Karlos Argiñano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau sukaldariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Argiñano (argipena).
Karlos Argiñano
Karlos Argiñano
Datu pertsonalak
Izen osoa Karlos Argiñano Urkiola
Jaio 1948ko irailaren 6a
Euskal Herria Beasain, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Bikotekidea(k) Luisi Ameztoy
Webgunea www.Karlosnet.com
IMDB IMDBko fitxa

Karlos Argiñano Urkiola[1], nazioartean Karlos Arguiñano grafiaz ezagunagoa, (Beasain, Gipuzkoa, 1948ko irailaren 6a) sukaldari, aktore eta enpresaburu euskalduna da. Haren sukaldaritzako telebista saioek arrakasta handia izan dute 1990az geroztik, Argiñano —goi sukaldaritzaren ordezkari izanagatik— elitismorik gabea, zuzena eta maitekorra delako, beti txiste bat prest duela.[2] Zarautz udalerrian dagoen Karlos Arguiñano jatetxearen jabea da.

Pilotazalea da; Asegarce enpresaren sortzaile eta jabeetako bat izateaz gainera, maiz ageri da pilotalekuetan, eta pilotalekua du bere etxean bertan.[3]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goierri eskualdeko Beasain udalerrian jaio eta hazi zen. Han, oso umetan sortu zitzaion sukaldean aritzeko zaletasuna, halabeharrez sortu ere. Lau senidetatik zaharrena, txikitatik etxeko lanetan —besteak beste, sukaldeko lanetan— aritu behar izan zuen, ama elbarri baitute.[4] Lazkaoko Beneditarren ikastetxean egin zituen Lehen Hezkuntzako ikasketak. Maisutza Industrialeko ikasketak egin ondoren, txapista lanetan aritu zen Beasaingo tren fabrikan (CAF).

Hamazazpi urterekin Zarauzko Euromar hotelaren ostalaritza eskolan matrikulatu zen (geroztik, Zarautzen bizi da). 1970ean, Zarauzko golf klubeko jatetxeko sukaldeko buru gisa kontratatu zuten; 1972an, jatetxe hartako sukaldean lagun izan zuen Luisi Ameztoyrekin ezkondu zen;[5][6] eta 1978. urtean Zarautz udalerriko Aiala jauregian Karlos Arguiñano jatetxea ireki zuen. Hortik hartuko zuen, hain zuzen ere, 1996an Zarautzen bertan sortu zuen Aiala ostalaritza eskolaren izena.[7]

Argiñano 1990ean hasi zen ospea hartzen; ETB 1ean, beste zenbait sukaldarirekin batera, Hasier Etxeberriak zuzendutako Hamalau euskal sukaldari saioan aritu eta gero,[2] ETB 2 telebista katean saio bat eman zioten hilabeterako, probaldi gisa. Geroztik arrakasta handia izan dute Karlosen saioek, lehendabizi Euskal Herrian, gero Espainian, eta geroago munduko beste zenbait tokitan ere, hala nola Argentinan. Telebista saio horiek Orion grabatu ohi ditu.[8]

2000. urtean, lehendabiziko aldiz, bere bakarkako sukaldaritzako saio horiek euskaraz egin zituen, ETB 1eko Otorduan, Karlos Argiñano telebista saioarekin. Ordurako 3.500 saio eginak zituen; bakarkako saioak, telebistaren ikusleen begietan, baina talde zabal baten laguntzaz prestatuak eta eginak, Karlos Argiñanok behin baino gehiagotan nabarmendu duenez.[2]

Karlos Argiñanok munduko herrialde askotara zabaldu du Euskal Herriko sukaldaritza. Sukaldaritza ikastaro eta hitzaldi anitzetan parte hartu du, eta makina bat sari jaso. Bere proiektuetan, lagun eta partaide izan du bere emazte Luisi Ameztoy; harekin sei seme-alaba egin ditu, eta beste bat adoptatu.[9]

Enpresaburu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa arloan, hotel-jatetxearen eta ostalaritza eskolaren sortzaile eta jabe izateaz gainera, Bainet Media ikus-entzunezko enpresa sortu zuen, bere telebista emankizunak eta liburuak argitaratzeko. Enpresa horrek berak argitaratzen ditu Juan Mari Arzaken eta Eva Argiñanoren (Karlos Argiñanoren arreba) liburuak ere. Hasierako enpresa horren inguruan, gainera, enpresa talde bat eratuz joan da Karlos, eta Bainet taldeak ikus-entzunezkoen hainbat eremu lantzen ditu: zinema, liburuak, webguneak, telebista emankizunak (Cocina con Bruno, Bricomanía, Decogarden, Frontón, Karlos Arguiñano en tu cocina, Hoy cocinas tú, 4 Estaciones, Lo + natural, Cose, corta, pinta, pega, Hogar tranquilo, 9 meses, Yo con vino, Cocina fusión, Decotendencias, Clínica veterinaria, Más que perros y gatos, Cocina Sana, El Jardín de Rocío, Todo tiene arreglo, eta abar), publizitatea, zerbitzu teknikoak eta abar. 2012an, guztira 300 enplegatu baino gehiago zituen Bainetek, Karlosek berak adierazi zuenez.[10]

Orobat, 1992an Asegarce pilota enpresa sortzen parte hartu zuen Karlos Argiñanok, eta enpresa horren jabeetako bat izaten jarraitzen du.[3]

Antzezle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat filmetan parte hartu du, hala nola Airbag (Juanma Bajo Ulloa, 1997), Año Mariano (Karra Elejalde eta Fernando Guillen Cuervo, 2000) eta El rey de la granja (Carlos Zabala eta Gregorio Muro, 2002) filmetan.

Lan argitaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen Karlos Argiñanoren idazlan nagusiak (parentesi artean, argitaletxea):

  • 1992: El menú de cada día (El Serbal)
  • 1993: La cocina de Karlos Arguiñano (América-Ibérica)
  • 1993: La cocina fácil de Karlos Arguiñano (Planeta)
  • 1993: La cocina con Karlos Arguiñano (Planeta)
  • 1993: El menú de cada día (2) (El Serbal)
  • 1995: La despensa de Karlos Arguiñano (Espasa Calpe)
  • 1996: 1069 recetas (Asegarce – Debate)
  • 1997: Karlos Arguiñano en tu cocina argentina (Elkano – Debate)
  • 1997: La cocina divertida de Karlos Arguiñano (1) (Asegarce – Debate)
  • 1998: La cocina divertida de Karlos Arguiñano (2) (Asegarce – Debate)
  • 1998: 100 menús de temporada (Asegarce – Debate)
  • 1998: Karlos Arguiñano en tu cocina (Elkano – Debate)
  • 1999: Escuela de cocina y de la buena mesa (Asegarce – Debate): Juan Mari Arzakekin batera idatzia.
  • 1999: 70 menús ricos, ricos para Argentina (Elkano – Debate)
  • 1999: Recetas ricas, recetas sanas (Asegarce – Debate)
  • 2000: Guias de alimentación y nutrición (Asegarce Debate)
  • 2002: La cocina de Karlos Arguiñano (Bainet Editorial)
  • 2003: 1069 recetas (Bainet Editorial)
  • 2003: 100 menús de temporada (Bainet Editorial)
  • 2003: Recetas ricas, recetas sanas (Bainet Editorial): Grande Covian fundazioarekin batera idatzia.
  • 2003: Cocinando con Karlos Arguiñano (Bainet Editorial)
  • 2004: Recetas de temporada (Bainet Editorial)
  • 2004: Comer sano y con fundamento (Bainet Editorial)
  • 2004: Mis recetas favoritas (Bainet Editorial)
  • 2005: Karlos Arguiñano en tú cocina (Bainet Editorial)
  • 2006: Comer sano: reducir el colesterol (Bainet Editorial): Grande Covian fundazioarekin batera idatzia.
  • 2006: Comer sano: stop a la obesidad (Bainet Editorial): Grande Covian fundazioarekin batera idatzia.
  • 2006: Gran recetario (Bainet Editorial)
  • 2007: Comer sano: controlar la diabetes. (Bainet Editorial)
  • 2007: Comer sano: regular la hipertensión arterial (Bainet Editorial): Grande Covian fundazioarekin batera idatzia.
  • 2007: La cocina fresca (Bainet Editorial)
  • 2007: Atrévete a cocinar: la forma más fácil de aprender (Bainet Editorial)
  • 2008: Cocina express: recetas para olla a presión (Bainet Editorial)
  • 2008: Comer sano: prevenir la osteoporosis (Bainet Editorial): Grande Covian fundazioarekin batera idatzia.
  • 2008: Comer sano: combatir el estreñimiento (Bainet Editorial): Grande Covian fundazioarekin batera idatzia.
  • 2009: La cocina vasca (Bainet Editorial)
  • 2010: 1069 recetas (edición especial XX aniversario) (Bainet Editorial)

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Filma Zuzendaria
2008 Camera Cafe Luis Guridi
2002 El rey de la granja Carlos Zabala eta Gregorio Muro
2000 Año mariano Karra Elejalde eta Fernando Guillen Cuervo
1997 Airbag Juanma Bajo Ulloa

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b c Beñat Doxandabaratz: «Txe! Otorduetan denok ados, Karlos dugu bizipoz», Argia, 1758. zenbakia, 2000-04-16.
  3. a b L. Guinea: «Karlos Arguiñano, cocinario, empresario... y pelotazale», Diario de Navarra, 2010-01-27.
  4. (Gaztelaniaz) «Karlos Arguiñano», Hola.com.
  5. Juan José Alzugaray: Vascos relevantes del siglo XX, Encuentro argitaletxea, 2004, 50. orrialdea.
  6. Antxon Etxeberria: «Talaimendi, un lujo para Zarautz», Diario Vasco, 2008-04-10.
  7. Karlos Argiñano: Aiala ostalaritza eskolaren aurkezpena, eskolaren webgunean.
  8. (Gaztelaniaz) Antxon Etxeberria: «Patxi Trula Fernández: "Ofrezco recetas, trucos y consejos para comer bien con poco dinero"», Diario Vasco, 2009-11-22. [Sukaldaria da Patxi Trula, eta, 1978az geroztik, Karlos Argiñanoren laguntzaile.]
  9. José María Llorente: «El cocinero de los huevos de oro», Club de Gourmets, 2010-03-25.
  10. Karlos Argiñano: 2012ko maiatzaren 24an emandako Arguiñano en tu cocina sukaldaritzako telebista saioa, Antena 3 telebista katea, telebista katearen webgunean ikusgai. Ikus 7. minututik aurrera (edo zati hori bera, YouTube webgunean ikusgai; iraupena: 3' 08'')

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]