Julian Retegi
| Retegi II.a | |||
|---|---|---|---|
| Izen osoa: | Julian Retegi Barberia | ||
| Jaiotza data: | 1954eko urriaren 1a (58 urte) |
||
| Jaioterria: | Eratsun (Nafarroa) | ||
| Egungo enpresa: | erretiratua (Asegarcerekin lan egiten du, pilotariak fitxatzen) | ||
| Postua: | aurrelaria | ||
| Debutatze data: | 1974eko uztailaren 14a | ||
| Debutatze pilotalekua: | Zarauzko Zinema pilotalekua | ||
| Erretiratze data: | 2001eko irailaren 20a | ||
| Erretiratze pilotalekua: | Logroñoko Adarraga pilotalekua | ||
Julian Retegi Barberia edo Retegi II.a (Eratsun, Nafarroa, 1954ko urriaren 10) esku huskako pilotari ohia da, historiako aurrelaririk hoberenetakoa, askorentzat onena; izan ere, beste inork baino gehiagotan irabazi du esku huskako txapelketa nagusia, Buruz Burukoa: guztira 11 txapel lortu ditu. Euskalduna da.
Juan Ignacio Retegi —Retegi I.a— pilotariaren iloba da, eta txikitatik erakutsi zuen pilotarako sena. Julian Retegik 1974eko uztailaren 14an jokatu zuen estreinako partida profesionaletan, Zarauzko Zinema pilotalekuan. Hurrengo urtean, bigarren mailako buruz buruko txapelduna izan zen.
Lehen mailako txapela 1980an eskuratu zuen lehen aldiz. Hamar txapel gehiago ere irabaztekoa zen, 1980tik 1988 arteko guztiak jarraian, eta gero 1990ekoa eta 1993koa. Horrenbestez, buruz buruko txapel nagusia gehien jantzi duen esku huskako pilotaria da. Binakakoa, berriz, 1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997an lortu du. Irabazi zuen azken txapelketa 1997ko lau eta erdikoa izan zen, Titin III.a aurkari zuela. Hortik aitzina, tartean lesioak zirela eta, ez da txapela janztera itzuli. Azken partida Logroñoko Adarraga pilotalekuan 2001eko irailaren 20an jokatu zuen, Barriola bikotekide zuela, Olaizola II.aren eta Armendarizen aurka. Guztira, 22 aldiz jaso du txapela, historiako pilotaririk sarituena baita. Jokatutako 1407 bat partidetatik, 843 irabazi ditu.
Erretreta hartutakoan, Asegarce enpresan aritu da, fitxatzeko ardurarekin. Baina enpresa horren azken urteotako emaitza txarrak direla kausa, kontratua ez diote berritu. Telebistan ere ibilia da, Tele 5 katearen pilota partidetako esatari, bai eta Euskadi Irratiko esku pilotako partiduetan lagintza beran ere.
Semea ere pilotaria du, Retegi Bi izenarekin (izen hori aitaren omenez hartu du, nonbait).
Palmaresa [aldatu]
- Buruz buruko Pilota Txapelketako txapelduna: 1980, 1981, 1982, 1983, 1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1990 eta 1993.
- Buruz buruko Pilota Txapelketako txapeldunordea: 1989, 1991 eta 1992.
- Binakako Txapelketako txapelduna: 1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997.
- Binakako Txapelketako txapeldunordea: 1989 eta 1994.
- Euskal Herriko binakako txapelduna: 1997.
- Lau eta erdiko Pilota Txapelketako txapelduna: 1989, 1990, 1991 eta 1997.
Banakako txapelak [aldatu]
Lehen mailako txapelketan 1979an hartu zuen parte lehen aldiz. Hurrengo urtekoa izan zuen patrikaratutako lehendabiziko txapelketa. Hona hemen jokatu zituen final guztiak (letra lodiz, Julian Retegik lortutako tanto kopurua):
| Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Emaitza |
|---|---|---|---|
| 1980 | Retegi II.a | Maiz II | 22-14 |
| 1981 | Retegi II.a | Ariño IV.a | 22-11 |
| 1982 | Retegi II.a | Ariño IV.a | 22-09 |
| 1983 | Retegi II.a | Galarza III.a | 22-16 |
| 1984 | Retegi II.a | Galarza III.a | 22-21 |
| 1985 | Retegi II.a | Galarza III.a | 22-13 |
| 1986 | Retegi II.a | Tolosa | 22-12 |
| 1987 | Retegi II.a | Tolosa | 22-16 |
| 1988 | Retegi II.a | Galarza III.a | 22-09 |
| 1989 | Tolosa | Retegi II.a | 22-19 |
| 1990 | Retegi II.a | Tolosa | 22-08 |
| 1991 | Galarza III.a | Retegi II.a | 22-15 |
| 1992 | Galarza III.a | Retegi II.a | 22-12 |
| 1993 | Retegi II.a | Galarza III.a | 22-19 |
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz)«Pelotaris de leyenda: Julián Retegi, el mago de Erasun» (pilotari handiak: Julian Retegi, Erantsungo magoa), manista.com webgunean.