Juan Felix Iriarte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Felix Iriarte
Bizitza
JaiotzaSunbilla1912ko urriaren 1a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaBanka1987ko otsailaren 15a (74 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Juan Felix Iriarte Gaintza, izengoitiz Berjinanto (Sunbilla, 1912ko urriaren 1a - Banka, Nafarroa Beherea, 1987ko otsailaren 15a), nafar bertsolaria izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Felix Iriarte Sunbillan jaio zen, 1912ko urriaren 1ean. Bederatzi urte baizik ez zituela joan zen Aldudera bizitzera, baserri bateko mutil gisa lan egitera.[1] 13 urterekin hasi zen bertso-kantari, Joanes Harriet aldudar bertsolariarekin. Hamasei urte zituela, toberak eta kabalkadak kantatzen hasi zen, Panpale-rekin batera. 1936ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi, eta bosgarren gelditu zen Euskal Herrikoan. Bankara ezkondu zen 1938an, Beronika Ospitalekin. Ederki laketu zuen, zahartzaroan idatzitako bertso hauek erakustera ematen duten bezala:[1]

1 Horra zer gauza xoragarriak zeru azpiko izarrak

Gau ilunean behatzen bada ikusten dira bakarrak

Bi koloretan ageri dira urreak ta zilarrak

Horiek oro eginak ditu Jainko Jaunaren indarrak


2 Huna Bankako herri pollita izar eder bat iduri

Oihanetako xori guziak arbolen puntan kantari

Mendietako erreka hetan arrain pollitak igeri

Bankan zoin urus bizi giren gu hortarikan da ageri


3 Udaberrian sortuko dira mendi gainetan loreak

Bazter guziak xoratzen ditu berduraren koloreak

Bai eta ere arboletarik xorittoen amoreak

Nik ere kantuz igortzen ditut herriaren ohoreak


4 Itsasorikan ez dugu bainan baditugu hor mendiak

Elgarren kantu besarka daude ttipiak eta haundiak

Heien gainean alhatzen ari behiak eta ardiak

Gain hei(e)tako sorotan berriz behorrak eta zaldiak


5 Bihotz guziak alegeratzen primaderako fazoinak

Zelaietarik mendi gainerat heldu zaizkigu artzainak

Bide hegian esnez beterik ikusten dira bidoinak

Uda eder bat pasatzen dute laguntzen batu sasoinak


6 San Migeletik San Martinerat Bankako mendi gainetan

Ihiztariak gorderik daude beren harmak eskuetan

Uso gaixoak hor heldu dira nekaturikan airetan

Eta ainitzak lurreat doaz pentsatu ere gabetan


7 Bankako mendi gainetarikan urrun egiten da soa

Alde batetik Adour ibaia bertzetikan Bidasoa

Miraila baten pare han dago aitzinean itsasoa

Begi luzekin behatzen bada Euskadi oso osoa


8 Berrogei eta hamar urte du Bankan bizitzen nizala

Bizkar gainean jarri zait orai adin handiko itzala

Hau bururatu behar dut orai hasia dutan bezala

Gure Jainkoak bankar guzier graziak ixur ditzala[1]

Plaza anitzetan aritu zen kantuz, Ipar Euskal Herrian gaindi, baita zahartzaroan ere. 1950ean hirugarrena izan zen Teodoro Hernandorenak antolatutako Euskal Herriko txapelketan, eta 1951n zazpigarrena. [1] 1987ko otsailaren 15ean hil zen Bankan.

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Bidegain, Eneko. Urepeletik Bidarraira, bi mende bertsotan. Bertsolari aldizkaria, 2019ko urtarrilak 3, CC BY-SA 4.0, bertsolari.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]