Juan Martín Díez
Juan Martín Díez, El Empecinado gisa ere ezaguna (Castrillo de Duero, Valladolid, 1775 - Roa, Burgos, 1825), espainiar gerrillaria izan zen.
[aldatu] Biografia
Laboraria zen eta frantses indarren aurkako lehen gerrilla-talde garrantzitsua antolatu zuen Espainian, 1808an.
Cuenca eta Guadalajara aldean borrokatu zen, batez ere, eta arrakasta handia izan zuen lehen urteetan. 1812ko otsailean, galera handiak eragin zizkioten frantsesek haren taldeari Sigüenza hiritik hurbil, baina taldea berriro osatu eta Guadalajarako hiria hartu zuen urte berean.
Goi-mailako karguak eman zizkioten Espainiako armadan gerra ondoren, eta 1820an, Riego liberalaren matxinadan parte hartu zuen. Ondoko hiru urteetan, politika-kargu batzuk izan zituen gobernu liberalean, eta absolutistek preso hartu zuten, 1823an. Bi urtez preso eduki ondoren, heriotza-zigorra ezarri zion auzitegi batek; urkabera zeramatela esku-loturak hautsi zituen, eta baioneta-zartadez hil behar izan zuten.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.