Joxemari Mendizabal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joxemari Mendizabal
Bizitza
JaiotzaAduna1947ko otsailaren 26a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaTolosa2010eko martxoaren 28a (63 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaizkolaria eta harri-jasotzailea

Joxemari Mendizabal Amundarain —kirol arloko goitizenez Mendizabal II.a— (Aduna, Gipuzkoa, 1947ko otsailaren 26a - Tolosa, Gipuzkoa, 2010eko martxoaren 28a) aizkolaria eta harri-jasotzailea izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adunako Bordabe baserrian jaioa, bere anaia Martin (Mendizabal I.a) bezala herri kiroletan famatu zen. Oso gazte hasi zen herri kiroletan, harri jasotzen batez ere. Mendizabal II.a pisu handiko harriak jasotzen nabarmendu zen, onenen artean aritu baitzen. 225 kiloko harria altxatzera iritsi zen, eta, batez ere, 200 kiloko harri kubikoari sei minutuan sei altxaldi egin zizkion 1975eko apirilean, Azpeitian: artean inork egin gabeko marka.[2] Istripuz zangoa hautsi zuen erakustaldi batean, ordea, eta urtebetez geldirik egon behar izan zuen. Harri-jasotzea alde batera utzi zuen behin betiko; ez, ordea, kirola.

Garai hartan Leitzara (Nafarroa Garaia) ezkondu zen, eta, gogor entrenatuz, goi mailako aizkolari bihurtu zen 30 urterekin. Lehenengo apustua Aierberen aurka jokatu zuen, kanako launa enbor moztera, eta ezusteko garaipena erdietsi zuen. Handik aurrera, hamabi urtez, apustu asko jokatu zuen. Hiru aldiz izan zen Nafarroako txapeldun (1981, 1984 eta 1987), behin Euskal Herriko txapeldun (1985) eta behin Euskal Herriko txapeldunorde (1987). Txapelketetan eta markak ezartzen trebezia handia erakutsi bazuen ere, apustuetan egindako lanagatik lortu zuen ospea, eta horietan maisu izan zen.[3] Berrogeita bi urterekin kamioilari hasi zen lanean, eta plazetatik erretiratu zen.

Hogei urtez aizkoran norgehiagokarik egin gabe izan eta gero, 2009an berriz entrenatzeari ekin zion, lehiaketara itzultzeko asmoz. 2010eko martxoaren 28an izan zuen lehendabiziko lehiaketa: Jose Mari Olasagastiren aurka jokatutako apustu gogorra, launa kanako zutik jarrita ebakitzea. Mendizabalek hirugarren enborrean bertan behera utzi zuen norgehiagoka, ondoezik. Bere onera itzuli zela zirudien, baina, prentsaurrekoaren ondoren bazkaltzera zihoala, bihotzekoak emanda hil zen.[4][5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]