Juan Garai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Garairen estatua Buenos Aireseko enparantza batean.

Juan Garai[1] (Urduña?, 1528?- Punta Gorda, Santa Feko probintzia, 1583) militar, esploratzaile eta konkistatzaile bizkaitarra izan zen.

Hala jaioterria nola jaiotze urtea zalantzatan daude, erregistro zehatzik ez dagoenez. Gaztea zelarik, 1546an familiarekin gaur egungo Perura iritsi zen, eta ordutik aurrera ekin zion esplorazio taldeekin joateari, batez ere gaur egungo Bolivian (Alto Perú), eta 1561ean Santo Domingo de la Nueva Rioja eta Santa Cruz de la Sierra hiriaren sorreran parte hartu zuen. Azken hiri honetan 7 urte eman zituen. Charcasen eta Potosín borrokatu zen eta berehala heldu zen kapitain izatera.

Urte batzuk geroago gaur egungo Paraguaira joan zen, bertako gobernari zen eta osaba zuen Juan Ortiz de Zaratek hiri bat sor zezala agindu zion eta. 1573an Santa Fe (Argentina) hiria sortu zuen. Handik denbora laburrera osabak laguntza eskatu zion; Juan Garai harengana zihoala ontzia hondoratu egin zen, eta bertako biztanleek eraso egin zieten Garairi eta haren gizonei. Garai zauriturik gertatu zen arren garaile irten zen. Hurrengo urtean Rio de la Platako probintzia guztien gobernadore eta kapitain nagusia izendatu zuten.

1579. urtean Villa Rica del Espiritu Santo eta Santiago de Jerez hiriak sortu zituen eta urtebete geroago Buenos Aires hirira berriro jendea eramatea deliberatu zuen. Garairen agindupean sortu zen Buenos Airesko eraikuntza lanetan bertako biztanleek beharturik parte hartu zuten. 1581. urtean Buenos Airesko hegoaldeko lurralde eta kostaldeak konkistatzera irten zen, baina Buenos Aireserako itzuleran hil zuten bere gizon askorekin batera.

1983an bere omenez "Juan de Garay" fundazio euskal-argentinarra sortu zuten Buenos Airesen, eta gaur egun eta besteak beste plaza eta kale banak haren izena daramate Urduñan eta Bilbon, hurrenez hurren.

Erreferentziak

  1. Espainiar agirietan Juan de Garay

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Garai Aldatu lotura Wikidatan