Kanariar Uhartediaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
MPAIAC-k sortutako bandera independentista.

Kanaridiaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendua (Movimiento por la Autodeterminación e Independencia del Archipiélago Canario edo MPAIAC gaztelaniaz) Kanarien autodeterminazio eskubidearen eta ondoren Espainiatik independizatzearen alde egiten duen nazio askapen mugimendua da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antonio Cubillo abokatuak, frankismo garaian erbesteratua, sortu zuen Aljerian 1964ko azaroaren 22an. 1968an Afrikar Batasunaren Erakundeak MPAIAC eta Kanarien autodeterminazio eskubidea aintzatetsi zuten. 1975ean MPAIACk La Voz de Canarias Libre irratia abian ipini zuen Aljer Irratitik. 1975 eta 1976 artean, segurtasun-indarrek MPAIACeko bi kide erahil zituzten. 1976ko azaroaren 1ean, MPAIACk borroka armatuaren bidea hartzea erabaki zuen Indar Armatu Guantxeen (FAG) bitartez. Las Palmaseko Galerías Preciados merkataritza-gunean lehergailu bat sartarazi zuten.

1977an Madrilgo Galerías Preciadosen lehergailu bat jarri zuen, Kanarietatik kanpo ipini zuen lehena izanez. Urte berean, Kanaria Handiko aireportuan bonba bat jarri zuten eta aireportua itxi eta hegaldiak desbideratu behar izan zituzten. 1978an Rafael Valdenebros polizia-agentea hil zen FAGek jarritako lehergailua desaktibatzen ari zenean. MPAIACk bere gain hartu zuen ekintza.

1978ko abuztuaren 5ean, Aljeren, Antonio Cubilloren aurkako atentatua egin zuten eta elbarri gelditu zen. Urte horretan Antonio Cubillok Afrikar Batasunaren Erakundearen goi-bilera batean parte hartu behar zuen. Atentatuaren egileak Espainiako Barne Ministerioaren segurtasun-indarrek Cubillo hiltzeko kontratatutako bi mertzenario izan ziren. 2003an Espainiako Auzitegi Nazionalak Espainiar estatuari 150.000 euroko kalte-ordainketa zigorra ezarri zion.

MPAIACk borroka armatuari utzi zion eta 1979an Antonio Cubillo sortzailea eta idazkari nagusia taldetik kanporatu zuen. Ondoren, Antonio Cubillok CNC alderdia sortu zuen.

1980ko eta 1990eko hamarkadetan jarduerarik gabe egon zen. 2003an, aspaldiko MPAIACeko kide ohiak, horietako batzuk MPAIACtik kanporatutakoak, mugimendua birsortu zuten, nahiz eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egondako beste kideek birsorketa ez zuten aintzatetsi. Gaur egun, MPAIACk nekez du jarduera politikoa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]