Karl Carstens
Karl Carstens alemaniar politikaria eta abokatua izan zen (Bremen, 1914 - Meckenheim, Bonnetik hurbil, 1992). Legeak eta politika-zientziak ikasi zituen Frankfurt, Munich, Königsberg eta Hanburgeko Unibertsitateetan. 1937an alderdi nazian sartu zen, beka bat lortzearren, baina ez zen inoiz alderdikide aktiboa izan. Hegazkinen aurkako unitate batean zerbitzatu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta hura amaitu zenean, errugabe deklaratu zuen nazien aurkako epaitegi batek. Gerraren ondoren, Carstensek ikasketei heldu zien berriz Frantziako Dijonen eta Yaleko Unibertsitatean, eta 1949an etxera itzuli zen, abokatu lanetan jardutera. 1954an, Europako Kontseiluan Mendebaldeko Alemaniaren ordezkari izateko hautatu zuten. Handik hiru urtera, Carstens izan zen Erromako Ituna eraiki zuten arkitektoetako bat, Europar Ekonomia Erkidegoaren sortzaileetako bat, alegia. Konrad Adenaueren Kristau Demokraten Batasuneko (CDU) kide gisa, Kanpo Arazoetako estatu-idazkari (1960-66) eta Defentsako ministroaren laguntzaile (1966-67) izan zen. 1972an, Parlamenturako (Bundestag) hautatua izan ondoren, CDUko buruzagi izan zen Parlamentuan (1973-76), lehenik, eta Parlamentuko lehendakari, gero (1976-79). Ondoren, Alemaniako Errepublika Federaleko lehendakari hautatu zuten (1979-1984), eta haren izendapena eztabaidatua izan bazen ere, estatuburu eraginkorra eta maitatua izan zen.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.