944ko azaroaren 1a (49 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Joseph Abeberri[1] (Arrangoitze, Lapurdi, 1895eko urriaren 2aMauthausen, Alemania, 1944ko azaroaren 1a) politikaria izan zen. Ziburuko auzapez ezkertiarra izana, naziek Mauthausen kontzentrazio-esparrura deportatu eta han hil zuten.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseph Abeberri 1895eko urriaren 2an Arrangoitzen sortu zen. Lehen Gerla Handian armetara deitua izan zen, eta bi aldiz larriki zauritu zuten. Euskal Herrira elbarri itzuli zen arren Baionako Suprefeturan lanpostu bat atzeman zuen. 1919an Ziburuko herriko etxeko idazkari izendatu zuten eta horrela aritu zen 1935era arte. Luzaz, Ipar Euskal Herriko gerlako zauritu eta elbarrituen ordezkari gisa aritu zen. 1935eko maiatzean, Ziburuko hauteskundeen kari, Herri Fronte ezkertiarraren zerrenda baten buru aurkeztu eta auzapez zen bilakatu. Bere agirietan gure mintzaira erabili zuen euskara hutsezko afixak zabaldu zituelarik. Horrek garai hartako Ziburu euskaldunaren berri ematen digu.

1936an espainiar faxistak altxatu ziren eta Hegoaldeko euskal lurraldeak odoldu eta zanpatu zituzten. Anitz izan ziren Iparraldeko lurretan babesa bilatu zutenak. Garai hartan Lapurdiko hautetsi gehienak eskuindarrak zirenez gero, ez zituzten biziki ongi hartu. Joseph Abeberri izan zen, eskuak zabalik, paperak emanez eta era guztietako erraztasunak eskainiz, hartu zituen bakanetako bat.

1940. urtetik goiti, hau da, Vichyko gobernuaren garaian, horrelakoak egitea edota ezkerreko politikan aritzea ez zuten begi onez ikusten, eta azkenean, Pétain presidenteak garbiketa politikoa agindu zuen. Agindu honek hainbat eta hainbat hautetsiren kargugabetzea ekarri zuen, eta horrela, Baionako Suprefetak Joseph Abeberri auzapez kargutik kendu zuen.

Baina Joseph Abeberriren lan politikoa ez zen kargugabetze triste horrekin bukatu. Ilunpeko lanetan zebilen, erresistentzian sarturik, eta horrela jarraitu zuen 1944ko ekainean salatu zuten arte. Ekainaren 8an, Normandiako lehorreratzearen biharamunean, alemaniarrek eta heien aldekoek sarekada bat burutu zuten Lapurdiko itsas-hegian. Hendaian hamar bat lagun atxilotu zituzten, horien artean Leon Lannepouquet, hamabi urtez auzapez izana Vichy-ko agintariek 1941ean kargugabetu zuten arte, hondartza aldeko Santa Ana elizako jaun erretorea zen Paul Simon apeza, Julien Karrikaburu irakaslea, Jérome Faget herriko etxean axuanta izana, Dominique Testavin herriko etxeko idazkari nagusi izana, Aita Armand Fily, Jospeh Artola eta Jean Courrège ostalerak, Jean Darbouet zinegotzi ohia…

Donibane Lohizunen saltoki bateko nagusi ziren Lafargue anaiak, Pierre Larramendi ostalera, Jean Sous osteopata, Louis Lafitte, Raymond Marchand, Britannia hoteleko nagusia, Jean-Louis Dupreuilh asegurantza agentea, Georges Chaillou jendarmea … Ziburun ere jende andana espetxeratu zuten: Philippe Blazy medikua, Paul Gelos Herriko etxeko idazkaria, Jean-Antoine Poletti herriko etxeko ingeniari eta obra guztien kudeatzaile zena, Jospeh-Henri Mintegi Ziburun arno-saltzaile zena…, eta baita Joseph Abeberri herriko auzapez izandakoa ere. Hauetako gehienak Alemaniako preso-eremuetara eraman zituzten eta horietako anitz bertan hil ziren.

Joseph Abeberri atxilotu zutenean, Baionako Villa Chagrin presondegira eraman zuten, eta bi hilabeteren buruan, hau da, 1944ko agorrilean Alemaniara deportatu zuten. Han, Mauthausengo preso eremuko Melk eranskinean, hil zen 1944ko azaroaren 18an. Ziburun bada karrika bat bere izena duena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Frantsesezko grafian, Abeberry.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]