Kartago

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kartagoko arkeologia gunea1
UNESCOren gizateriaren ondarea
Ruines de Carthage.jpg
Mota Kulturala
Irizpideak i, iii, vi
Erreferentzia (ID) 37
Kokalekua TunisiaTunisia
Eskualdea2 Estatu arabiarrak
Izen ematea 1979 (III. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Kartago[1][2] (fenizieraz: Qart-ḥadašt, «hiri berri») antzinaroko hiria da, Tunis aintziraren ondoan kokatua, gaur egungo Tunisian, gaur egungo Tunistik hurbil. Tiroko feniziarrek eratutako koloniatik sortu zen, Qart-ḥadašt izenarekin ( قرت-حدش edo קרת חדשת, «hiri berri»), Kristo aurreko lehenengo milurtekoan, eta antzinateko hiririk handienetakoa izan zen.

Hiriaren kokalekua ongi aukeratua zen, Tunisko golkoan hiruki labur bat eratzen duen penintsula batean, babesa eta arrantza ugari eskaintzen duen itsasoz ia inguratua.

Kartago hiriaren kokalekua, Mediterraneoaren erdialdean, gaur egungo Tunisian.
Kartagoren planoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria sortu eta hurrengo mendeetan, Mediterraneo itsasoaren sartalde osoan zehar hedatu zen merkataritza inperio handi baten gune nagusi bihurtu zen. Kartagoko salgaiak oso aintzat hartuak ziren Mediterraneo inguruetako herrietan. Hiriaren aberastasunaren oinarri nagusietako bat Afrikako iparraldeko eta Iberiar penintsulako hegoaldeko zilar meatzeak ziren. Kartagotarren merkatari inperioaren etsai nagusiak greziarrak izan ziren lehendabizi, Sirakusakoak batez ere, eta geroago erromatarrak.

K. a. III. mendearen erdialdetik II. mendearen erdialdera bitartean hainbat gerra izan zituen Erromarekin. Gerra horien ondorioz, Kartagoren aginpidea guztiz ahuldu zen, eta azkenik hiria K. a. 146an Erromaren esku erori zenean, hiri osoa erre, eta ez zen biztanlerik gehiago geratu.

Gerra Punikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Gerra Punikoak
Kartagoren menpeko lurrak, Gerra Punikoetan zehar.

K.a. III. eta II. mendeetan Kartagoren eta Erromaren artean hiru gerra izan ziren: Gerra Punikoak.

Lehen Gerra Punikoa (K. a. 264-241)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Lehen Gerra Punikoa

Mediterraneo itsasoko Korsika eta Sizilia uharteen kontrola lortzeko piztu zen. 264an kartagotarrak Siziliako Messana eta Siracusa hirien arteko liskarretan parte hartzen hasi ziren, era horretara uharte horretan kokatzeko asmoz. Erromak eraso, eta kartagotarrak uhartetik kanpora egotzi zituen. Erromaren itsas ontzidia Afrikako lurraldeetara iritsi zen 256an, baina Kartagok, ia errenditzeko zela, Erromak jartzen zituen baldintzak gogorregiak zirelako, zaldiz eta elefantez osatutako gudaroste batez eraso, eta erromatarrak itsasora egotzi zituen berriro. Erromaren itsas ontzidiak erabat mozten zituen, ordea, kartagotarren koloniekiko harremanak, eta azkenean errenditu egin zen Kartago. Bakearen ordainez, Sizilia eta Lipari uharteak Erromari eman zizkion eta zergak ordaintzeko karga hartu zuen Kartagok.

Bigarren Gerra Punikoa (K. a. 218-201)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Bigarren Gerra Punikoa

Lehenengo Gerra Punikoaren ondoren, Erromak Korsika eta Sardinia kendu zizkien kartagotarrei, eta gero eta zerga astunagoak jarri zizkien. Hala ere Hamilkar Barka buruzagiaren, haren seme Hanibalen eta haren suhi Hasdrubalen gidaritzapean, oinarri sendo bat hartu zuen Kartagok Iberiar penintsulan. K. a. 219an Hanibalek Sagunto konkistatu zuen. Erromak hiri hartatik alde egiteko eskatu zuen, baina Kartagok ezezkoa eman, eta Erromak gerra deklaratu zion.

Itsasoa Erromaren esku zegoenez, Hanibalek lehorrez eraman zuen bere gudarostea, Galian eta Alpeetan zehar Italiar penintsularaino. Galiako zenbait herriren laguntzarekin hainbat gudu irabazi zituen Italiar penintsulan, Cannækoa batez ere. Capua hiria (Italiako bigarren hiri handiena) konkistatu zuen, baina ezin izan zuen Erroma hartu.

K. a. 207an Hasdrubalek beste kartagotar gudaroste bat eraman zuen Italiar penintsulara, Hanibalekin batera Erroma hartzeko asmoz. Hasdrubalen gudarostea Metauros ibaiko guduan menderatu zuen Erromako gudarosteak. Hanibalek K. a. 203 arte jarraitu zuen Italiar penintsularen hegoaldean.

Bien bitartean Eszipionek Iberiar penintsulan eraso zien Kartagoren gudarosteei. K. a. 206an Kartagok Iberiar penintsulatik alde egin behar izan zuen. Eszipionek, orduan, Kartagoko lurraldeetara eraman zuen erasoa K. a. 204an. Zamako guduan Kartagoren gudarostea guztiz menderatu ondoren, Erromak bere baldintzak jarri zizkion Kartagori: zerga ordaindu, itsas ontzidia deuseztatu, eta Hispania eta Mediterraneoko uharteak Erromari utzi.

Hirugarren Gerra Punikoa (K. a. 149-146)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Hirugarren Gerra Punikoa

Lehenengo eta bigarren gerretan Kartagok bere aginpide politikoa galdu bazuen ere, bere merkataritza guztiz indartzen ari zen K. a. II. mendean, Erromako merkatarien kaltetan. 150ean Masinisaren erasoari armaz erantzun ziotenean, Erromak bere gudarostea bidali zuen Kartagoren kontra, hitzarmena hautsi zuelako. Kartagok Erromaren baldintzak onartu nahi izan zituen; Erromak, ordea, hiria itsasertzetik urrundu eta lehorrean barrura aldatzeko baldintza jartzen zuen, horrela Kartagori itsaso bidezko merkataritza eragozteko. Kartagok bi urtez eutsi zion erromatarren setioari. Eszipion Emilianok bide guztiak moztu eta inguratu zuen hiria, baina hala ere etxez etxe konkistatu behar izan zuen. Hiriak zituen milioi laurden biztanleetatik, 50.000 mila inguru geratzen ziren hiria errenditu zenean. Bizirik geratu zirenak esklabo saldu zituzten; hiri osoa desegin zuten erromatarrek, eta lurraldea Erromaren probintzia bihurtu zen.

Gerra Punikoez geroztik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bandaloen Erresuma, 455. urtean.

Gerra punikoak bukatu eta gero berriro sortu zen hiria, eta Augusto enperadorearen garaian Afrikako erromatar probintzien hiriburu izan zen. Garai hartan Alexandria eta Antiokiaren maila bereko hiria zen Kartago.

Kristautasunaren lehen aldietan garrantzi handiko kristautasungunea izan zen; bertako apezpiku izan ziren Tertuliano eta Zipriano santua, Elizaren gurasoak.

439an bandaloek hartu zuten hiria, eta haiek Ipar Afrikan eratutako erresumaren hiriburu izan zen; 533an bizantziarrek hartu zuten, eta azkenik 705ean arabiarrek konkistatu zuten. Garai horretatik aurrera Kartago hustu, eta Tunisko hiri berriak hartu zuen haren lekua.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kartago Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]