Kanpo belarri
Kanpo belarria belarriaren hiru ataletako bat da. Hiru zati ditu: belarri-hegala, belarri-zuloa eta tinpanoa. Belarri-hegala kartilagoz osatua dago, behealdeko belarri-gingila izan ezik, biguna eta gantzaduna baita gingila. Belarri-hegalak kanpotik iristen zaizkion uhin guztiak belarri-zulora bideratzen ditu. Belarri-zuloa hezur tenporalean dagoen 2,5 cm-ko inguruko hodi bat da; han, guruin berezi batzuk daude, argizaria darienak, eta baita ile batzuk ere; argizariaren eta ileen eginkizuna kaltea eragin dezaketen kanpoko gauzei (hautsari, zakarrei) eustea da, belarri barrura sar ez daitezen. Belarri-zuloa tinpano izeneko mintzeraino iristen da. Ehun konektibozko mintz tinkoa eta erdigardena da tinpanoa, eta dardara egiten du soinu-uhinek jotzen dutenean. Tinpanoan bukatzen da kanpo belarria, eta mintz horren beste aldean hasten da erdikoa.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.