Karlos II.a Burusoila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xirkan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:11, 28 maiatza 2016

Txantiloi:Agintari infotaula Karlos II.a Burusoila[1] (Frankfurt, 823ko ekainaren 13a - Avrieux, 877ko urriaren 6a) Mendebaldeko Frantziako errege izan zen 843tik 877 arte, eta Mendebaldeko enperadorea 875etik 877arte. Haren erreinaldian liskar ugari izan ziren, familia interesen, normandiarren erasoen eta aristokraziaren iskanbilen ondorioz. Irakaskuntza bultzatu zuen[2].

Bizitza

Lehen urteak

Luis I.a Errukitsua enperadorearen eta honen bigarren emazte Judith Bavariakoaren seme-alabetatik gazteena zen eta, beraz, Karlomagnoren biloba. Karlos sortu zenerako aitak egina zuen inperioaren banaketa hiru seme zaharrenen artean: Lotario, Pepin eta Luis. Aita saiatu zen harentzako azpierresuma bat sortzen; beste hiru anaiak, ordea, aurka agertu ziren. Pepin hil ostean (838ko abenduak 13), Karlosek haren erresuma, Akitania, jaso zuen[3], baina horrek haserrerazi zituen Pepinen oinordekoak.

Inperioaren banaketa

840an, Luis Errukitsua hil zenean, haren semeen arteko guduak hasi ziren, Karlomagnok sortutako inperio zabalaren banaketa zela-eta. Karlos eta Luis Germaniarrak elkar hartu zuten Lotario eta Pepin II.aren aurka, eta Fontenoy-en-Puisayeko guduan, 841eko uztailean, garaitu zituten[3]. Estrasburgoko Zina izeneko agiriak, hizkuntza erromantze batean idatzitako lehen idazki ezagunak, aliantza hau jasotzen du.

Azkenik, 843ko Verdungo Hitzarmenak hiru zatitan banatu zuen inperioa. Lotariok Erdialdeko Frantzia eskuratu zuen: Italiar penintsula, Rodano, Saona, Meuse eta Mosela ibaien ibarrak eta Rhin ibaiaren beheko aldea. Enperadore titulua atxiki zuen (baina bere anaienganako autoritaterik izan gabe) eta kontrolpean zituen bi hiriburu inperialak: Akisgran eta Erroma. Luis Germaniarrari Ekialdeko Frantzia egokitu zitzaion (geroago Alemania izan zena), hau da, Rhin ibaiaren eskuinaldeko ibarreko lurraldea, eta Mainz, ezkerraldeko ibarrean. Karlos Burusoilak Mendebaldeko Frantzia jaso zuen (geroago Frantzia izan zena), hots, Eskalda, Sena, Loira eta Garonaren arroak[4]. Verdungo Hitzarmena, egundaino iraun duen Europako zatiketa politikoaren jatorria, anaien arteko gatazka honentzako behin-behineko konponbide bezala pentsatua izan zen; baina, handik gutxira, bere zehaztapenak aldatuz joan ziren.

Errege eta enperadore

Fitxategi:Karel2Holy.jpg
Karlos Burusoilaren zigilua

845ean, Ragnar Lodbrok Danimarkako errege bikingoaren armadak Paris arpilatu zuen[4]. Bestalde, Akitaniako Pepin II.ak eta Bretainiako Nominoëk ez zuten erregearen aginpidea onartu eta Karlos Burusoilak haien independentzia ezagutu behar izan zuen. 851ean Bretainia inbaditu bazuen ere, Erispoëk, Nominoëren semeak, garaitu zuen Jenglandeko guduan (abuztuaren 22an)[4]. 852an, berriz, Pepin II.a atzitu eta preso sartu zuen, eta 855ean Karlos Umea koroatu zuen Akitaniako errege[3].

Hala ere, istiluak ez ziren amaitu: Salomon Bretainiakoak Mainetik egotzi zuen Luis Totela, Karlosen semea; bikingoek sarraldiak egin zituzten Loira, Sena eta Eskaldaren haranetan, eta baita Proventzan ere; eta Akitania zein Neustriako handikiak matxinatu zitzaizkion. 862an, Luis Totela aitaren kontra altxatu zen, eta Salomonek sendotu zuen bere aginpidea Bretainian, Karlos Burusoilari lagundu baitzion normandiarren aurkako borrokan. Hauen sarraldiak geldiarazteko asmoz, Roberto Azkarra izendatu zuen Loira eta Sena aldeko agintari; Robertok normandiarrak azpiratu zituen 866an, Brissarthen, baina gudu hartan galdu zuen bizia[3].

869an, Lotario I.aren seme Lotario II.a hil ondoren, Karlos Burusoilaren eta Luis Germaniarraren artean banatu zen Lotaringia. 875ean Luis II.a Italiakoa, hau ere Lotario I.aren semea, hil zen; horren ostean, Joan VIII.a aita santuak Karlos Burusoila koroatu zuen enperadore [4]. 876ko abuztuan, Luis Germaniarra hil eta gero, Ekialdeko Frantzia inbaditzen saiatu zen, baina Luis III.a Gazteak garaitu zuen Andernachen, Koblentzatik gertu[3].

877ko ekainaren 16an Quierzyko Kapitularra sinatu zuen; kapitular hau feudalismoaren hasieratzat hartu ohi da, erregeak emandako ohoreak jaraunsgarriak zirela finkatu baitzuen. Quierzytik Aita Santuari laguntzera joan behar izan zuen, sarrazenoek aurkako borrokan[3]. Italiatik itzultzean hil zen, pleuresiak jota.

Ezkontzak eta seme-alabak

842ko abenduaren 14an, Ermentrude Orleansekoarekin ezkondu zen Quierzyn; zortzi seme-alaba izan zituzten:

  • Judith Frantziakoa (843 aldean-870), Ethelwulf Wessexekoarekin (795-858), Ethelbald Wessexekoarekin (829-860) eta Balduin I.a Flandriakoarekin ezkondu zena.
  • Luis II.a Totela (846-879), 862an Ansgarda Burgundiakoarekin eta 875ean Adelaida Pariskoarekin ezkondu zena.
  • Karlos Umea (?-866).
  • Karloman (847 aldean-876).
  • Ermentrude (?-?).
  • Hildegarde (?-?).
  • Rotrude (?-?).
  • Lotario Maingua (850 aldean-866), Saint-Germain d'Auxerreko abadea.

Ermentrude 869an hil zen. Ondoren Karlos Richilde Proventzakoarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba bat izan zituzten:

  • Rothilde (871–929), Hugues, Bourgesko kondearekin eta Ragenold Neustriakoarekin ezkondu zena.
  • Drogo (872–873)
  • Pepin (873–874)
  • seme bat (875ean sortu eta hila)
  • Karlos (876–877)

Erreferentziak

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d e f Charles II le Chauve. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2016-05-26).
  4. a b c d Carolingian (Frankish) Empire. historyfiles.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-05-26).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos II.a Burusoila Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Luis Errukitsua
Mendebaldeko Frantziako Erregea
843-877
Ondorengoa
Luis II.a Totela


Aurrekoa
Luis II.a Italiakoa
Mendebaldeko enperadorea
875-877
Ondorengoa
Karlos III.a Gizena