Kasandra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kasandra, Evelyn de Morganen margolana (1898, Londres). Kasandraren atzean, Troia hiria ageri da, sutan

Greziako mitologian, Kasandra (grekoa: Κασσάνδρα) Troiako Priamo erregearen eta Hekuba erreginaren alaba zen. Apolok, haren edertasuna saritzeko, profeziaren dohaina eman zion, edo, beste bertsio baten arabera, Apolorekin gaua pasatzearen truke eskuratu zuen dohaina. Baina, profeziak egiteko gaitasuna bereganatu ondoren, Kasandrak baztertu egin zuen Apolo. Orduan, Apolok madarikatu egin zuen; aurrerantzean, Kasandrak jarraituko zuen etorkizuna iragartzeko dohaina izaten, baina inork ez zizkion inoiz sinetsiko iragarpenak.

Kasandrak Troiaren suntsipena iragarri zuen (troiarrei kontuz ibiltzeko esan zien, Troiako Zaldiaz ez fidatzeko esan zien, eta Agamenon hilko zutela ere iragarri zuen), baina, haren zoritxarrerako, alferrik izan zen, iragarpenek ez zuten balio izan tragediak saihesteko, inork ez baitzion sinetsi.

Troiako gerra amaitu ondoren, etsaiak hiria arpilatzen ari zirela, Ajax Gazteak (Oileoren semea) Kasandra aurkitu zuen, eta bahitu eta bortxatu egin zuen. Oso ederra zenez, konkubina gisa eman zioten Mizenasko errege Agamenoni. Erregeak ez zekien haren emazte Klitemnestrak Egistorekin maitasun-harreman bat zuenik. Agamenon eta Kasandra Mizenasera itzuli zirenean, Klitemnestrak eta Egistok biak hil zituzten, Agamenon eta Kasandra. Beste bertsio baten arabera, Agamenonek eta Kasandrak bikiak izan zituzten, Teledamo eta Pelope, eta biak hil zituen Egistok.

Historiak zenbait bertsio ditu. Beste bertsio baten arabera, Kasandrak, artean haurra zela, Apoloren tenpluan igaro zuen gau bat bere anaia bikiarekin, eta tenpluko sugeek xurgatu eta garbitu zituzten bi haurren belarriak; horregatik, aurrerantzean etorkizuna entzun zezaketen. Greziako mitologian behin baino gehiagotan agertzen da gai hori.

Moldapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura modernoan, Kasandra, maiz, tragediaren eta maitasunaldiaren eredutzat erabiltzen da, eta zoro iragarlea sinbolizatzen du, iragarpen ilunak egiten dituen pertsona, zeinaren iragarpenak betetzen diren arte ez baitira ulertzen.

Bestalde, «Kasandraren sindromea» kontzeptua erabiltzen da etorkizuna ikus dezakeen baina etorkizuna saihesteko ezer egiterik ez daukana deskribatzeko.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kasandra Aldatu lotura Wikidatan