Juan Negrín

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Juan Negrín (Las Palmas Kanaria Handikoa, Espainia, 1889 - Paris, Frantzia, 1956), fisiologo eta politikaria.

Medikuntza ikasi zuen Leipzigen (Alemania), eta 20 urterekin doktore titulua lortu zuen. 1916an Espainiara itzuli zen, eta unibertsitate irakasle bilakatu zen, 1922an fisiologia katedra eskuratu zuelarik. Gainera, mundu osoan ospe handia izan zuen eskola bat sortu zuen Madrilen. Miguel Primo de Riveraren diktaduran PSOEko kide egin zen. 1931tik aurrera diputatua izan zen. 1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi eta gero Fronte Popularraren gobernuak Ogasuneko ministro izendatu zuen eta 1937ko maiatzaren 17an, Azañak gobernuburu hautatu zuen, Francisco Largoren ordez.

Erresuma Batuak eta Frantziak gerran esku hartuko ez zutela agindu zutenez, Negrinek Sobietar Batasunari erosi behar izan zizkion armak eta ordainetan Moskura bidali zuen Espainiako Bankuak gordea zuen urrearen erdia; bestalde, alderdi komunistaren eragina mugatu nahi izan zuen.

Errepublikak gerra galtzear zeukala ikusirik, bake eskaintza bat egin zion Francori, hark, ordea, ez zion onartu. Gerra irabazteko azken ahalegina egin zuen orduan eta alderdi komunistaren laguntzaz Ebroko gudua prestatu zuen. Francoren gudarosteak Katalunia mendean hartu zuenean Frantziara joan zen, baina handik gutxira itzuli zen. Casado koronelaren matxinadak kargutik kendu zuen, Frantzian erbesteratu zen eta errepublikak atzerrian zuen gobernuko lehendakaria izaten jarraitu zuen 1945 arte.

Parisen hil zen, 1956an.


Erreferentziak [aldatu]