Juan Rulfo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Juan Rulfo

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuan Nepomuceno Carlos Pérez Rulfo Vizcaíno
JaiotzaSayula (udalerria)1917ko maiatzaren 16a
Herrialdea Mexiko
HeriotzaMexiko Hiria1986ko urtarrilaren 7a (68 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, gidoilaria, argazkilaria eta eleberrigilea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakWilliam Faulkner
KidetzaAcademia Mexicana de la Lengua

elem.mx…
IMDB: nm0750031 Allmovie: p314452
Musicbrainz: a518872e-c078-40ce-8dba-444ef83e6c71 Discogs: 2342289 Find a Grave: 7943903 Edit the value on Wikidata

Juan Rulfo edo Juan Nepomuceno Carlos Pérez-Rulfo Vizcaíno (Sayula, Jalisco, Mexiko, 1917ko maiatzaren 16aMexiko Hiria, Mexiko, 1986ko urtarrilaren 7a) gaztelaniazko idazlea eta argazkilaria izan zen. Errealismo magikoaren aitzindaria izan zen; Pedro Páramo eleberria da bere lanik ezagunena. Rulfo, bere obraren laburtasuna gorabehera, Latinoamerikako XX. mendeko idazle onenetakotzat hartzen da.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zortzi urte zituela aita galdu zuen, eta sei urte geroago, ama. Beraz, eskolan eta umezurztegietan igaro zuen haurtzaroa. Kontularitza eta lege ikasketak egin zituen. Literatura zertxobait bat ere ikasi zuen, baina bere kasa landu zuen gehienbat. Ikasketak amaituta, lanean hasi zen: administrazioan, batetik, eta zinemarako eta telebistarako gidoiak idazten, bestetik. 1962an lanpostua lortu zuen Mexikoko Institutu Indigenistan. 1973an Mexikoko Letretako sari nazionala irabazi zuen eta Miguel de Cervantes saria gero. 1983an Asturiasko Printzesa saria irabazi zuen.

Lautada sutan ipuin-bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953an argitaratu zuen bere lehenengo lana, hamabost ipuinen bilduma bat: El llano en llamas (Lautada sutan, Koldo Etxabek euskaratua). Kontakizun horietan lur gogor erraustuak, eta herri hustu hondatuak azaltzen dira, hilak ia ez beste inor bizi ez direnak. Herri horietan bizi den jendea miseria gorrienean bizitzera kondenatuta dago, handik ihes egitera, edo krimenera, bestela. Miseria fisikoak era guztietako miseria moralak sortzen ditu ondotik: sineskeriak, gorrotoak, krimenak, mendekua... Etsitako mundu gogor bortitza da, gosearen, bakardadearen eta heriotzaren mendekoa, fantasmagoriazko mundu oniriko bat.

Pedro Paramo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarri horiek guztiak agertzen dira, baita ere, haren eleberri laburrean, Pedro Paramo (1955), Latinoamerikako errealismo magikoaren obra aintzindari eta interesgarrienetako bat.

Eleberri errealistatzat har daiteke garai historiko jakin batean gertatzen delako, baina kontakizunak, denborazko plano desberdinetan banatuta, hautsi egiten ditu linealtasuna eta hurrenkera. Eleberri konplexu bat da, atal txikiz osatutakoa. Atal horiek irakurleak modu egokian elkartu behar ditu, puzzle baten zatiak balira bezala.[2] Azken batean, hildakoen denbora mugiezina dela esan nahi digu idazleak; edota amaigabeko orainean, zirkuluetan, mugitzen den denbora dela. Honela, irudi iheskorrez osatutako mundu bat osatzen du.

Rulforen obrak aldaketa handia eragin zuen eleberrigintza errealistan, nekazari girokoa eta asmo sozialekoa. Haren gaiak errealismoarenak berak dira neurri handi batean, baina gai horiek tratatzeko modua guztiz berria da: Rulfo desagertu egiten da kontakizunetik, baina gauzak sakontasun handiagoz erakusteko, bere biluzi errukigabean, edo pertsonaien beraien bidez, irakurlearengan arrasto ezabaezina utziz. Bestalde, gai unibertsalak eta gizaki guztiak ukitzen dituztenak erabiltzen ditu: oinazea, itxaropen hautsiak, bakardadea eta heriotza. Heriotzak, bizitza barren-huts bateko ifrentzua bezala, haren literatur lan guztia zeharkatzen du bere presentzia tematiaz. Rulfok, gainera, teknika narratibo berriak erabili zituen: kontakizunaren kronologiaren bilakaera hausten du, barne bakarrizketak erabiltzen ditu, eta elkarrizketak tartekatzen bat-batean, ikuspegia aldatzen du ustekabean, eta abar. Haren idazkera laburzalea, ia lehorra, herri hizkuntzan eta hizkeran oinarritua baina oso landua, Faulknerren eragin nabarmenekoa da.

Pertsonaiak::

¨   Juan Preciado: Pedro Páramoeta Dolores Preciadoren semea. Comalara bidaia egiten duena. Han hilko da, eta Dorotearekin hilobiratuko dute.

¨   Eduvygis: Juan Preciadok Comalan ezagutu duen emakumea, bere amaren aspaldiko laguna.

¨   Dorotea: Zoratuta bukatzen du, ezin duelako haurrik izan. Miguel Páramoren maitale izana da, eta gainera azken honi neskatxak bilatzen zizkiona. Berarekin dago hilobian Juan Preciado.

¨   Dolores Preciado: Juanen ama. Herriminak eta harrotasunak hilko dute, bere herritik urrun. Baina bere duintasuna gordetzen du. Desilusioaren historia da berea.

¨   Miguel Páramo: Pedro Páramok onartu duen seme bakarra.

¨   Lucas Páramo: Pedro Páramoren aita.

¨   Abundio: Pedro Páramoren semea. Bera da narrazioa irekitzen eta ixten duena.

¨   Susana San Juan: Pedro Páramok nahi duen emakumea. Florencioren maitale izana. Zoratuta hilko da. Bartolomé San Juanen alaba da. Aitak soka baten bidez putzu batera jaisten duenean zoratzen dela ematen du.

Juan Rulfo, argazkilari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrez gain, idazle mexikarra argazkilari trebea ere izan zen. Juan Rulfo Fundazioak sei mila argazki negatibo baina gehiago ditu gorderik. Nagusiki hiru gai lantzen ditu bere argazkietan: arkitektura, paisaia eta erretratua.[3]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lautada sutan (El llano en llamas, 1953).

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pedro Páramo (1955).

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Antología personal (1978).
  • Urrezko oilarra (El gallo de oro y otros textos para cine, 1980).
  • Juan Rulfo (1980).
  • Inframundo, el México de Juan Rulfo (1983).
  • Los cuadernos de Juan Rulfo (1994).
  • Aire de las colinas (2000).

Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ibinagabeitia Proiektua / Susa-27 / Amerika (1991-maiatza)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
  2. Berria.eus. «Comalakoaren mendeurrena» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-09-14).
  3. (Gaztelaniaz) «Juan Rulfo - Detalle del autor - Enciclopedia de la Literatura en México - FLM - CONACULTA» www.elem.mx (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  4. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  5. «Lautada sutan - Juan Rulfo» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
  6. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  7. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]