Karl Liebknecht

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karl Liebknecht

Karl Liebknecht (Leipzig, Alemania, 1871ko abuztuaren 13a - 1919ko urtarrilaren 15a) politikari sozialista alemaniarra eta Alemaniako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen.

Biografia

Aita Wilhelm Liebknecht iraultzailea izan zuen, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) sortu zuenetako bat. Aita kartzelan, haurtzaroa miseria gorrian izan zuen eta ez zuen eskolaratzerik izan. Hala ere, Karlek bere kasa ikasi zuen, alderdiak unibertsitatea ordaindu zion arte. Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zituen eta sozialistekin aritu zen gazte-gaztetatik.

Soldadutza egin eta gero Zuzenbidea ikasten hasi zen Westfalian. Nekazari talde bat defendatu zuen, Alemanian komunismoa ezarri nahi zutela-eta. SPD-ko kide, 1907an Stuttgarten Gaztedi Sozialisten Erakundeen Nazioarteko Batasuna sortu zuen eta Militarismoa eta anti-militarismoa liburua idatzi zuen. Atxilotu egin zuten eta 1908an, kartzelan zegoen bitartean, eserlekua lortu zuen Prusiako diputatu ganberan eta 1912an Reichstagerako hautatu zuten.

Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Alemaniak parte hartzearen kontra agertu zen eta politiko askorekin haserretu zen, bere alderdi berekoak zirenekin eta guzti. Armadara joan beharrean izan zen eta lurperatze lanetan aritu beharra izan zuen errusiar frontean. Sekulako trauma eragin zion lanbide honek eta lizentziatu egin zuten horregatik.

Rosa Luxemburg eta Clara Zetkin ezagutu zituen eta SPDren talde erradikalenari eman zien hasiera: Espartakisten Ligari. Liebknecht-ek idatzitako artikulu batzuetan Espartaco ezizena erabili zuen sinatzeko eta hortik datorkio izena taldeari.

Bere alderdikoekin haserre, 1916ko urtarrilaren 1ean bota egin zuten SPDtik.

Gerraren aurkako manifestazio batean atxilo hartu zuten Rosa Luxemburg-ekin batera eta, traizio salaketen aurrean, bi urtetarako bortxazko lanak egotzi zizkioten.

1918an Alemanian Azaroko Iraultza lehertu zen eta Liebknecht askatu egin zuten iraultzaileak baretzearren. Baina gutxiengo bat zen bere taldea eta gehienek SPDkoak ziren. Orduantxe, Rosa Luxemburg eta beste erradikal batzuekin batera, sortu zuten Alemaniako Alderdi Komunista.

1918ko azaroan Weimar Errepublika aldarrikatu zenean, Friedrich Ebert sozialdemokratak osatu zuen behin-behineko gobernua. Liebknecht ez zegoen ados eta altxamendu espartakista lideratu zuen 1919an. Aurrez-aurreko batean atxilotu zituzten Liebknecht eta Rosa Luxemburg eta kartzelara iritsi baino lehen erail egin zituzten.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karl Liebknecht Aldatu lotura Wikidatan