Keith James Laidler
Keith James Laidler britainiar kimikaria izan zen (Liverpool, Ingalaterra, 1916 - 2003). Bere jaioterrian eta Oxford eta Princetongo unibertsitateetan ikasi ondoren, kimika-irakasle izan zen Ottawako Unibertsitatean. Entzimen kimikan eta beste prozesu biokimikoetan aditua zen, eta aitzindari izan zen zinetika kimikoaren eta konplexu aktibatuaren teorien alorretan. Argitalpen ugariren egile izan zen, besteak beste: Chemical Kinetics (1950, Zinetika kimikoa); Chemistry of Enzymes (1954, Entzimen Kimika); Reaction Kinetics (1963, Erreakzio Zinetika); Principles of Chemistry (1966, Kimikaren hastapenak); Theories of Chemical Reaction Rates (1969, Erreakzio kimikoen lastertasunei buruzko teoriak); The Chemical Elements (1970, Kimika osagaiak); eta The World of Physical Chemistry (1993, Kimika Fisikoaren mundua). Hainbat sari jaso zituen, horien artean Kanadako Royal Society elkartearen Tory eta Centenary dominak. 1981az geroztik kimika-irakasle emeritua izan zen Ottawako Unibertsitatean.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.