Jurramendiko hilketak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Jurramendiko hilketak Nafarroako Jurramendin Xabier Borboi-Parmakoaren jarraitzaile karlistek egiten zuten erromerian gertatutako atentatua da, non Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil zituzten eta beste batzuk zauritu zituzten karlismoaren alderdi ultraeskuindarrek 1976ko maiatzaren 9an. Italiako eta Argentinako neofaxistek ere parte hartu zuten gertaeretan.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Francok 1937an emandako Batasun Dekretuaren bidez, falangistak eta karlistak alderdi berean Falange Tradicionalista deiturikoan, batu ziren. Honek karlisten artean egonezina eragin zuen, batez ere Xabier Borboi-Parmakoaren (Alfontso Karlos Borboi eta Austria-Estekoaren heriotzaren ondoren erregeorde izendatuta) jarraitzaileen artean. Gerra irabazita ere, frankismotik aldenduz joan ziren sozialismo autogestionariorantz. 1972an Xabier Borboi-Parmakoak egungo Alderdi Karlista sortu zuen Karlos Hugo Borboi-Parmakoa semearen alde abdikatu zuen.

1976ko erromeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako trantsizio demokratikoaren hastapenetan, politikoki oso giro berotutan, Alderdi Karlistak Iratxeko monasteriotik Jurramendiko erromeria antolatu zuen urtero bezala, Una cita con el pueblo (Hitzordua herriarekin) goiburu zutela. Alderdi eta erakunde ezkertiarrak eta ultraezkertiarrak (PCE, PSUC, PTE, ORT, MCE, PSP, PSOE...) gonbidatu zituzten parte hartzera.

Zelata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos Hugoren anaia eta aurkaria zen Sixto Borboi-Parmakoaren hurbileko karlismo ultraeskuindarrean karlismoaren alderdi ezkertiarra deuseztatu nahi zen. Horretarako zelata bat prestatu zuten Estatuko segurtasun-aparatuak lagun: Errekonkista Operazioa.

Izan ere, José Antonio Sáenz de Santa Maríak, garai horietan Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buruak eta Trantsizio osoan zehar itzal handiko pertsonaiak, hil aurretik adierazi zuen Estatuak berak Sixtoren inguruan kontrabotere bat sortu nahi zuela SECED (Carrero Blancok sortua, 1977an CESIDek ordeztua eta egungo CNI) inteligentzia-zerbitzuaren bitartez, karlismoak hartutako norabidea ikusita. Errekonkista Operazioa Estatuko goi mailakoek, tartean Manuel Fragak -Gobernazio ministro- eta Arias Navarrok -Gobernu presidente-, onetsia zen[1][2].

Santa Mariaren esanetan operazioa Oriol Urquijo Estatu Kontseiluko presidenteak ordaindu zuen. Karlismoaren alderdi ultraeskuindarreko kideak, falangistak eta Italiako nahiz Argentinako mertzenarioak (tartean Jean Pierre Cherid frantziarra, 1984an ETAko kide bati bonba bat kotxean jartzean hilko zena) erromeriara joan ziren. Egun batzuk lehenago, Nafarroako gobernadore zibilak, Jose Ruiz de Gordoak, Lizarrako Irache hotelean 20 gela erreserbatu zituen Sixto Borbon-Parma eta eskoltarentzat.

Istiluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mertzenarioek mendiko behealdean gertatutako istiluetan parte hartu zuten. Bertan harrika hasi ziren jendearen kontra, eta Aniano Jimenez zaurituta suertatu zen (egun batzuk geroago hilko zen) Jose Luis Marin Garcia-Verdek, gabardinako gizonak, egindako tiroak zirela eta.[3]

Mendiko goiko aldean erasotzaileek Carlos Hugoren jarraitzaileei tontorrera iristea oztopatu nahi zieten. Comunión Tradicionalistako kideek Ricardo Garcia Pellejero hil zuten eta beste karlista metrailadore tiroek eta beste karlista batzuk zauritu zituzten irismen laburreko tiroak bota zituzten.

Eraso hauek segurtasun indarren aurre-aurrean burutu ziren, baina erasotzaileak ez zituzten atxilotu, ezta armak bahitu ere. Rodolfo Eduardo Almiron (Argentinako A Hirukoitzako kide ohia eta Manuel Fragaren bizkartzaina izatekoa zena)[4] eta Stefano Delle Chiaie (Italiako terrorista ultraeskuindarra) Jurramendin zeuden egun horretan.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horren ostean, Sixto Borbon-Parma Espainiatik bota zuten epailearen aurreko adierazpenik egin gabe[3]. Alderdi Karlistak kudeatutako salaketaren bidez, hainbat laguni hilketa leporatu zieten. Ikerketa Orden Publikoko Epaitegian amaitu zen 1977ko urtarrilaren 4an: Jose Luis Marin Garcia-Verderi hilketen ardura eta Arturo Marquez de Pradori zein Francisco Carrerari ekintzaren buru izana egotzi zieten.

Hala ere, akusazio abokatuek ezin izan zuten egun horretan Venezuelan zegoen Manuel Fraga epaitegiratu. Itzulitakoan adierazi zuen "anaien arteko liskarra" besterik ez zela izan. Krimen hauei 1977ko Espainiako Amnistia Legea aplikatu zitzaien, eta, beraz, zigortutakoak aske geratu ziren.

Auzitegi Nazionalaren ebazpen baten bidez, 2003ko azaroaren 5ean Aniano Jimenezi eta Ricardo Garciari terrorismoaren biktimen titulua esleitu zitzaien, Auzitegi Gorenak 1978ko uztailaren 3an emandako ebazpenean oinarrituta. Haien alargun bati Nafarroaren Urrezko Domina eman zioten.

Oin oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]