Karl von Baer
Karl von Baer (Piibe, Errusiar Inperioa —gaur egun Estonia—, 1792 - Dorpat, Errusiar Inperioa —gaur egun Tartu, Estonia— 1876) sendagilea eta biologoa izan zen. Alemaniako Königsbergeko Unibertsitatean izan zen irakasle, eta han egin zituen aurkikuntzarik garrantzizkoenak. 1827an argitaratu zituen ugaztunen arrautzari buruz egindako ikerketak. Graffek mende bat lehenago zenbait folikulu aurkitu zituen ugaztunen arrautzetan. Harrezkero, folikulu horiek arrautzak zirela uste izan zen. Baerrek txakurraren folikulua ireki, eta barruan arrasto txiki bat zegoela ikusi zuen mikroskopioaren bidez, berez arrautza zena. Behaketa horri esker argitu zen ugaztunen garapena beste animalienaren antzekoa zela. Arrautza hainbat ehunez osatuta dagoela azaldu zuen bere lanetan; ehun horietan organoak eratzen dira, hau da, organo bakoitzari ehun bat dagokio. Ornodun guztien enbrioiek oso antzeko garapena dutela baieztatu zuen, nahiz eta garapenaren bukaeran desberdinak izan oso. Charles Darwin Baerren ikerketetan oinarritu zen, eboluzioaren teoria eratzeko.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.