Jugoslavia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista
Socijalistička Federativna Republika Jugoslavija
Социјалистичка Федеративна Република Југославија
Socialistična Federativna Republika Jugoslavija

1943 – 1992
Errepublika federal sozialista
Flag of SFR Yugoslavia.svg Emblem of SFR Yugoslavia.svg
Goiburua
Bratstvo i jedinstvo
Ereserkia
Hey, Eslaviarrak
SFRYmap.PNG
Sorrera 1943
Deuseztapena 1992
Hiriburua Belgrad
Hizkuntza(k) Serbo-kroaziera, esloveniera eta mazedoniera
Eremua 255.804
Biztanleria 23.724.919
Dirua Jugoslaviar dinarra
Telefono aurrezenbakia +38
Aurrekoa
Flag of the Kingdom of Yugoslavia.svg Jugoslaviako Erresuma
Ondorengoak
Eslovenia Flag of Slovenia.svg
Kroazia Flag of Croatia.svg
Mazedoniako Errepublika Flag of the Republic of Macedonia 1992-1995.svg
Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Flag of Bosnia and Herzegovina (1992-1998).svg
Jugoslaviako EF Flag of FR Yugoslavia.svg

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista, serbokroazieraz Socijalisticka Federativna Republika Jugoslavija edo soilik Jugoslavia Bigarren Mundu Gerratik Balkanetako Gerrak arte iraun zuen Europako estatu sozialista-plurinazionala izan zen, Balkanetako penintsulan. Gaur egun Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Mazedonia, Serbia, Kosovo eta Montenegro diren lurrak hartzen zituen.

Herrialdea 1945ean sortu zen gerra aurreko Jugoslaviako Erresumatik, hasieran ‘’’Jugoslavia Federal Demokratikoa izena hartuz, geroago ‘’’Jugoslaviako Errepublika Federal Popular’’’ (1946) eta ‘’’ Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista’’’ra (1963) izena aldatu zuelarik.

JEFS-ak Italia eta Austriarekin ipar-mendebaldean, Hungaria eta Errumaniarekin iparraldean, Bulgariarekin ekialdean, Grezia eta Albaniarekin hegoaldean, eta itsaso Adriatikoarekin mendebaldean egiten zuen muga.

Gerra Hotzaren garaian Lerrokatu gabeko Herrialdeen Mugimenduko kide garrantzitsua izan zen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jugoslaviako Erresumak bezala, muga hauek zituen: iparraldean, Italia, Austria eta Hungaria; ekialdean, Errumania eta Bulgaria; hegoaldean, Albania eta Grezia, eta mendebalean, Adriatiko itsasoa. Hiriburua Belgrad zen (eugn, Serbiako hiriburua).

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxategi:SFRYugoslaviaNumbered.png
Jugoslaviako Errepublikak.

Herrialdea sei Errepublika Sozialista eta Serbiako Errepublika barnean zeuden bi Probintzia Autonomo Sozialistatan banatzen zen. Hiriburu federala Belgrad zen. Errepublikak eta hauen hiriburuak:

1. Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Sozialista, hiriburua Sarajevo, 51.129 km2 eta 4.365.639 biztanle;
2. Kroaziako Errepublika Sozialista, hiriburua Zagreb, 56.538 km2 eta 4.763.941 biztanle;
3. Mazedoniako Errepublika Sozialista, hiriburua Skopje, 25.713 km2 eta 2.033.964 biztanle;
4. Montenegroko Errepublika Sozialista, hiriburua Titograd (Podgorica), 13.812 km2 eta 616.327 biztanle;
5. Serbiako Errepublika Sozialista, hiriburua Belgrad, 55.968 km2 eta 5.753.825 biztanle; eta honen barruan:
5.A Kosovoko Probintzia Autonomo Sozialista, hiriburua Pristina
5.B Voivodinako Probintzia Autonomo Sozialista, hiriburua Novi Sad.
6. Esloveniako Errepublika Sozialista, hiriburua Ljubljana, 20.251 km2 eta 1.974.839 biztanle;

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ondoren, 1918an, sortu zen hegoaldeko eslaviarren estatu modernoa, Serbiako erreinuaren inguruan, eta Serbiarren, kroaziarren eta esloveniarren erresuma izena hartu zuen, Petri I.a Karageorgevic errege zela. Neuilly (1919), Saint-Germain (1919) eta Trianongo (1920) hitzarmenetan zehaztu ziren estatu berriaren mugak. 1921. urtean. Alexandro I.ak hartu zuen Petri I.a bere aitaren lekua, eta areagotu ziren serbiarren politika zentralista batetik, eta beste herrien asmo nazionalistak, bestetik. 1929an, Alexandro I.ak diktadura ezarri eta Jugoslaviako erreinua sortu zuen (izen hori izan du Balkanetako herri eslaviarren estatuak 1990 arte). Garai hartan talde armatu eskuindarrak (ustaxi edo gerrillari kroaziarrak) eratu ziren Kroazian, Ante Pavelic zutela buru.


1934an hil zuten kroaziarrek Alexandro I.a Marseillan eginiko atentatu batean. Petri II.a erregearen aginpidea erregeordeen esku zen garaian, Italia, Alemania eta Bulgariaren aldera lerratu ziren Jugoslaviako erregeordeak (1937-1938 urteetako akordioak). Kroaziak autonomia zabal bat lortu zuen, bestalde, 1939an. 1941ean, Cvetcovic-en gobernuak Hitler-en eta Mussoliniren ordena berria onartu eta hitzarmen bat izenpetu zuen Alemaniarekin eta Italiarekin. Petri II.ak erregetzaren ardura hartu zuen urte horretan bertan eta, gudaroste aliatuen aldera lerratuko zelakoan, Jugoslavia inbaditzeko agindua eman zuen Hitler-ek. Alemaniarren aurkako erresistentzia sutsua izan zen oro har Jugoslaviako bazter guztietan eta nazien aurka jarri zen herria, Europako gainerako bazterretan ez bezala. Bi agintari nabarmendu ziren horretan: Mihaijlovic serbiar koronela, eta, batez ere, Josip Broz buruzagi komunista kroaziarra, Tito deitua. Jugoslaviako herriak sobietar gudarostearen laguntzaz Belgradeko hiria hartu ondoren (1944), gobernu berri bat osatu zen Jugoslavian, Tito zuena buru, eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen Petri II.ak. Jugoslavia Federal Demokratikoa, Jajcen antolatu zen AVNOJ-ren (Jugoslaviaren Askapenerako Kontseilu Antifaxista Nazionala) bilera batean sortu zen (1943ko azaroaren 29tik abenduaren 4 arte), erbestean zen errege-familiarekin negoziaketak ziharduten bitartean. 1945ean, ezkerreko herri fronteak irabazi zituen hauteskundeak eta Jugoslaviako errepublika sortu zen. 1945eko azaroaren 29an estatu sozialista aldarrikatu zen. 1946ko urtarrilaren 31an Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren konstituzio berria onartu zen, herria sei errepublikatan antolatzen zuena: Bosnia-Herzegovina, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Montenegro eta Serbia. Lehenengo presidente eta lehen ministroa Ivan Ribar eta Josip Broz Tito izan ziren hurrenez hurren.

Geroago Tito presidente aukeratu zuten, eta 1963an "bizitza guztirako presidente" izendatu zuten. Alderdi komunista gidari zela, nazionalizazio egitarau zabal bati, nekazaritza eraberritzeari eta deszentralizazio sakon bati ekin zien Jugoslaviako gobernuak, eta errespetatzen hasi ziren herri desberdinen hizkuntza eta kultura eskubideak. Horrez gainera, sobietarrena ez bezalako sozialismorako bidea aukeratu zuen Titok, eta 1948an hautsi zituen Titok Stalinekin zituen loturak. Beste ekialdeko herrialde komunistek ez bezala, Jugoslaviak Sobietar Batasunarekiko bide propioa egitea erabaki zuen, eta ez zen inoiz Varsoviako Itunaren kide izan. Ez eta NATOkoa ere, Lerrokatu Gabeko Mugimendua sortu zuen bere ekimenez 1956an. Marxismoaren ideologiaren barnean betiere, autogestioa bultzatu zuen Titok ekonomian eta bakearen aldeko apustua egin zuen atzerrian: Triesteko lurraldearen arazoa (1954), Grezia eta Turkiarekiko hitzarmenak (1954) eta Sartaldeko estatuen alderako irekitze prozesua. Jugoslavia izan da lerrotu gabeko estatuen mugimenduaren aitzindari nagusia, Tito hil zen arte, batez ere (1980). Bestalde, 1960. urtean etorri ziren onera berriro ere Sobiet Batasunaren eta Jugoslaviaren arteko harremanak, baina ordu arteko jokamolde bereziari eutsi zion Titok. 1974an konstituzio edo lege nagusi berri bat idatzi zen Jugoslavian. Bi biltzar nagusi izan zituen aurrerantzean Jugoslaviak: Ganbera federala eta Errepubliken ganbera. Ganbera federalak bizitza guztirako hautatu zuen Tito errepublikako lehendakari. Titoren politika moldeak nagusitu ziren Jugoslavian 1980an hil zen arte.

Titoren heriotzaren ondoren errepubliken arteko tentsioak handituz joan ziren. Urte batzuen buruan, gero eta arazo handiagoak izan zituen Jugoslaviako lehendakaritzak sistema federalari eusteko eta 1985. urtetik aurrera zalantzan jartzen hasi ziren Jugoslaviako ekonomia sistema mistoa, merkatu-ekonomia erabatekoaren alde; bestalde, asko indartu ziren tokian tokiko higikunde abertzaleak. 1989tik aurrera, independentziaren alde agertu ziren Jugoslaviako errepubliketako ordezkariak, eta guztiz indartu zen serbiarren artean Serbia Handi baten aldeko joera. Ekonomia egoera larria zela, egitura politikoak hautsi ziren eta 1990eko otsailean erabat hautsi zen Jugoslaviako Komunisten Liga. Gorabehera handien eta gudu militar lazgarri askoren ondoren, independentzia lortu zuten 1991. urtean Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedoniako errepublikek eta Serbia Handiaren asmoari leial eutsi zioten Serbiako eta Montenegroko errepublikek. Eslovenia eta Kroaziako gerra bukatu ondoren (1991), Europan azken berrogeita hamar urteetan izan den gerra gogorrena piztu zen aspaldidanik gizatalde desberdinak (musulmanak, kroaziarrak eta serbiarrak) bildu dituen Bosnia-Herzegovinan. 1991etik aurrera ez dago Jugoslaviarik. 1992an gelditzen ziren bi errepublikek, Serbia eta Montenegrok Jugoslaviako Errepublika Federala sortu zuten. 2002 urtean izena aldatu zitzaion eta Serbia eta Montenegro izena hartu zuen herrialde horrek.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

JEFS-k nazioak (narodi) eta nazionalitateak (narodnosti) definitzen zituen, lehenengo terminoa gehiengo indigenenei eta bigarrena gutxiengoei eta immigranteei egokitzen zitzaielarik. Errepublika bakoitzak bazuen bere gehiengo nazional argia:

  • Eslovenian esloveniarrak.
  • Kroazian kroaziarrak
  • Serbian serbiarrak
  • Montenegron montenegroarrak
  • Mazedonian mazedoniarrak
  • Bosnia eta Herzegovina salbuespena zen, bertan serbiarrak, kroaziarrak, eta musulmanak (nazionalitatetzat ‘’musulman’’ hartuta) bizi baitziren.

Serbiarra da etnia nagusia (%36, Serbian eta beste estatuetan), %20 dira kroaziarrak (Kroazia eta Bosnia-Herzegovina), %9 musulmanak (Bosnia-Herzegovinan nagusiki), %8 eslobeniarrak (Eslobenia), %6 mazedoniarrak (Mazedonia), %2,5 montenegrotarrak (Montenegro) eta garrantzitsuak dira talde ez eslabiarrak Kosovon (albaniarrak dira %90) eta Vojvodinan (hungariarrak bereziki). Erlijioari dagokionez, ortodoxoak dira erlijiodunen %41 (serbiarrak nagusiki), katolikoak %32 (kroaziarrak nagusiki) eta %18 musulmanak.

Hizkuntzak serbo-kroaziera (Serbia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro), esloveniera (Eslovenia), mazedoniera (Mazedonia) eta albaniera (Kosovo) ziren.

Nazioen aniztasuna faktore garrantzitsua izan zen federazioaren disoluzioan. Titoren heriotzaren ondoren, nazionalismoak berpiztu ziren, eta federazioaren porrota ekidinezina izan zen. Nazioen aniztasun honek, eta nazionalismoen erradikalizazioak Jugoslaviako Gerrak sortarazi zituen, hauetan izugarrizko garbiketa etnikoak eta zibilen kontrako sarraskiak eman zirelarik.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jugoslavia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]