Joxepa Arregi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Joxepa Arregi Egidazu
Datu pertsonalak
Izen osoa Joxepa Arregi Egidazu
Jaio 1919ko apirilaren 9a
Arrasate (Gipuzkoa)
Hil 2010eko maiatzaren 24a
Arrasate (Gipuzkoa)

Joxepa Arregi Egidazu, (Arrasate, Gipuzkoa,1919ko apirilaren 9a - Arrasate, Gipuzkoa, 2010eko maiatzaren 24a) Jesus Mari Zabarte euskal preso politikoaren ama eta Pakito Arriaranen izeba izan zen. Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko borrokan eman zuen bizitza. Izaera borrokalariaz, espetxe politikari aurre egin beharraz, preso eta iheslarien amaren irudi eta sinboloa izan zen. Etxerat elkarteko presidentea izan zen.

Eduki-taula

[aldatu] Biografia

Joxepa Arregi Egidazu 1919ko apirilaren 9an jaio zen Arrasateko Musakola auzoko Garratz baserrian. Anaia bikia izan zuen, Alberto. Guztira 12 anai-arreba izan ziren etxean; eta, artean gaztetxoa zela, 13 urterekin, eskola utzi eta neskame lanetan hasi zen.

Tomas Zabarte Iturriaga, bere senarra izango zena, Gaztedi Sozialista Bateratuetako (JSU)[1] kide izanik, Guadalupeko Gotorlekuan kartzelatu zuten 1934ko Urriko Iraultzan parte hartzeagatik. 36ko gerran, Tomas Gazte Sozialista Bateratuen Dragones miliziano batailoiko teniente izan zen. Besteak beste, Intxortako frontean egin zuen borroka bere batailoiarekin.[2] Azkenean, Asturiasko frontean atxilotu zuten, eta kartzelatu.

Tomas espetxetik irten ondoren ezkonduko ziren. Hiru seme-alaba izan zituzten: Jose Alberto, Isabel eta Jesus Mari. Hirugarren semea jaio aurretik hil zen Tomas, Joxepak 25 urte zituela. Alargunduta eta gerraosteko egoera larri hartan, bizitzari aurre egitearren, fundizio bat antolatu zuen Ziorlan, beste langile batzuekin elkartuta.

[aldatu] Jesus Mari semearen norabidetik

1969an, Jesus Mari Zabarte Garratz semea, ETAko boluntarioa izanik, ihes egin zuen Arrasatetik Ipar Euskal Herrira, bertan errefuxiatzeko. Joxeparen bizitzak norabide berria hartu zuen semearen babes eta laguntza humano eta politikoa erabat bere gain hartu zuelarik.

[aldatu] Kartzeletako bideak

1973ko irailaren 26an Espainiako poliziak segada bat prestatu zuen Bilboko Indautxu kalean Jesus Mari ZabarteGarratz eta Imanol Mitxelena atxilotzeko. Tiroketan Garratzek bost tiro jaso zituen eta Mitxelenak beste bost. Atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Kartzelaz-kartzela ibiltzen hasi zen: Basauri, Burgos, Santoña, Carabanchel, Puerto de Santa Maria...

1977ko amnistia dekretuarekin libre geratu zen, eta egunerokotasun normal batera itzuli zen. 1978an atxilotu zuten berriro, itxura denez poliziek Jesus Mari hiltzeko prestatuta zeukaten segada batean[3] bizirik atera ostean. Jesus Mari berriro kartzelara bueltatu zen. Lehendabizi Martutenera eta handik Soriara. Soriatik irten zen 1979ko martxoaren 28an, eta 1984ko ekainaren 15ean atxilotu zuten berriro, Hernanin, Guardia Zibilek ETAko talde bat etxebizitza batean inguratu zutenean, inongo ihesbiderik gabe. Guardia Zibilek Garratzekin etxebizitza hartan zeuden Agustin Arregi Txuria eta Juan Luis Lekuona Kattu hil egin zituzten[4] [5].

1984tik aurrera kartzela ugarian izan da Jesus Mari. Semea zihoan kartzeletara, hara joango zen Joxepa ere, falta barik: Carabanchel, Herrera de la Mancha, Alcala-Meco, Almeria, Ceuta, Salto del Negro, Puerto de Santa Maria, Alcala, Salto del Negro, Alcala, Valdemoro, Salto del Negro, Huelva, Jaen...

[aldatu] Joan etorria espetxera

Jesus Marik egoera larriak ezagutu ditu espetxean. Amaren erronka ez da bestelakoa izan. Honela azaltzen zuten Joxepak Ceutako kartzela zaharrera bere seme gazteena ikusteko, egin behar izaten zuen bidaia[6]:

"Ostiral eguerdiko 15:00retan trena Zumarragan hartu, hain justu, Paristik zetorren “ilargi erdiaren trena” delakoa, arabiarrez beteta etortzen baitzen. Trenean lo egiten saiatzen zen, eta Algeciras-era larunbat goizeko 9:00etan heltzen zen.

Gero barkua hartu behar zuen eta Gibraltarreko itsasartea barkuz zeharkatu, espetxeraino heltzeko. Larunbat arratsaldean bisita egin ostean, Penintsula behetik gora zeharkatzen zuen berriro. Zumarragara igandeko 16:00retan heltzen zen. Funtsean, 48 orduko bidaia ia etengabea".

[aldatu] Presoen aldeko eskubideen borrokaren ikur

Joxepa semeak hartutako bideak markatu zuen erabat. Espetxeari aurre egiteko han izan beharra sentitu izan zuen beti. Bere egin zuen preso politikoen eskubideen aldeko borroka. Jarduera horretan euskal preso politikoen ama guztien ikur bilakatu zen. Ahal zuen mobilizazio guztietan parte hartuko zuen, jendea animatzen gainera. Inork ondo zegoen galdetuta beti erantzun bera emango zuen: "Ondo ez, gogor!!". Itzal handia izan zuen errepresaliatuen familiartekoen artean, eta Etxerat elkarteko lehendakari ere izendatu zuten.

[aldatu] Semeak agur esateko aukerarik gabe

Joxepa hilzorian zegoela, Jesus Marik ama bisitatzeko baimena eskatu zuen. Ezaguna da Garratzek ez duela inoiz espetxeetako agintariei ez holakorik ez bestelako mesederik eskatu, baina oraingoan amari agur esateko egin zuen eskaera, legeak esandakoari jarraiki. Jesus Marik adierazi zuen ama bizirik ikusi nahi zuela, bere bizitzako esker ona adierazteko, bizitza osoan jasotako guztia zelanbait itzultzeko. Baina eskaerari entzungor egin eta ama ikustera eraman beharrean Huelvako espetxetik Jaen II espetxera eraman zuten [7].

[aldatu] Agur ekitaldiak

[aldatu] Agur omenaldia Ziorlan

Maiatzaren 26an agur omenaldi jendetsua eskaini zioten. Musakolako Santa Teresako elizan hileta zeremonia erlijiosoa egin ondoren, ekitaldi zibila egin zen elizaren atari aurreko plazan[8].

Bertan, Jon Maia eta Jokin Labaien bertsolariek bertso sorta bat abestu zuten, Ines Osinaga, Gose taldeko abeslaria, Amets Gorria[9] kanta abestu zuen Joxepa Arregiren omenez [10].

[aldatu] Azken agurra Anboto mendiaren magalean

Uztailaren 11n senide, lagun eta ezagunek Anboto mendiaren magalean errautsa zabaldu eta ekitaldia egin zioten. 100 lagunetik gora elkartu dira Zabalaundin. Joxepa Arregiren argazkiarekin batera Jesus Mari Zabarte semearen argazkia, arrosak, ikurrinak, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuten banderak eta bandera errepublikarra zeuden ekitaldian.

Azken agurra emateko bost lagunek Aurreskua dantzatu zioten. Jarraian, Jesus Mari Zabarte semeak idatzitako gutuna irakurri zuten eta horrekin amaitzean, Amaia Gabilondok egindako olerkia entzuteko aukera izan dute Zabalaundin bildutakoek.  Segidan, guztiei banatutako oroigarri batean idatzita zeuden Jon Maiak maiatzaren 26an abestutako bertsoak kantatu zituzten.

Jarraian, senideek ikurrinean zabaldu zituzten Joxeparen errautsak eta lau haizeetara hedatu. Ekitaldia Arregik horrenbeste aldiz abestu zuen Eusko gudariak kantuarekin amaitu zen[11][12].

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak