Karlos Habsburgokoa
Karlos Habsburgokoa,[1] inzengoitiz Karlos artxidukea[1] (Gante, Belgika, 1500 - Yusteko monasterioa, Espainia, 1558) Gaztelako eta Espainiako errege izan zen Karlos I.a Gaztelakoa edo Karlos I.a Espainiakoa izenez (1516-1556). Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore ere izan zen, eta Karlos V.a Alemaniakoa izena hartu zuen horretarako (1519–1558).
Joana Gaztelakoa, Joana Eroa izenez ezagutzen dena, eta Filipe Ederraren ondorengoa izan zen eta aitona-amona ospetsuak izan zituen: Maximiliano I.a Austriakoa eta Maria Borgoinakoa aitaren aldetik eta Errege-erregina katolikoak amarenetik. Oinordetzaz, lur asko izan zituen bere menpe: Herbehereak, Austriako lurraldeak eta tronu inperialerako eskubidea jaso zituen aitona Maximiliano eta amona Mariagandik eta Errege-erregina Katolikoek, berriz, Gaztelako konderria, Napoli, Sizilia, Indiak, Aragoi eta Kanariar uharteak utzi zizkioten.
[aldatu] Tituluak
- Asturiasko Printzea
- Borgoinako Dukea (Charolaisko Kondea, Salins-les-Bainsko Jauna, Brabant eta Lorrena, Linburg, Luxenburgo eta Gelderlandeko Dukea, Artois, Flandria, Hainaut, Holanda, Namur eta Zeelandeko Kondea, Malinasko Jauna)
- Gaztela, Leon eta Nafarroako Erregea
- Aragoi, Valentzia, Mallorca, Napoli eta Siziliako Erregea, Bartzelonako Kondea
- Napoliko Erregea
- Austriako Artxidukea
- Erromatarren Erregea
- Germaniako Erromatar Inperio Santuko Enperadorea
- Frieslandeko Jauna
- Groningengo Jauna
[aldatu] Biografia
Prinsenhof jauregian (Gante, Flandria) dantzaldi bat ospatzen ari ziren bitartean, haurdun zegoen Joana artxidukesak tripako min handiak zituen. Inoren laguntzarik gabe, komunerantz abiatu zen eta horrelaxe jaio zen bere bigarren semea, asteartea zen 1500eko otsailaren 24ko goizeko 03:30ean. Joanak Juan deitu nahi izan zion, orain dela gutxi hildako anaiaren omenez, baina azkenean, Karlos izenez bataiatu zuten aitak hala nahi zuelako.
Urtea bete baino lehen, Filipek Luxenburgoko duke izendatu zuen, baita Urrezko Toison deritzon Borgoinako ordenako zaldun ere.
1501eko azaroaren 16an, Filipe eta Joanak Espainiara bidaiatu zuten, Errege-erreginen oinordeko izendatu baitzituzten eta Karlos txikia Yorkeko Margaritaren eskuetan geratu zen. Frantziatik pasatu zirenean, Filipek eta Luis XII.ak bere seme-alabak ezkontzeko ituna sinatu zuten eta, urte batzuk beranduago, itun hori Bloiseko tratatuan berretsi zen.
Filipe Flandria]ra itzuli zenean, Margarita zaintzailea edadetua zela eta Ana Borgoinakoaren esku utzi zuen printze txikia eta bere hezkuntza zuzenduko zutenak ere izendatu zituen. Fernando Katolikoak, berriz, printzea Gaztelako errege izan zitekeen ustean, Luis de Vaca bidali zuen Flandriara, gaztelania eta Gaztelako ohiturak irakasteko haurrari. Alferrikako ahalegina, nonbait, urte batzuk geroago Karlos printzea Espainiara hurbildu zenean, oraindik ez baitzuen hizkuntza erabat menperatzen.
1506an, Isabel Katolikoaren heriotzaren ondoren, Filipe eta Joana berriro joan ziren Gaztelara, hango koroa eskatzera. Lortu zuten, baina hauen erregealdiak gutxi iraun zuen, Filipe hil egingo baitzen eta Joana, berriz, erotu egin zela-eta, Tordesillasko komentu batean itxi baitzuen aitak.
Karlos adinez txikia zenez, bere aitona Maximiliano I.ak hartu zuen Herbehereen erregetza, baina berehala utzi zion kargua Margarita Austriakoari, Karlos eta bere senideen heziketarekin batera. Horrela bada, printze gaztearen hezkuntza guztia Flandrian garatu zen. 1509an, enperadoreak Hadriano Utrechtekoa izendatu zuen Karlosen maisu.
Azkenean, 1515eko urtarrilaren 5ean, Karlos adinez nagusi zela esan zuten eta Hebreeretako Jaun izendatu zuten. Horrela bukatu zen izeba Margaritaren erregeordetza, baina errege gazteak ez zuen gobernatzeko gogorik eta Chievreseko jaunak zuen botere osoa bere esku. urte horretan etorri zen Hadriano Utrechtekoa Gaztelara, aitona Fernandok bere oinordetza eskubideak kenduko ote zizkion beldur. Karlosen anaia gazteagoa zuen gogoko, bere ondoan hezitakoa eta harenganako joera zuela zirudien.
[aldatu] Espainiako errege
1516ko urtarrilaren 22an, aitona Fernando II.a Aragoikoak azken testamentua idatzi zuen, bertan Karlos Gaztela eta Leongo erreinuen gobernari eta administratzaile izendatuz. Joanaren ordez jarri zuen tronuan, honek ezin baitzuen zuen gaixotasunagatik. Aragoiko koroari zegokionez, bere alaba Joanari uzten zion, beti ere Karlos gobernari nagusi izendatzen zuelarik. Karlos etorri bitartean, Cisneros kardinalak gobernatuko zuen Gaztelan eta Alonso Aragoiko artzapezpikuak, berriz, Aragoin.
Martxoaren 23an, Fernando erregea Madrigalejon (gaur egun, Caceres) hil zen. Hortik aurrera, Karlos errege sentitzen hasi zen. Gaztelako Kontseilua ez zegoen horrekin ados eta martxoaren 4an gutuna bidali zioten, amaren tituluak errespetatzeko eskatuz, Joanak bizirik jarraitzen baitzuen. Hala ere, Fernandoren hiletak bukatu eta 10 egunetara, oihuek garbi erakusten zuten, aldaketa zetorrela:
- Vivan los católicos reyes doña Juana y don Carlos su hijo. Vivo es el rey, vivo es el rey, vivo es el rey.
Karlosek gaztelauen gutunari erantzun zion, errege izateko erabakia komunikatuz. Eztabaida luze baten ondoren, apirilaren 3an, Cisneros kardinalak Karlosen erabakiaren berri eman zion erreinuari eta 13rako gauzatuta geratu zen.
- Doña Juana y don Carlos su hijo, reina y rey de Castilla, de León, de Aragón, de las Dos Sicilias, de Jerusalén, de Navarra, de Granada, de Toledo, de Valencia, de Galicia, de Mallorca, de Sevilla, de Cerdeña, de Córdoba, de Córcega, de Murcia, de Jaén, de los Algarves, de Algeciras, de Gibraltar, de las islas de Canaria, de las Islas, Indias y Tierra Firme del mar Océano, condes de Barcelona, señores de Vizcaya y de Molina, duques de Atenas y Neopatria, condes de Ruisellón y de Cerdaña, marqueses de Oristán y de Gociano, archiduques de Austria, duques de Borgoña y de Bravante, condes de Flandes, de Tirol, etc.
Bestalde, Nafarroako 3 estamentuek fideltasuna egin zioten zin Karlosi.
Bitartean, Aragoiko koroaren egoera erabat kaotikoa zen. Lurralde hartako justiziak Alonso Aragoikoa artzapezpikuari agintea kendu zion, Aragoiko legeen arabera kargu hori tronuaren oinordekoari zegokiola esanez.
Aragoiko Erregeren Audientziak arrazoia eman zion justiziari, baina artzapezpikuak goberna zezakeela erabaki zuen, Joanaren sendagile eta zaintzaile zelako. Justiziak ez zuen onartu, ordea, Joana ez zela oinordeko esan zuen, semea izan bezain pronto, haren eskutara pasatzen baitzen agintea. Beraz, eta Fernandok beste seme bat izan zuenez Germana Foixekoarekin, Joanaren zina ezerezean geratzen zen (umea jaio eta ordu gutxira hil zen arren).
Maiatzaren 13an, Karlosek Joanaren zaintzaile bezala zituen botereak errekonozitu zizkion artzapezpikuari, baina zina egiteari uko egin zion. Gainera, Aragoiko Erreinuaren Diputazioak Joana hartu zuen koroaren oinordeko bezala, gaixo zegoenez, gobernutik alboratu eta bere semeagan erortzen bazen ere kargu hori. Gainera, ez zen Aragoiko instituziorik Karlos errege bezala onartzen zuenik, foruak ez bazituen zin egiten.
1518ko otsailaren 9an, Gaztelako Gorteak, Valladoliden bilduta, Karlos izendatu zuten errege. 600.000 dukat ere eman zitzaizkion eta Gorteek hainbat eskaera egin zizkion. Hauek dira haietako batzuk:
- Gazteleraz hitz egiten ikastea.
- Atzerritarren kargu publikoetarako izendapenak amaitzea.
- Gaztelatik metal preziatuen eta zaldien irteera debekatzea.
- Tordesillasen giltzaperatua zegoen, Joan, bere amarenganako errespetuzko tratua.
Aragoiko egoerak zaila izaten jarraitzen zuen. Maiatzaren 9an, Karlos Zaragozara iritsi zen. Aragoiko Gorteen bilera saioak maiatzaren 20an hasi ziren eta, eztabaida luzeren ondoren, maiatzaren 29an, Karlos egin zuten Aragoiko errege. Joana ere erregina izango zen, baina gobernatzeko gaitasunik ez zuen eta bere tituluak nominalak besterik ez ziren.
1519ko otsailaren 15ean, Karlos Bartzelonara iritsi zen eta Gorteak konbokatu ziren hurrengo egunerako. Aragoiko hitzaldiaren antzeko baten ondoren eta ondorengo eztabaiden ondoren, Karlos eta Joana koroatu zituzten apirilaren 16an. 1520ko urtarrilera arte ez zen diruaren kontua garbitu eta, azkenean, 300.000 libera eskaintzea erabaki zuten.
Hau guztia gertatzen ari zen bitartean, 1519ko urtarrilaren 12an, Maximiliano I.a enperadorea hil egin zen. Ekainaren 28an, Karlos izendatu zuten Frankfurten Germaniako Erromatar Inperio Santuaren enperadore eta horregatik utzi zuen bertan behera Valentziarantz bidaiatzeko asmoa. Gaztelako Gorteei deitu zien Santiagora 1520ko martxoaren 20rako. Horrela, Karlosek Hadriano Utrechtekoa bidali zuen bitarteko izateko eta ondoren Valentziakoa ere konbokatu ahal izateko. Legez kanpokoa zen hori eta estamentu pribilegiatuek gaizki hartu zuten. Iskanbila ugari izan zen eta 1520ko apirilaren 30ean, erregeak dokumentua bidali zien, foruak eta pribilegioak gordetzeko prest zegoela esanez. Azkenean, erregeak legeak agintzen zuen guztia bete zuen, Monzoneko Gorte Orokorretara joan zen, Valentziatik pasatu zen eta foruak zin egin zituen maiatzaren 16an.
4 urte pasa ziren kontu guzti hauetan eta Karlos izango zen Gaztela, Aragoi eta Nafarroa bilduko zituen lehen erregea.
[aldatu] Arazoak Gaztelan: Komuneroak (1520-21)
Karlos Gaztelara iritsi zenean, eskarmenturik gabeko gazte bat zen; ez zituen bertako ohiturak ezagutzen, ez hizkuntza ere eta horregatik Flandriatik etorritako kolaboratzaile borgoinarren laguntza hartu beharra izan zuen, aberastasun ugari eskaintzen zien bitartean. Hau guztia ez zen gaztelauen gustuko izan eta horrelaxe jakinarazi zioten Valladolideko Gorteetan 1518an. Erregeak ez zion jaramonik egin eta berehala joan zen Aragoirantz. Gaztelauek gero eta haserreago zeuden, behar hainbateko arreta ez zielako eskaini.
Bartzelonan jakin zuen erromatarren errege egin zutela eta Santiagokora deitu zituen Gorteak, atzerriko gastuak ordaintzeko, batez ere. Orduan Gaztelako hiriak ezezkoa eman zioten, ez baitzuten Alemaniako interesak Gaztelaren aurretik jartze hori eta erresumara itzultzeko deia egin zioten. Azkenean, amore eman zuten eta Karlos Alemaniarantz joan zen, Hadriano Utrechteko kardinalari erregetza utziz.
Gustu txarra zabaltzen joan zen Gaztela osoan eta Medina del Campoko suteak komuneroen altxamendua piztu zuen. Jauntxoen aurkako altxamenduak zirenez, hauek Karlosi lagundu zioten eta, pixkanaka, komuneroen mugimendua itzaltzen joan zen. Azkenean Juan Padillaren agindupean zeuden komuneroei irabazi zien Villalarreko batailan (Valladolid).
[aldatu] Arazoak Aragoin: Germaniak (1519-23)
Levanteko lurraldeetan gertatu zen hau. Valentziako artisauak Fernando Katolikoak emandako pribilegioa zuten. Miliziak antola zitzaketen berberiskoen aurka egiteko. 1519an, Karlosek baimena eman zuen milizia haiek osatzeko eta Joan Lloren jarri zen agintean.
1520an, izurria izan zen Valentzian eta nobleek alde egin zuten; miliziek agintearen jabe egin ziren eta Hadriano Utrechtekoaren disolbatzeko agindua ez zuten obeditu. Egun gutxiren buruan, mugimendua Balear uharteetara ere iritsi zen eta 1523ra arte iraungo zuen.
Komuneroena garaitu bezain pronto, armadak berehala bukatu zuen Germaniekin ere.
[aldatu] Espainiar inperioaren antolaketa: sistema polisinodiala
Izen hori eman zitzaion 1521 eta 1523 artean, enperadore hautaketak eta komuneroen arazoak konpondu ondoren, gauzatu zuten Kontseiluz osatutako antolaketa sistemari. Badirudi Gattinara kantzilerra izan zela Karlosi Estatuaren Kontseilu Sekretua proposatu ziona. Hori izango zen Gaztelako Kontseiluaren hazia, beste kontseilu guztiak eratzeko modeloa izango zena eta Filipe V.aren arte iraungo zutenak.
Kontseiluetako kideak erregeak berak aukeratzen zituen eta, erregearen aurrean edo ordezkariren baten aurrean, hainbat gai eztabaidatzen zituzten. Erregeak zuen azken hitza, baina izugarrizko boterea zuten:
- Kontseiluan, erregeak estamentuek zuten indarra neurtzen zuen.
- Erregearen faltan (gaixotasuna, gerra, bidaia...), beraiek gobernatzen zuten.
- Agintea ez zen banatua eta, askotan, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereganatzen zuten, nahi eran erabiliz: Gurutzadetako
Kontseilua, Inkisizioaren Kontseilua...).
Garrantzi handia zuten idazkariek. Kontseiluetako idazkariek ematen zien erregeari Kontseiluan tratatutakoaren berri edo Kontseiluari eramaten zizkion erregearen erabakiak. Azkenean, eragin handia zuten kontatzeko erarekin, aurreratu edo atzeratzeko neurriekin... Askotan salatu zituzten eta eskandalu ugari izan ziren (gehienbat Filipe II.aren garaian).
[aldatu] Gaztelako Kontseilua
Garrantzitsuena zen ezbairik gabe. Gaztelako etxe noble handiak biltzen zituen, 2 edo 3 eklesiastiko eta lizentziatu kopuru bat ere bai.
Bere funtzioetan Gaztelako erresuma gobernatzea zeuden eta justizia administratzea.
[aldatu] Estatu Kontseilua
Espainiako erregearen tresna garrantzitsua zen atzerriko politika eztabaidatzeko. Errege-erregina Katolikoen garaian ere horrelako zerbait bazen Erret Kontseiluan. 1526an hasi zen lanean, Soliman Handiak Austria mehatxatu zuenean.
Kontseilu bakarra da presidenterik gabekoa, Erregea baita lan hau egingo duena. Kontseilariak ez dira lege gizonak, harreman internazionaletan, baizik, Albako Dukea bezala edo Nikolas Perrenot. Beraz, kontseilari hauek beti ziren goi nobleziakoak edo goi klerokoak.
Filipe II.aren garaian, erregea askotan ez zen egoten kontseilu honetan eta Antonio Perez idazkaria bidaltzen zuen bere ordez.
Kontseilu honen lana erregeari atzerriko politikan aholkuak ematea zen eta hainbat enbaxadetako kontrola bereganatzen zuen: Erroma, Viena, Venezia, Genova edo Europako potentzia nagusienak: Frantzia, Ingalaterra eta Portugal.
Gaztelako Kontseiluan, erregeak kontseilarien esanak entzun eta gauzatzen zituen. Estatu Kontseiluan, ordea, erregeak berak eramaten zituen eztabaidatzeko gaiak, kontseilarien esanak entzun eta nahi zituen erabakiak hartzen zituen.
[aldatu] Aragoiko Kontseilua
Kontseilu honek ere bere berezitasunak zituen:
- Presidentzia Karlos I.aren kantzilerordeagan zegoen.
- Kontseilua lurraldeka antolatuta zegoen, ez familia nobleen arabera.
- Kontseilu honek bere funtzio judizialak gutxitzen ikusi zuen, Mallorca eta Sardiniaren kasuan soilik Gaztelakoaren antzera jarraituko zuelarik.
- Karlosek arreta gutxien jarri zion kontseilua izan zen.
[aldatu] Inkisizioaren Kontseilua
1535ean eraiki zuen Karlos I.ak, Inkisizioak zeukan jurisdikzioa kontrolatu nahian. Hala ere, 1545ean, Filipe erregetzan zegoenean, berriro eskaini zion aurreko jurisdikzioa Inkisizioari. kontseiluak bitartekari lanak egin beharko zituen.
[aldatu] Ordenen Kontseilua
Errege-erregina Katolikoen garaian, Fernando erregeak ordena militarren independentzia ezerezean utzi zuen eta bere burua 3 ordena militar garrantzitsuenen maestre izendatu zuen.
1523an, Hadriano VI.a aita santuak ordenak eman zizkion Gaztelako erresumari eta ondare garrantzitsu bat geratu zen erregearen jurisdikziopean: 2 hiri, 200 herri eta ehun bat herrixka, Santiagoren Ordenapean zeudenak, Gaztelako %4a suposatuko zuena. Bestalde, maestrearen irudia desagertzean, aurreko antolaketa era galtzen zuten eta Ordenen Kontseiluak hori konponduko zuen.
Pixkanaka, Karlos haien pribilegioak gutxitzen joan zen, batzuetan arrazoi politikoak erabiliz, komuneroei lagundu ziela edo... Askok alde egin zien zigorrei, pribilegio hauek zirela-eta.
Azkenean, Filipe II.aren garaian, Kontseilu hau Ohorezko titulu bat balitz bezala hartu zen, odol garbitasunaren bermea, alegia.
Hasieran, aita santuak emandako 3 buldak administratzeko sortu zen, Erresumari laguntzeko federik gabekoen aurka zuen borrokan eta Mediterraneoan zuen galera flota mantentzeko.
Gehien bat, elizgizonak zeuden bertan eta dirua bildu eta bula horien administrazioan aritzen ziren, inperioaren finantza iturri handia ezbairik gabe.
[aldatu] Ogasuneko Kontseilua
1523an sortutako kontseilu honek, Gaztelako Ogasunaren arrazionalizazio handia suposatu zuen.
Horrela osatu zuten: 3 kontseilari, normalean Gorteko burokrazian eskarmentu handiko lizentziatuak, eta 4 asistente: diruzaina, finantza eskribaua, kontadorea eta idazkaria.
Funtzioen artean hurrengoak ditugu: gastuak burutu, finantza iturri berriak bilatu, aurrekontuak egin, beste kontseiluetako kondaroeei informeak eskatu... Normala den bezala eta familia garrantzitsuenetako kideak ez izatean, kontseilua hau berehala hasi zen beste kontseiluekin ika-mika.
[aldatu] Indietako kontseilua
1511n sortu zuten eta Karlosek 1524an erreformatu zuen.
Horrela osatzen zuten: Presidente bat, Kantziller Handia, 12 kontseilari, betiko pertsonala eta Indiako Kontseiluari zegozkion postu bereziak, Indietako kronista ofiziala, kosmografoa, Kontratazio Etxeko entzulea...
Bere konpetentzien artean, Mundu Berriko itsaso eta lurren gaineko edozer zegoen, bai militar eta bai politikoa, bai bakea eta bai gerra, bai zibila eta bai kriminala. Indiako Kontratazio Etxea zaintzen zuen Sevillan. Indietarako erregeordeak, armadetako jeneralak, artzapezpikuak... proposatzen zituen. Auziak ere erabakitzen zituen.
Bere erregealdian gertatutako hainbat gauza hurrengoak dira:
- Hernan Cortesek Espainia Berria (Mexiko) konkistatu zuen.
- Francisco Pizarrok Inken inperioa hartu zuen, Peruko Virreinatoa sortu zuelarik.
- Gonzalo Jimenez de Quesadak Chibcha herria konkistatu zuen, oraingo Kolonbian.
- Juan Sebastian Elkanok Munduari lehen bira eman zion 1522an, Magalhãesek hasitako bidaiari bukaera eman zionean.
- Urdanetak Elkanorekin hasi zuen Filipinetarainoko bidaia, 11 urtez bertan egon zelarik. Bidaia hartan ikasitakoa erabakigarria izango zen Filipe II.aren erreinaldian berriz itzuli zenean eta Itzulbidaia aurkitu zuenean.
- Pedro de Mendozak Buenos Aireseko lehen fundazioa gauzatu zuen, Rio de la Plataren eskuin aldean.
- Juan de Salazar eta Gonzalo de Mendozak Asunción sortu zuten, ondorengo konkistentzako motorra izango zena.
- Pedro de Valdiviak Santiago sortu zuen.
Honek denak, lehen inperio globalizatua eraiki zuen, Filipe II.ak jarraituko zuena.
[aldatu] Nafarroako gerra
Gaztelako komuneroen gerraren aitzakian eta Nafarroako desmilitarizazioa zela eta, 1521ean, nafarrek kontraerasoa egin zuten hirugarren aldiz, erresuma berreskuratu nahian. Oraingo honetan, Henrike II.a Nafarroakoak Frantzisko I.a Frantziakoaren laguntza zuen eta ia Nafarroa osoa altxatu zen. Hasierako arrakastaren ondoren, André de Foix, jeneral frantsesaren errore estrategikoek eta armada espainiarraren errekuperazio azkarrak, Noaingo gudua izugarrira eraman zuten, Karlos I.aren garaipenarekin.
Baztan-Bidasoa aldean erresistentzia antolatu bazen ere, azkenean diplomaziak irabazi zuen, amnistia partziala lortuz eta Nafarroa betirako Espainiaren eskuetan utziz.
[aldatu] Erromatarren errege
Frankfurtko Germaniar Erromatar Inperioa enperadorerik gabe geratu zen 1519ko ekainean, Maximiliano I.a hil zenean. Baina berehala konpondu zen hau Karlos enperadore berri izendatuz. Hala ere, Frantziako erregea zen Frantzisko I.ak lehia garbia egiten zion eta diru askoren beharra izan zuen Karlosek. Gaztelan bilatu zuen dirua eta Jakob Fugger bezalako alemaniar bankariena ere bai.
Alemaniara itzuli zen errege koroatzeko eta Espainiatik at ibili zen 1522 arte. 1520ko urriaren 23an koroatu zuten errege Akisgranen eta, 3 egun beranduago, enperadore egin zuten.
[aldatu] Turkiarren aurkako gatazka
1516an, Selim, Aljerreko printzeak, Baba Aruj (Bizargorri izenez ezaguna) itsaslapurrari Gaztelaren menpekotasuna deuseztatzeko laguntza eskatu zion. Arujek baiezkoa eman zion, baina Aljerretik espainiarrak bota ondoren, Selim hil eta errege izendatu zuen bere burua. Cisneros kardinalak, Karlosen iritsiera arte Gaztelako erregeorde izan zenak, 8.000 gizoneko gudataldea bidali zuen Diego de Veraren agindupean hiria birkonkistatzeko. Heziketa militarrik gabeak ziren ordea, eta galtzaile izan ziren.
1517an, Arujek Tremecen hartu zuen, Orango gobernadore espainiarraren tributari zen hiria. Handik urtebetera, gobernariak itsaslapurra garaitu eta hiltzea lortu zuen, eta bere anaia Jeireddin Aljerreko errege egin zuen. Karlosek honen berri izan zuenean, berehala bidali zuen Hugo de Moncada 7.500 gizonez osaturiko espedizio baten buru, hiria errekonkistatzeko asmoz. Abuztuaren 17ko gerra kontseiluak Tremeceneko erregearen laguntza itxarotea erabaki zuen, baina, ekaitz izugarri batek ontziteria guztia hondatu zuen, Hugo de Moncadak atzera egin behar izan zuen.
1520an Selim hil eta gero, bere seme bakarra zen Soliman Bikaina Otomandarrenen Inperioko sultan bilakatu zen eta erasoa hasi zuen Balkanetan eta Mediterraneoan. 1521ean, Belgrad sakeatu eta erre zuen eta hurrengo urteetan, bere erresuma Hungariako erresumarantz inguratu zen. 1526ko abuztuaren 29an, Soleimanek Luis II.a Hungariakoa garaitu zuen Mohácsesko batailan eta Fernando Habsburgokoa izendatu zuten oinordeko, Anarekin ezkonduta zegoelako, Hungariako erregearen arrebarekin, alegia.
Printze protestante alemaniarren laguntzarekin, eta Gaztelako nobleziarenarekin, Karlos anaiaren laguntzan agertu zen 1532an, Viena Soleimanen erasoetatik defendatzeko. Hala ere, Frantzisko I.ak enperadoreak turkiarrak garaitu eta bere aurkako gerran hasiko ote zen beldur zen eta ez erasotzeko aholkua eman zion sultanari, borrokarik egin gabe erretiratu zelarik.
Urte berean Jeireddin Bizargorrik Aljerreko haitzetik espainiarrak kanporatzea lortu zuen eta 1533an Solimanekin elkartu zen, bere ontzidiaren almirante izendatu zuelarik. Itsaslapurrak Tunis hartu zuen hurrengo urtean, Karlosek bi operazio burutu zituen. Lehenengoa 1535ean izan zen, Tunezko jardunaldia izenez ezagutua, eta Bizargorriri Tunez kendu ziotenekoa eta bigarrena, Aljerreko jardunaldia, 1541ean, eguraldi txarra zela-eta porrot egin zuena.
[aldatu] Frantziaren aurkako gerrak
Lau gerra burutu zituen Frantzisko I.a Frantziakoaren aurka, inperioko koroaren atzetik baitzebilen hau ere, eta Karlosek Borgoinaren itzulpena eskatzen zion:
- Lehenengo gerran (1521-1526) Frantziak Milaneerria hartu zuen eta Henrike II.ari 1515an konkistatutako Nafarroa berreskuratzen lagundu zion. Hala ere, Frantziako erregea galtzaile irten zen eta gartzelaratua izan zen Paviako batailaren ondoren. Francisco Madrilera eraman zuten, bertan Madrileko ituna (1526) sinatzeko, Milanesado berriz ez zuela hartuko eta Nafarroako erregeari ez ziola berriro laguntza eskainiko esanez.
- Bigarren gerran (1526-1529), tropa inperialek Erromari egin zioten eraso, Frantziako erregearen laguna zen Klemente VII.a aita santua Sant'Angelo gazteluan errefuxiatzera behartuz. Cambraiko Bakean, Espainiak Borgoñari uko egingo ziola sinatu zuen, Frantzisko I.ak Italia, Flandes eta Artois uzten bazituen. Tournayko hiria ere entregatu behar zuen. Aita Santuak Erromatar Inperio Sakratuaren enperadore izendatuta (1530), Karlos I.ak frantziarren aurkako gerrak jarraitu zituen.
- Hirugarrena (1535-1538) Frantziak Espainiaren aliatua zen Sanboyako dukerria okupatu zuenean gertatu zen eta Milanerantz jarraitzeko asmoa zuen. Nizako etenarekin amaitu zen, bi aurkariak erabat nekatuta baitzeuden hainbeste gerrarekin.
- Laugarrena eta azkena (1542-1544) Alemaniako protestanteen gatazkarekin bukatu zen. Neka-neka eginda, bi monarkek bakea sinatu zuten Crepyn. Honekin, Espainiak Frantzia iparraldeko lurrak galdu zituen, baita Flandria ingurukoak ere. Berriro ere, Frantziak Italia eta Herbehereak utzi beharra izan zuen.
[aldatu] Protestantismoa
Aita santuaren eskutik koroa jaso ondoren (1530), Karlosek luteranismoak sortutako arazoei erantzun beharra sentitu zuen.
1530ean, Habsburgoko Dieta deitu zuen, luteranoak eta katolikoak aurrez aurre jarriz, Habsburgoko Konfesioak deritzonean. Karlosek Wormseko Ediktoa konfirmatu zuen 1521, luteranoak eskumikatuz. Luteranoek Esmalcaldako Liga osatu zuten 1531n eta armada eta finantziazio komun bat ziurtatu zuten, protestanteen liga deitu zitzaion honentzako.
Erreformaren beharra onartuz eta arazoa konpondu nahian, Paulo III.a aita santuak Trentoko Kontzilio Ekumenikora deitu zuen, 1545eko abenduaren 5ean hasiko zena lanean.
Protestanteek ez zuten Trentoko Kontzilioa onartzen eta enperadoreak 1546ko ekaineko gerra hasi zuen. Aita santuaren armak ziren eta Oktavio Farnesek agintzen zuen, Austriako Fernandoren esanetara zegoen austriar bat, alegia. Sajoniako Maurizio ere enperadorearen alde zegoen, Esmacaldaren Ligatik apartatu baitzen. Karlosek garaipen garbia izan zuen Muhlbergeko batailan 1547an eta, handik gutxira, alemaniar printzeak erretiratu eta enperadorearen aginduetara jarri ziren.
Garaipen itzela izan bazen ere, ez zuen luteranismoa eta katolizismoa bateratzea lortu eta 8 urte geroago Habsburgoko Bakea sinatu beharrean izan zen, nahi zuten erlijiora atxikitzeko alemaniarrek eskubidea onartuz. Betirako ez zen izango, baina momentuz, Erreformak sortutako arazoa baretuta geratu zen.
[aldatu] Karlos I.aren abdikazioa eta oinordekotza
Hainbeste gerra eta gatazkaren ondoren, Karlos erreflexio aldarte batean murgildu zen; bere burua, bizitza, bizipenak eta Europaren egoera zituen buruan.
XVI. mendeko lehenengo erdian berarekin batera izandako Europako protagonista handiak hilik ziren, jada: Henrike VIII.a Ingalaterrakoa eta Frantzisko I.a Frantziakoa, Martin Luther, Erasmo Rotterdamekoa eta Paulo III.a aita santua ere desagertuta zeuden.
Bere bizitzako eta egin zuen guztiaren balantzea ez zen guztiz positiboa. Habsburgotarrek gobernaturiko inperio unibertsalaren ametsak porrot egin zuen eta Borgoina berreskuratzeko ahaleginak ere bai. Erromatar Elizaren defendatzaile sutsua izanik ere, ezin izan zuen luteranismoaren ezarpena gelditu. Itsasoaren beste aldeko lurrak asko hazi zitzaizkion, baina administrazio egonkor bat lortu gabe zegoen oraindik. Italian, aldiz, espainiar agintea kontsolidatuta zegoen eta 1559an kontsolidatuko zen Cateau-Cambrésiseko Bakean eta 150 bat urte iraungo zuena.
Karlosek gero eta argiago zuen Europa printze berrien eskuetan eroriko zela, eta Inperioaren ideia baztertzen ari zen, Espainiaren hegemonia azpimarratzen zihoan bitartean.
Bruselako abdikazioetan (1555-1556), Karlos I.ak bere anaia, Fernando, izendatu zuen erromatarren errege eta Espainia eta Indiak bere semea zen Filiperi utzi zizkion. Fladriatik Laredoraino bidaiatu zuen Espainiarantz itzuliz eta hezueriak ematen zizkion sintomak lasaitu nahiaz. Hiri handietatik urrun zegoen herri bat gomendatu zioten horretarako, La Vera (Extremadura), eta hilabete eta 3 aste iraun zuen Jarandilla de la Verarainoko txangoak. Oropesako Kondeek utzi zioten gaztelua bertan bizi ahal izateko.
1556ko otsailaren 3ra arte, itxaron zuen han, Yusteko monasterioaren ondoan eraiki behar zuen jauregia egiteko obrak bukatzen ziren bitartean. Erretiro honetan, urte eta erdi egon zen, hirietatik eta politikatik urrun, Jeronimoen ordenako fraideen gidaritza espiritualean.
1558ko irailaren 21ean hil zuen paludismoak, hilabeteko agoniaren ondoren. Testamentuan, Joan Austriakoa errekonozitu zuen Barbara Blombergekin 1545ean izandako bere seme bezala. Yusteko monasterioaren ondoko jauregian ezagutu zuen lehenengoz.
[aldatu] Ezkontza eta seme-alabak
1526ko martxoan, Karlos I.a bere lehengusua zen Isabel Portugalekoarekin ezkondu zen (Joan III.a Portugalekoaren arreba) Sevillan. Honako seme-alaba hauek izan zituen harekin:
- Filipe II.a Espainiakoa (1527-1598).
- Maria Habsburgokoa (1528-1603).
- Fernando (1530).
- Joana Austriakoa (1537-1573).
- Joan (1539-1539) egun berean hil zen.
Ezkontzaz kanpo izandako seme-alabak
- Isabel Gaztelakoa (1518) (agian, Germana Foixekoaren alaba izan daitekeena).
- Margarita Austriako edo Parmakoa (1522-1586) (Ama Juana Van der Gheest izan zen).
- Joana Austriakoa (1522–1530), ama Nassauko dama bat izan omen zen.
- Tadea Austriakoa (1523?–1562) Orsolina della Penna izan zen bere ama eta Sinidaldo di Copeschirekin ezkondu zen.
- Joan Austriakoa (1547-1578), Barbara Blombergen semea izan zena.
[aldatu] Erreferentziak
| Espainiako errege-erreginak | ||
|---|---|---|
|
Fernando II.a eta Isabel I.a | Joana eta Filipe I.a | Joana eta Karlos I.a | Filipe II.a | Filipe III.a | Filipe IV.a | Karlos II.a | Filipe V.a | Luis I.a | Fernando VI.a | Karlos III.a | Karlos IV.a | Josef I.a | Fernando VII.a | Isabel II.a | Amadeo I.a | Alfontso XII.a | Alfontso XIII.a Egungoa: Joan Karlos I.a |
||