Julio Nepote

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Julio Nepote txanpon batean.

Julio Nepote, latinez Julius Nepos (430 inguru - 480), 474tik mendebaldeko erromatar enperadorea izan zen.

Leon I ekialdeko enperadorearen iloba batekin ezkondu zen Julio. Hortik dator goitizena, "Nepos" iloba baita. 474an, enperadore izendatu zuen Leon I.ak Glizerio boteretik kentzearren. Izan ere, usurpatzailetzat jotzen zuten Glizerio Ekialdeko Inperioan, eta, hortaz, enperadore berria izendatzeko eskubidea zuten. 474ko ekainean, Nepotek Ravennan sartuta Glizerio atzeman zuen. Dalmaziako Salona hirira bidali zuen, horko artzapezpikua izatera.

Agintean, Nepote Erromaren menpeko azken eremuak, Italia eta Galiako hegoaldea, gordetzen saiatu zen. Euriko bisigodoen erregearekin birnegoziatu zuen bake-hitzarmen bat, eta Probentza Erromaren menpera itzuli zen. Horren truke, garrantzi gutxiko zonaldeak eman zizkion, zein kontrolatzeko zailak ziren erromatarrentzat gainera. Nolanahi ere, Geiserikorekiko negoziazioak ez ziren hain arrakastatsurik izan. Vandaloek, haren aginpean, berriro ekin zioten Italiako kostaldea erasotzeari. Ekialdeko Inperioarekin bake-hitzarmena sinaturik, ez zuen Mendebaldekoarekin ere egiteko beharrik.

Enperadore trebea bazen ere, Erromako Senatuak ez zuen gustoko, ekialdekin zituen loturak zirela eta. Flavio Orestes armadaren buruan kokatu zuenean, ikusi zen Nepotek ez zuela ospe handirik mendebaldean. Izan ere, Flavio Orestesek 475eko abuztuaren 28an Ravenna hiriburua hartuta Nepotek ihes egitera behartu zuen. Orestek jatorri germaniarra izanda ez zuen enperadore bihurtzerik. Hori zela eta, Romulo Augustulo semeari eman zion titulua, 10 urte baino ez zituen arren.

Nepotek bidezko enperadoretzat jotzen zuen bere burua, Dalmazian bazegoen ere. Ekialdeko Enperadoreak zein Galiako erregeak ere honela onartu zuten. 476ko irailaren 4an, Odoakro germaniarrak Ravenna hartu zuen eta Romulo Augustulo abdikatzera behartu zuen. Honela, Italiako gobernatzailea izendatu zuen bere burua. Zenon ekialdeko enperadoreari egoerea hau onestea eskatu zion. Honek, Nepote enperadoretzat hartzera bihurtu zuen Odoakro, zeinek, bat etorrita, Nepoteren izenean txanponak egin zituen Italia osorako. Hala ere, 480an, Nepote hil zuten. Odoakrok Dalmazia eraso zuen eta bere menpera igaro zuen.


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Julio Nepote Aldatu lotura Wikidatan