Joxe Mari Lopetegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joxe Mari Lopetegi
Datu pertsonalak
Izen osoa Joxe Mari Lopetegi Olaizola
Jaio 1875eko apirilaren 13a
Irun (Gipuzkoa)
Hil 1942ko ekainaren 2a
Arrueta-Sarrikota (Nafarroa Beherea)
Bikotekidea(k) Gillerma Bengoetxea Toledo

Joxe Mari Lopetegi Olaizola (Irun, Gipuzkoa, 1875eko apirilaren 13aArrueta-Sarrikota, Nafarroa Beherea, 1942ko ekainaren 2a) bertsolaria eta politikari errepublikanoa izan zen; bertsoa bere asmo eta ideia politikoen aldeko tresna eta bitarteko bilakatu zuen. Bertsolaritzaren XX. mendeko bigarren erdialderainoko historian, aipagarrienetakoa da Joxe Mari Lopetegi, ‘politiko’ dei litezkeen bertsolarien artean, baina frankismoak inposaturiko, eta garaitsu hartan eta ondoren bertsoaren munduaren ikertzaile ‘ofizialek’ baliaturiko, isiltasuna zela medio, ahanzturan lo egon ziren luzaroan haren bertso eta oroitzapen ia-ia guztiak, harik eta Joxan Elosegi irundar itzultzaileak 2004an, Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen bertsolaria liburuan, haren obraren berri eman zuen arte.[1]

Bizitza

1875eko apirilaren 13an sortu zen Joxe Mari Lopetegi Irungo kalean, Santiago karrikako lehendabiziko etxean hain zuzen ere. Azken karlistaldiko garaiak ziren haiek, gerran ziren orduan Hego Euskal Herriko lurraldeak, baina une larrienak iragoa zen ordurako Irungo herria, aurreko urteko azaroan karlisten setioari onik eutsi eta gero. Nagusi ziharduten liberalek Irunen, eta haien aldeko boluntarioen artean nabarmendu zen halaber Joxe Mari Lopetegiren aita.

Gerra bukatu bezain laster, buru-belarri ekin zioten liberalek aro berriari eta Irun izan zen, hain zuzen ere, haien jomuga nagusietako bat. Estatuko aduana-muga eramana zen ordurako bertaraino, 1841. urtean hain zuzen ere, eta foruak guztiz baliogabetu ondoren, berehala hasi zen aldaketa gizarte maila guztietan nabaritzen. Bizkortu egin zen baserritarren langiletze prozesua eta, aduanetako komisionisten inguruan, bereziki azkartu zen Irunen zerbitzuen arloa, estatuko administrazioarekin hertsiki lotuko zena, merkataritza gune garrantzitsua bihurtuz joango zen aldi berean. Bestalde, burdinbideak ekarritako lehenengo oldeari segida emanez, immigranteen harrera hiria ere izan zen ordutik aurrera Irun, eta berebiziko garrantzia edukiko zuen aldaketa hark euskararen erabileran, ordura arte guztiz herri euskalduna izana baitzen.

Gizarte giro hartan hazi zen Joxe Mari Lopetegi. Herriko eskolan oinarrizko ikasketak egin eta hainbat lanbidetan jardun zuen ondoren. Aita mandataria zuen, zerbitzuen arloko langilea beraz, baina bestetan abiatu zen bera, eraikuntza munduaren inguruko lanbideetan barrena. Etxegintza lanen kontratista izango zen Joxe Mari Lopetegi, bizitzari aisetasunez ekiteko modua izan zuen beraz.

Oso gazterik ezkondu zen Joxe Mari Lopetegi, 1895eko otsailean, 20 urteak bete gabe zelarik. Gillerma Bengoetxea Toledo zeritzan emazteari, irundarra zen eta senarra baino bi hilabete gazteagoa. Zortzi seme-alaba izan zituzten, bi emakume eta sei gizon.

Gazte-gaztetatik hasi zen politikan, errepublikanoen lerroetan. Liberalen arteko ezkertiarrak ziren nolabait errepublikanoak eta, Hego Euskal Herriko beste inon ez bezalako indarra izan zuten Irunen, XIX. mende erditsutik aurrera. 1890. urtean izan zuen Irunek alkate errepublikanoa aurreneko aldiz, eta geroago jardungo zuen Joxe Mari Lopetegik udal lanetan, zinegotzi eta sindiko karguak bete baitzituen hainbat aldiz 1911. eta 1921. urteen bitartean, errepublikanoen lerroetan betiere. Ez zen gehiago zinegotzi izango, baina handik aurrera, sekula ez zen haren hutsunea sumatu Irunen Errepublikaren alde egin ziren ekinaldietan, isilpekoetan nahiz agerikoetan. Errepublika jarri ondoren, omenaldi handia egin zioten Irunen 1931ko abenduaren 13an, eta bertso gogoangarriak eskaini zizkion omenaldi hura zela medio Txirrita bertsolariak, haren erretratu bikaina egiten zuen aldi berean.[2]

Gerra ekarri zuten eskuineko espainiarrek 1936ko uztailean, nazi alemaniarrak eta faxista italiarrak lagun zituztela, eta gerra frontean gertatu zen Irungo herria berehalakoan. Deus gutxi egin zezakeen orduan Joxe Mari Lopetegik, 61 urte zituen orduan. Armarik gabe, berrogeita bost egunean eutsi zion Irunek arma frankistaren eta erreketeen erasoari, baina ezin gehiagoan, Hendaiara jo zuten herritar gehienek 1936ko irailaren 3an eta 4an, haien artean Joxe Mari Lopetegi eta emaztea. Seme bat galdua zuten ordurako Irungo guduetan, Erlaitzen hain zuzen ere.

Irungo iheslariekin batean ibili ziren ordutik aurrera Joxe Mari Lopetegi eta emaztea, zaharrak, emakumeak eta haurrak batean elkarturik. 1937an egokitu ziren Nafarroa Behereko Arrueta-Sarrikota herri amikuztarrean, hango Zamakoitz etxean, eta bertan iraun zuten 1940era arte. Herri bereko Bideberri etxera igaro ziren orduan, eta hantxe hil zen Joxe Mari Lopetegi 1942ko ekainaren 2an.

Bertsoak

1940. urtean Agirre Lehendakariari igorri zion gutun batean adierazi zuen Joxe Mari Lopetegik debilidadea izan zuela beti bertsoak jartzea eta kantatzea. Gogoko zuen jai eta ospakizunetako giroa, eta gaztetako urteetatik aurrera ez zen halakoetan haren kopla edo bertsorik falta izan. Gogoan ditu hainbatek Irunen oraindik ere, XIX. mende bukaerako inauteri batzuetan Lopetegik, berak ere partaide zen konpartsa baten inguruan, sorturiko koplak. Baina galduak dira, zoritxarrez, jai giroan kantatu zituen bertso ia guztiak. Guztiz barregarriak omen ziren bertso haiek, kantatu ez ezik, dramatizatu ere egiten baitzituen, eta grazia handiz imitatzen omen zituen gizonezkoen eta emakumezkoen ahotsak. Halatan, plaza-gizonen antzean agertzeko aukera eskaintzen zioten dohain haiek, berez oso gizon apala izanagatik ere.

Bertsolari politiko gisa aurkeztu izan da oro har Joxe Mari Lopetegi, eta halakotzat hartu beharra dago inolaz ere, harengandik iritsi zaizkigun bertso gehienak gai eta egoera politikoari hertsiki lotuak diren aldetik. Errepublika, askatasunean oinarrituriko gizarte moldea, izan zen Lopetegiren ametsa, eta haren alde eman zuen berak eskain zezakeen opari ederrena: bertsoa. Errepublikaren aldeko bertsolari militantea izan zela esan liteke ezbairik gabe.

Hala eta guztiz ere, errepublika ez beste gai bat ageri zaigu haren aurreneko bertso ezagunetan: euskara. Bizitza osoan zehar, minez bizi izan zuen Joxe Mari Lopetegik bere hizkuntzaren egoera tamalgarria eta, Errepublikak dena konponduko zuela eta, beraz, euskara, lehen mailara ekarriko zuela, uste zuen arren, inoiz ere ezin izan zuen bere inguruan ikusten ari zenak, euskararen hondamendiak, sorrarazten zion samina bere barnetik ohildu ahal izan. Inozo xamarra baitzen, nolabait esan, errepublikagana zuen fede itsu hura.

Lagunartean eta kantatzea gustuko zuen arren, sekula ez zen izan Lopetegi plaza bertsolaria izan, eta Errepublikaren aldeko mitinetara mugatu ziren Irundik eta inguruko herrietatik kanpo egingo zituen agerraldi gehienak. Gazterik hasi zen, ordea, bertsoak orduko prentsa idatzian argitaratzen, Irungo agerkarietan batez ere. Aurreneko bertso sorta, ordea, Resurreccion Maria Azkuek Bilbon gidaturiko Ibaizabal astekarian argitaratu zuen, 1903an hain zuzen ere.[3] Apaizen laguna ez bazen ere, badirudi halako salbuespenak egiten zituela Lopetegik kontua euskara bazen, bertso haiek Amari, hau da, euskarari eskainiak baitziren. Honela bukatu zuen:


« Burua makurturik,

ixill gaude, ixill,
erdaldunen mendean
kiskur eta umill,
Ama guregatikan
penaz lertzen dabill,
Zu orrela utzi baiñan
naiago nuke ill.

»

Euskara eta erbestera joaniko euskaldunak hartu zituen ahotan Lopetegik prentsan argitaraturik ezagutzen diogun bigarren bertso sortan.[4] Alabaina, 1911. urtetik aurrera politika gaiak nagusitu ziren haren bertsogintzan, helburu nagusia, errepublika, begien bistatik kendu gabe. Irungo La Nueva Fontera aldizkari errepublikanoan argitaratu zituen lehenik, eta errepublikanoen ideiekin bat zetozen beste agerkari batzuetan ondoren. 1931ko ekainean hasi zen Irun Republicano astekarian bertso argitaratzen. Aldizkari hartan agertu zituen bere ideia politikoak, unean uneko gertaerak eta eztabaidak tarteko. Errepublika babestu eta defendatu beharra behin eta berriro azpimarraturik, jelkideen estatutu asmoen aurka azaldu zen behin eta berriro, maniobra haietan monarkiazale eskuindarren jukutria besterik ez zuela ikusten. Haren ustez, besterik gabe, berez ona zelako, emango zituen Errepublikak euskal ohiturak, hau da, foruak edo libertateak. Bestalde, jauntxoek eta apaizek, tradizionalisten, karlisten edo jeltzaleen alde eta ezkertiarren aurka, bultzaturiko modu haren ustez basak eta ankerrak ere salatu zituen bere bertsoetan, Askatasunaz bertso sortan egin bezala.[5]

1933ko urtarrilaren 28an eman zuen Lopetegik bere azkeneko bertso sorta Irun Republicano aldizkarian, ez jakin zergatik. Errepublikanoen arteko tirabirak egongo ziren beharbada erabaki horretan. Izan ere, 1933ko ekainaren 26koa da astekari horren azken zenbaki ezaguna. 1936ko gerra arte, Joxe Mari Lopetegik ez zuen bizi publikoan gehiago parte hartu, baina harreman onak izan zituen betiere errepublikano izanekin eta haien artetik sortu ziren ezkerreko ekintzaileekin.

Errepublika hankaz gora jarri zuen eskuindar, falangista eta erreketeen eraso latzak. Irungo hiria galdu ondoren, Hendaian zegoelarik hasi zen Joxe Mari Lopetegi bertsoak berriro argitaratzen. Errepublika bai, jakina, baina faxistei aurre egitea zen orduan kontua, eta helburu eta jomuga hartara bideratu zituen ahalegin guztiak, antifaxista guztiak lagun zituela. Bertso hoberenak dira beharbada garai horretakoak, Ipar Euskal Herriko erbestean ondu zituenak. Euzkadi Roja, egunkari komunista; Tierra Vasca, egunkari abertzalea, eta Euzkadi en Catalunya, Irungo eta Euskal Herriko beste leku batzuetako iheslari batzuek Katalunian argitaratu zuten astekaria izango ziren bertso haien agerkari argitara emaileak.[6]

Gerra Euskal Herrian bukatu eta hiru hilabeteren buruan argitaratu zuen Euzkadi en Catalunya astekariak Joxe Mari Lopetegik gerraren inguruan jarritako azken bertso sorta. Arrueta-Sarrikotako Zamakoitz etxean bizi zen beste ehunen bat iheslarirekin batean, eta bertso ugari ondu eta jarriko zituen herri hartan, hil zen arte. Hala eta guztiz ere, bost sorta baizik ez dira egun ezagutzen, Euzko Deya aldizkarian argitaratu zirelako. Bertso sorta eskaini zion Joxe Mari Lopetegik Jose Antonio Agirre Lehendakariari, Arrueta aldean bizimodua errazteagatik eskerrak emanez eta behar zenerako prest zegoela esanez. Hiru gutun idatzi zion Lopetegik Agirre Lehendakariari eta baten erantzuna jaso bazuen ere, beste bien jaso-agiririk ez zuen jaso. Urte zailak ziren haiek, nazi alemaniarrak Europan barrena hedatzen hasiak ziren eta atetan zeuzkaten Parisen.[7]

1942ko ekainaren 6an hil zen Joxe Mari Lopetegi Arruetan, bere emaztearen ondoan zegoela, sorterrira itzultzeko aukerarik ez zuela eta etxekoak aspaldiko partez ikusi gabe. Alarguna Iruna itzuli eta bertsolaria hila zela jakin zuten bezain laster, ehun eta hogeita bost mila pezetako isuna jarri zioten familiari, haren «erantzukizun politikoengatik».

Erreferentziak

  1. Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen bertsolaria. Paper Hotsak bilduma. Gaztelupeko Hotsak SL Argitaletxea. 2004ko azaroa.
  2. «Lopetegi’tar On Jose Maria’ri aste ontan Txirrita’k jarriyak», Bertsolaria aldizkaria, 1931-12-13, 13. zenbakia. Makazaga inprimategia, Errenteria.
  3. «Semeak amari», Ibaizabal astekaria. Bilbo, 1903-09-20.
  4. «Ameriketako Euskeriarentzat», La Euskaria astekaria, Buenos Aires, 1907-04-13.
  5. «Askatasunaz», Irun Republicano astekaria, Irun, 1931-07-04. Joseba Tapiak musikatu eta kantatu zituen bertso hauek bere Real Politik diskoan (Zakurraren Biolina, 2006).
  6. Joseba Tapiak musikatu eta kantatu zituen bertso haietako batzuk: Ekaitza eta Gezurtientzat (Agur Intxorta maite. 1936-37 gudako kantuak. Gaztelupeko Hotsak, 2001).
  7. Ikus Jose Antonio Lehendakariaren gutunak, Badator.

Kanpo loturak