Kanon (literatura)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mendebaldeko kanon literarioan aipatu ohi diren zenbait idazle: Homero, Virgilio, William Shakespeare, John Milton, James Joyce, Miguel de Cervantes, Fernando Pessoa, Molière, Victor Hugo, Marcel Proust, Lev Tolstoi, Fiodor Dostoievski, Dante Alighieri, Nikolas Makiavelo, Alessandro Manzoni, Mark Twain, Ernest Hemingway, Goethe, Friedrich Schiller eta Thomas Mann

Literaturan, kanona garaian garaiko ospe handiena dituzten idazlanen multzoa da. Ospe hori denboran zehar aldatzen den heinean, kanona ere aldatu egiten da. Mundu akademikoak eta kritikariak izaten dira kanona zein den ebazten dutenak. Zenbait literatura-sarik ere idazlan batzuk goraipatzeko ahalmena duten heinean, idazlan batzuk kanoniko bihurtzen dituzte denboraren lerroaren une jakin batean.

Literaturan, garai bateko kanona zein den eztabaidatu ohi da. Historiari begiratzen zaionean, eztabaidatzen da zeintzuk diren garai jakin bateko libururik esanguratsuenak, zeintzuk bihurtu diren literatura klasikoak. Behin baino gehiagotan gertatu izan da bere garaian kanonetik kanpo zeuden idazlanak, geroago bere baitan biltzea. Etorkizuneko kanonean sartzeko aukera handia aurreikusten zaien idazlanei abangoardia etiketa jarri izan zaie XX. mendetik aurrera.

« Baten baino gehiagotan uste izan dut gure gazteentzat eta ez hain gazteentzat ere beharrezkoa litzatekeela irakurketa proposamen on eta kalitatezkoak bilduko lituzkeen zerrenda edo kanon bat. Baina kanon hori, zerrenda eredugarri hori, honela uste dut orain, ez luke marmolezko habe-harri sendoa izan behar, baizik eta etengabeko ur-jario malgua eta eztabaidagarria, aberasgarria. Hauxe liteke kanon batek lukeen alderik interesgarriena, idazle berriak sar daitezkeela, aurretik izan ez direnak. Bil ditzakeela egungo ardurak eta betikoak, norbanakoarenak eta unibertsalak. »

Miren Billelabeitia. Norberak maite duena. Pamiela. 2022.


Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazlan bat kanonaren baitan edo kanonetik kanpo kokatzea, ondorio handiak ditu lan horren hedapenean. Kanonean kokatutako lanak izan ohi dira arlo akademikoan irakurtzeko aholkatzen direnak, gehien editatu eta hedatzen direnak. Kanonetik kanpo geratzea baztertuta eta agian betiko ahaztuta geratzea ekar dezake.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gabilondo, Joseba: “Kanonaren sorrera egungo euskal literaturan: ETIOPIA-z”, Egan 1993 (2), 33-65. or.
  • ATUTXA, Ibai: Kanonaren gaineko nazioaz, Utrisque Vasconiae, 2012.
  • (Ingelesez) BLOOM, Harold: The Western Canon: The Books and School of the Ages Riverhead, 1995.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]