Juan Carreño de Miranda

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
San Sebastian (1656)
Karlos II.a, Madrileko Real Alcázarren (1675)

Juan Carreño de Miranda espainiar pintorea izan zen (Aviles, 1614 - Madril, 1685). Ospe handia izan zuen erlijio-gaiko pinturei esker. Madrilgo eskolako XVII. mendeko pintore nagusietako bat bihurtu zen.

Carreñok Velazquezengandik bereganatu zituen joera inpresionistako pintura, argi-ilun jokoetatik urruntzen zen errealismoa eta irudien soiltasuna. Carreñok erabiltzen zituen koloreak Velazquezenak baino hotzagoak ziren, gorri biziaz alaitzen zituen soilik. Velazquezen eraginaz gainera, aipatzekoa da Tizianok eta Van Dyckek Carreñorengan izan zuten oihartzuna.

Hamaika urte zituela jaioterria utzi eta Madrila aldatu zen bere familiarekin batera. Madrilen Pedro de las Cuevas eta Bartolome Romanekin hasi zuen bere formazioa.

Ondoren, Francisco Riziren lantegian laguntzaile gisa hasi zen lanean, eta hainbat lanetan parte hartu zuen: Alcazarreko freskoak, Toledoko katedraleko Ochavo kupula eta Arrosarioko Andre Mariaren kapera. Era horretakoak izan ziren Atochako Andre Mariaren kaperaren apaingarriak (Honorio aita santuaren ametsa eta Santo Domingo de Guzmanek elizaren eroraldia geldiarazi zuenekoa). Karlos II.a erregearen pintore izan zen 1669an eta ganbarako pintore 1671n. Erlijiozko gaien inguruan hasieran egin zituen lanen artean aipatzekoak da Trinitarioen ordenaren sorrera (Louvre).

Carreñoren lehenengo aroan Rubensen eragina antzeman daiteke Agerkundea eta Santa Katalinaren ezkon-hitza obran (1653, Madrilgo Hirugarrendarren Ordenako ospitalea). Urte berekoa da Magdalena (San Fernandoko Akademia) eta San Sebastian (Prado museoa). Ama Birjinaren lanak argitasun handikoak eta gizatiarrak dira, garai hartako beste pintoreen eredu mistiko edo idealizatuetatik oso bestelakoak: Jasokundea, Koroatzea eta Sortzez Garbiak. Beste lan erlijioso garrantzizko batzuk: Villanuevako Santo Tomas limosna banatzen (Louvre) eta Ecce Homo (Cerralbo museoa).

Dena dela, erretratugilea zen batez ere Carreño, Espainiako nagusietako bat Velazquezen ondoren. Velazquezek Filipe IV.ari egindako hainbat erretratu kopiatu zituen.

1669. urtean Austriako Mariana erreginaren zerbitzuan hasi zen eta gorteko pintore izendatu zuten handik bi urtera. Rubensen, Van Dycken eta Italiako margolarien eragina nabaria da bere lanetan. Velázquez pintorearen zuzendaritzapean egin zuen lan.

Ganbarako pintore zela Karlos II.aren hainbat erretratu egin zuen, zeinetan nabarmentzen diren erregeak zuen eritasunaren ondorioak. Horien artean aipatzekoa da 1671n egin zuena, eta gaur egun Oviedoko museoan dagoena. Gorteko erretratuen artean, Mirandako kondea eta kondesa (Casa Torres bilduma), Monterreyko kondesa eta Aguilar de Inestrillaseko kondea (Lazaro Gardiano museoa) dira aipagarriak. Azken horretan, nabarmena da Velazquezen eragina eta aldi berean Van Dyckek genero horretan egin zituen lanena. Eragin horiek are nabarmenagoak dira Pastranako dukea (Prado museoa) eta Santa Latzeko markesa (bilduma partikularra). Velazquezek gorteko bufoiak pintatu zituen bezalaxe, Carreñok gorteko beste pertsonaia batzuk pintatu zituen, hala nola Eugenia Martinez Vallejo eta Francisco Bazan (Prado museoa).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Juan Carreño de Miranda

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]