Juan Astigarribia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Astigarrabia» orritik birbideratua)
Juan Astigarribia

Bizitza
JaiotzaDonostia1901eko azaroaren 20a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1989ko martxoaren 4a (87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista
Euskadiko Partidu Komunista

Juan Astigarribia Andonegi (Donostia, 1901eko azaroaren 20 - ibidem., 1989ko martxoaren 4) euskal herritar politikari komunista eta 1936an Eusko Jaurlaritzako Herri Lan Sailburua izan zen.

Astigarrabiari eskainitako Antigua auzoko kulturetxearen aurrean jarritako oroigarria.
Juan Astigarrabiaren monumentoko oroigarria

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asti ezizenez ezaguna, Nautika hiru urtez ikasi eta marinel bihurtu zen. Gaztea zela PCEn sartu eta Espainian zehar ibili zen zelula klandestinoak antolatzen. Gipuzkoa itsasaldeko langile-mugimenduaren buruzagietako bat izan zen. 1932an, Jose Bullejos idazkari nagusia partidutik kanporatu zutenean Kominternarekin edukitako liskarrengatik, Astigarribia zuzendaritzan sartzekotan zegoen, baina alderdi barneko tirabirak zirela eta, azkenean José Díaz hautatu zuten, Internazional Komunistaren gogoko hautagaia zena.

1934an, Espainiako Alderdi Komunistaren Federazio Euskal-Nafarreko (Federación Vasco-Navarra) idazkari nagusi bihurtu zen. Erakundearen ordezkari gisa, hurrengo urtean Moskura joan zen III. Internazionalaren VII. Kongresura, baina etsitua itzuli zen. Astigarribia kexu zen bere partiduak zeukan autonomia gutxiagatik Kominternak hartutako erabakien aurrean.

1935ean Euskadiko Partidu Komunista sorberriaren lehendabiziko Idazkari Nagusi izendatu zuten. Espainiako Gerra Zibila hasi eta gero Eusko Jaurlaritzako Herri Lan Sailburu hautatu zuten. Hala ere, Madrilen eta Bilbon zituen partidu barneko etsaiek, Jesus Monzon eta Ramon Ormazabal horien buru zirela, bere lana erasotu zuten. 1937an Bilbo galdu zenean, partidutik bota zuten Eusko Jaurlaritzaren erabakiak jartzeagatik bere alderdiari zor zion obedientziaren gainetik, eta Panamara ihes egin behar izan zuen Eusko Jaurlaritzako bere kideen laguntzaz.

1959an Kubako Iraultzak garaipena lortu eta gero, Kubara joan zen bizitzera bere familiarekin. 1974an Euskadiko Partidu Komunista berrantolatu zutenean, berriro zuzendaritzara itzuli zen, nahiz eta bertako zuzendari lanetan Ormazabal antzinako arerioa egon. Bien arteko tirabirak biziberritu egin ziren, eta Asti, partiduko gehiengoarekin batera eta Roberto Lertxundiren zuzendaritzapean, Euskadiko Ezkerran sartu zen. Hantxe militatzen eman zituen azken urteak, 1989an hil arte.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]