Juan de Juni
Juan de Juni (Joigny, Frantzia, 1507 - Valladolid, Espainia, 1577) eskultorea izan zen. Jatorriz frantsesa, espainiartu egin zen.
Italian izan ondoren (Lombardia, Erroma) Espainiara jo zuen, eta Leon, Valladolid, Salamanca eta Segovian lan egin zuen batez ere. Junirenak dira, besteak beste, zazpi irudiz osaturiko Hilobiratze santua (Valladolideko Museoan), Segoviako katedraleko erretaula nagusia (1571), Valladolideko San Benito elizakoa (1560), Medina de Riosecoko benaventetarren kapera eta eliza bereko Andre Maria Doloretakoaren irudia. Tradizio gotikoa erabat ahaztu gabe, manierismoaren ikusmoldeei jarraitzen die Juan de Junik, eta dramatismo nabaria dute bere lanek. Espainiako eskultore handienetako bat izan zen, Alonso Berrugueterekin batera.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.