Julio Cortázar

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Julio Cortázar
Julio Cortázar
Julio Cortázar 1967an.
Datu pertsonalak
Izen osoa Julio Florencio Cortázar
Jaio 1914ko abuztuaren 26a
Ixelles, Brusela (Belgika)
Hil 1984ko otsailaren 12a
Paris (Frantzia)
Bikotekidea(k) Aurora Bernárdez (1953-1967)

Ugné Karvelis (1967-1970)
Carol Dunlop (1970 -1982)

Sinadura Julio Cortázar signature.svg

Julio Florencio Cortázar (Ixelles, Brusela, Belgika, 1914ko abuztuaren 26an - Paris, 1984ko otsailaren 12a) argentinar idazlea izan zen.

Amerikako gaztelaniazko idazlerik famatuenetakoa da. Grandísimo Cronopio ezizena eman zitzaion, bere pertsonaia baten izena zela eta. Istorio laburrak edo ipuinak landu zituen batez ere, hala nola Bestiario edo Final de juego. Bere libururik ezagunena Rayuela eleberria da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bruselan jaio zen, 1914ko abuztuaren 26an, haren aita, Julio José Cortázar, Argentinako Gobernuak Belgikan zuen enbaxadako funtzionarioa baitzen. Lehen Mundu Gerran familia Suitzan babestu zen, eta Bartzelonan geroago. 1918an Buenos Airesera itzuli ziren. Han egin zituen ikasketak, eta 1932an irakasle titulua erdietsi zuen. Ondoren eskola maisua izan zen Buenos Airesko probintziako zenbait herritan, hala nola Bolívar eta Chivilcoyn[1]. Poesia idazten hasi zen, Julio Denis izenordea hartuta, eta 1938an Presencias soneto bilduma karrikaratu zuen.

1944an Mendozara aldatu zen, eta literatura eskolak ematen hasi zen Cuyoko Unibertsitatean. Baina 1946an Juan Domingo Perónek presidentetzarako hauteskundeak irabazi ostean, irakasle postua utzi zuen[1]. Garai hartan bere lehen ipuinak idazten hasi zen, Jorge Luis Borges maisutzat eta ardaztzat zuen Buenos Airesko literatura ingurunean. Izan ere, Borgesek errealismo erromantikoa baztertuta, ateak zabaldu baitzizkion fikzio fantastikoari. 1949an prosan idatzitako poema bat ere argitaratu zuen, Los reyes («Erregeak»), minotauroren mitoari buruzko aldaera. 1951n, berriz, bere lehenengo kontakizun liburua kaleratu zuen, Bestiario (1951, «Piztitegia»), elementu irrazionalez betetako mundu bat aurkeztuz hizkuntza argi eta eutsi baten bidez.

Urte hartan bertan, Frantziako gobernuaren beka bati esker, Parisa joan zen, bai peronismoaren ezinikusiak bultzatuta, bai mugak gainditu beharrak akuilatua. Frantziako hiriburuan bizi izan zen aurrerantzean, eta UNESCOren itzultzaile lan egin zuen[2]. Edgar Allan Poe eta Marguerite Yourcenar-en lanak itzuli zituen, besteak beste, maisutasunez itzuli ere. Haren obraren parte bat argitaratuta bazegoen ere Buenos Airesen, Parisko aldian hasi zen haren ospea nazioartera zabaltzen.

Aktibismo politikoagatik ere nabarmendu zen Cortázar. Kuban iraultzaileak nagusitu zirenean, bidaia egin zuen Habanara, Fidel Castrok gonbidatuta, eta iraultzaren aldezle eta zabaltzaile izan zen harrezkero, iraultzaren aldeko saiakerak eta artikuluak idatziz, eta hitzaldiak eginez. Nikaraguan ere izan zen, Fronte Sandinistak aginpidea lortu zuenean, eta han bizitakoaren berri emanez idatzi zuen Nicaragua tan violentamente dulce (1984, «Nikaragua hain bortizki eztia»).

Cortázar 1967an.

Cortázarren fantasiaren ikuspegian nabarmena da bere maisu handi Poeren eragina, baina haren literaturaren handitasuna hizkuntzaren erabileran datza; alegia, idazlea pertsonaien hizketa moduan eta esaldi eginen eta modismoen erabilera inoiz isekazkoan oinarritutako sedukzio estrategia batez baliatu zen. Cortázarrek Argentinako erdiko klaseko jendearen hizketa modua birsortu zuen, beste batzuek auzo pobreetakoa birsortu zuten bezala. Hori zuen fantasia egunerokotasunean tartekatzeko modua, bilbearen ifrentzuan dauden errealitateetara ihes egin nahiz bezala.

Cortazarren lanek Frantziako surrealismoaren eragin handia dutela esan ohi da. Haren ipuinek bi espazio paralelo aurkezten dituzte: kontakizunean gertatzen diren gauzen bertsio errealista naturala erakusten du batean, eta gertakari horien berorien bertsio naturaz gaindikoa bestean. Ezaugarri horiek berak aurki daitezke haren ipuin liburuetan: Historias de Cronopios y de Famas (1962, «Kronopioen eta famen istorioak»[3]), Buenos Aires karikaturizatu bati buruzko oharren eta inprobisazioen bilduma umoretsu bezain samurra, Las armas secretas (1964, «Arma sekretuak») eta Octaedro (1974, «Oktaedroa», Gerardo Markuletak euskaratua[4]).

Baina behin betiko ospea eleberri batek eman zion, haren maisulantzat hartzen dena: 1963an argitaratutako Rayuela, esperimentala hizkuntzari dagokionez, eta Paris zein Buenos Airesen girotua. Liburu horretan, munduari buruzko ikuspegi zatikatua eta anbiguoa, batetik, eta argentinar emigranteen eta frantsesen arteko kontrapuntua, bestetik, halako friso polifazetiko batean elkartzen dira. Liburua abentura espiritual zoragarria da eta hitzaurrean idazleak irakurlea gonbidatzen du kontakizunaren prozesuan parte hartzera, kontakizunaren materia ordenatzeko modu desberdinak iradokiz. Errealitateari antz emateko eta gauzak adierazteko formula desberdinak proposatzen dituen liburua da eta, argitaratu zenean, kritikaren goraipamen eta laudoriozko hitzen artean, baina baita eztabaida handien artean, Carlos Fuentes mexikar idazleak liburua Pandoraren kutxarekin konparatu zuen. Rayuela, eztabaida handiak piztu bazituen ere Latinamerikan, abangoardiaren eta modernoatasunaren ordezkari nagusi bilakatu da.

Julio Cortázar eta Carol Dunlopen hilobia, Parisko Montparnasseko hilerrian.

Ahalegin berritzaile horren bidetik, 62, Modelo para armar (1968, «62, Muntatzeko eredua») idatzi zuen gero. La vuelta al dia en ochenta mundos (1967, «Egunari ingurua laurogei mundutan») eta Ultimo round (1969, «Azken rounda») lanetan collage teknikaz baliatu zen eta egunkari zatiak, iruzkinak, prosa eta poesia nahastuta erabili zituen, generoen muga ortodoxoak hausteko ahaleginean. Geroko lanen artean aipagarriak ditu, besteak beste, eleberri bat, Libro de Manuel (1973, «Manuelen liburua»), ipuin bildumak, Oktaedroa (1974), Alguien que anda por ahi (1977, «Hor dabilen norbait»), Un tal Lucas (1979, «Lukas delako bat») -denetan autobiografikoena- eta bidaia liburu berezi bat, Les Autonautes de la cosmoroute (1982, «Kosmobideko autonatak»). Azken hau Carol Dunlop, hirugarren emaztearekin batera idatzi zuen.

Julio Cortazarrentzat kontakizunaren legeak haustea ez zen lizentzia hutsa, idazteko modu bat baizik. Manuelen liburua-n muturreraino eraman zuen lege hauste hori, bere konpromezu politikoa eta ezkerreko ideologia agerian uzteaz gainera. Azken batean, Cortazarren kontakizun guztiak eguneroko errealitatearen islaren eta ikerketa metafisikoaren artean oreka lortu nahiaren inguruan mamitu ziren, eta horrek ateak zabalik uzten zituen liburuak era desberdinetan interpretatzeko.

1983ko bukaeran bidaia egin zuen Buenos Airesa, eta oso harrera beroa egin zioten. Handik gutxira, 1984ko otsailaren 12an, Parisen hil zen, leuzemiak jota.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Julio Cortázar Alfaguara.com
  2. Julio Cortázar. Biografía Instituto Cervantes. Cervantes.es
  3. a b Julio CORTÁZAR: Kronopioen eta famen istorioak euskaratzailea: Ibon Sarasola, 2014, Armiarma.com
  4. a b Julio CORTÁZAR: Oktaedroa euskaratzailea: Gerardo Markuleta, Ibaizabal, 1992. Armiarma.com
  5. Julio CORTÁZAR: Hegoaldeko autopista euskaratzailea: Gerardo Markuleta, Milabidai, Erein, 1994. Armiarma.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Julio Cortázar Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Julio Cortázar