Kalifikazio (hezkuntza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kalifikazio orri baten argazkia, EAEko hezkuntza sistemakoa. Sistema horretan ebaluazio prozesuan ikasleek hezkuntza-konpetentziak erdiesten lortzen dituzten aurrera pausuak neurtzeko, honelako kalifikazio kuantitatiboak erabili ohi dira. Arloka. (Eta zenbaki horien atzetik, erabilitako ebaluazio-tresna nagusia azterketak izaten dira).
EAEeko nota boletinetan aspalditik erabiltzen da laugarren lerroko eskala hori. (1-10).
Eskala bat hartu edo beste bat hartu, eta aldatu egiten dira gutxiegi, nahikoa, ongi, oso ongi, bikain eremuen zabalera,

Hezkuntzan, kalifikazioa edo nota ikasle batek egindako lana edo bere ezaguera-maila neurtzeko erabiltzen den zenbakizko-balio (0-10 bitartean, Espainian) edo kategoria bat (Atik Fra, Estatu Batuetan) da. Ebaluazio prozesuan une batean egiten den "argazki" moduko zerbait da kalifikazioa. Ezaguera-maila neurtzeaz gainera, kalifikazioak ikasle batek irakasgaia gainditu (edo aprobatu) edo gainditu gabe (edo suspenditu) duen zehazten du eta horretan oinarrituz ikasleak ezaguera-maila altuago batera edo hurrengo hezkuntza-mailara igarotzen den erabakitzen da. Aldi berean, ohikoa da irakasgai multzo bateko ezaguera-maila neurtzeko, irakasgai ezberdinetako batezbesteko nota kalkulatzea, nota guztiak bateratuz.

Arlo akademikoan, askotan, irakasleari ikasleen maila neurtzeko eskatzen zaio. Kalifikazioak hitz gutxitan (gutxiegi, nahiko, ondo, oso ondo, bikain) edota zenbakiekin (0-10) emateko ohitura nahiko hedatuta dago. Garai batean esanahi lanbrotsuago zuten esamoldeak ere erabili izan ziren (Hobetu beharko - Aurrerapen egokia).

Gure hezkuntza sistemetan osagai kuantitatiboak eta kualitatiboak izan ohi dituzte. Kalifikazio kuantitatiboek honelako itxura izaten dute: 0, 1, 2, 3, ... 7, 8, 9, 10. A+, A, B+, B, C+, C, C-... Kualitatiboek honelako sintagmak: oso gaizki, eskas, nahiko, ongi, oso ongi, bikain... Hobetu behar du XXX horretan, aurrerapen egokia... Kontuz XXX horrekin...

Kalifikazioak, gure hezkuntza sistemetan, buletinetan komunikatzen zaizkie ikasleei eta beren familiei, eta gorago aipatutako ohiko aldagai kuantitatibo eta kualitatiboekin batera, irakasleen oharrak gehitzen dira batzuetan, ezarritako kalifikazioren bat azaltzeko edo osatzeko.

Subjektua, objektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nork kalifikatzen du nor? Gure hezkuntza sistemetan ikasleei bakarrik ezarri ohi zaizkie kalifikazioak eta ardura hori irakasleei esleitu zaie[1], hezkuntzako beste eragileei ez, nahiz eta noiz edo noiz eskatu egin diren irakasleentzako ebaluazio-kalifikazio prozesu batzuk ezartzea[2][3][4], edo ebaluazio prozesua hezkuntzako testuinguru zabalago batera hedatzea[5].

Zer kalifikatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako pedagogiako eraikin teorikoek, azken hamarkadetan, defendatzen dute irakaskuntzan ikasleek protagonismo handia izan behar dutela, eta ikasleen konpetentziak garatzen laguntzeko etengabeko prozesua izan behar duela ebaluazioa... Kalifikazioak ebaluazio prozesuan bat-bateko "argazki" moduko zerbait lirateke...

Baina eraikin teoriko horiek eskoletako nota-boletinetan nola gauzatzen diren aztertuz gero, irakasle askok, oraindik ere, ebaluazio tresna erabiliena azterketa dutela ikus liteke. Eta azterketa horiek, gehienetan, konpetentzietan egindako aurrerapenak baino, ikasleek irakasleek hautatutako edukiak noraino ikasi duten (askotan buruz) neurtzen dute.

Azterketekin batera, irakasle askok, beren programazio didaktikoetan, ikaslearen jarrera, ikasleak noraino egin dituen etxeko lanak, etab. neurtu ohi dira, konpetentzia kontuetan egindako aurrerapenak neurtu gabe.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «HEZIBERRI 2020 Plana. Ikasleen ebaluazioa» www.euskadi.eus 2016-02-16 (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).
  2. (Gaztelaniaz) «La evaluación docente» José Antonio Marina (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).
  3. Bernaola Lejarza, Iñaki. «Irakasleen ebaluazioa, uste baino gai korapilatsuagoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).
  4. «Irakasleen ebaluazioa - Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko) - Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko) - UPV/EHU» Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko) (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).
  5. «Hik Hasi 2016-11-01 - "EBALUAZIOA BIRPENTSATUZ Haurra ebaluatzetik testuingurua ebaluatzera".» www.hikhasi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]